Donostiako 74. Zinemaldia

Hamahiru herrialdetako hamalau film proiektatuko dituzte Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean

Jaime Lorenteren 'El mal hijo' lan luzeak irekiko du saila, eta Billy Lumbyren 'Florid' filmak itxiko du. Bi zinemagile horien eta beste askoren lehen film luzeak izango dira lehian. Beste batzuek, berriz, beren bigarren film luzeak erakutsiko dituzte.

Marta Madinabeitia eta Jose Luis Rebordinos, gaur, Zuzendari Berriak sailaren aurkezpenean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Marta Madinabeitia eta Jose Luis Rebordinos, gaur, Zuzendari Berriak sailaren aurkezpenean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko uztailaren 30a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta gutxiago falta da Donostiako Zinemaldiari hasiera emateko —irailaren 18tik 26ra egingo dute—, eta jada hasi dira pixkanaka-pixkanaka bertan proiektatuko dituzten zenbait lan aurkezten. Gaur, Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak eta Marta Madinabeitia Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak, Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren filmak aurkeztu dituzte hedabideen aurrean. Orotara, hamalau film aukeratu dituzte, Rebordinosek zehaztu duenez, aurkeztu diren guztietatik «gehien gustatu» zaizkienak. «Sail honetan askatasun handiagoa dugu guri gustatzen zaiguna aukeratzeko. Sail Ofizialean, berriz, irizpide batzuei jarraitzen diegu zorrotz aukeratzeko», argitu du. Saila osatuko duten hamalau filmetatik hiru uztailaren 17an aurkeztu zituzten, Madrilen.

Alemania, Bulgaria, Txile, Hego Korea, Espainia, Iran, Japonia, Kazakhstan, Mexiko, Norvegia, Erresuma Batua, Ukraina eta Taiwan. Herrialde horietako zinemagileak lehiatuko dira Zuzendari Berriak sailean, eta, askorentzat, aurkeztuko duten lehen lan luzea izango da. Jaime Lorente eta Billy Lumby dira zinemagile horietako bi: Lorenteren El mal hijo filmak irekiko du saila, eta Lumbyren Florid lanak itxi. Beste batzuek, berriz, bigarren lan luzea erakutsiko dute: esaterako, Kazuya Murayamak The Ballet Lesson aurkeztuko du, eta Rodrigo Garcia Saizek, berriz, Morro.

Aktoreak eta idazleak badira lehiatuko diren filmen zuzendarien artean. Rebordinosek adierazi du «betidanik» gertatu izan dela hori, baina aurten «bereziki nabarmena» dela. Aktoreak nabarmentzen dira horien artean gehien, eta Rebordinosek Lorente jarri du adibide gisa: «Bere bizitzarekin zerikusia duen film bat ondu du». Jaialdiko zuzendariak gaineratu du gero eta film gehiago egiten dituztela zuzendariek euren bizitzaren inguruan; izan ere, Lorentek ez ezik, Javier Giner zuzendariak ere hala egin du Esta soledad filmean. 

Askotariko gaiak filmetan

Filmetan jorratutako gaiak aipatuta, Rebordinos harritu da horietako batzuekin: «Badira zenbait film, batetik, ondoan daukagun pertsona ulertzen saiatzeari buruzkoak, eta, bestetik, bizitza goitik behera aldatu nahi duten jendeari buruzkoak». Lu Po-Shunek, adibidez, bi lagunen arteko harremana aztertu du Ri Guang lanean. Naemi Adak, berriz, bikote harreman toxiko bat izan du ardatz Body of glass filmean, eta Marlene Emilie Lyngstadek neska laguna utzi eta bizitza berri bati ekin nahi dion gizon baten istorioa kontatu du Cute filmean.

«Badira zenbait film ondoan daukagun pertsona ulertzen saiatzeari buruzkoak, baita bizitza goitik behera aldatu nahi duen jendeari buruzkoak ere»

JOSE LUIS REBORDINOS Donostiako Zinemaldiko zuzendaria

Beste hainbeste gai ere jorratu dituzte zuzendariek euren filmetan. Ayana Nurdinova zinemagileak, esaterako, musika irakasle batek duen krisi existentziala izan du langai Mugalim film luzean. Rebordinosek tramaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu: «Asko gustatzen zaion leku batera alde egiteko gogoaren eta bokazioaren artean aukeratu beharko du». Rodrigo Garcia Saiz zuzendari mexikarrak, berriz, Mateo albaitaria du protagonista Morro izeneko bere bigarren lan luzean; txakur bat zaintzeak bizitzari berriro zentzua aurkitzen lagunduko dio.

Horiez gain, osasun mentalari ere egin diote leku hainbat zuzendarik. Florid filmean, esaterako, Billy Lumbyk eskizofrenia duen pertsona baten kasua kontatu du. Osasun mentaleko bestelako arazo batzuk dituzten lagun batzuekin bizi da, eta, besteak beste, medikazioaren albo ondorioak erakutsi nahi izan ditu. Filmen zerrenda osatzen dute Thomas Woodrofferen Bloques errĂ¡ticos filmak, Kazuya Murayamaren The ballet lesson-ek, Hristo Simenov zuzendariaren Obuvkite na bashta mi-k eta Yoon Dan-Biren The world before lanak. Eta 2025ean WIP Europan aurkeztu zituzten bi film ere izango dira sailean: Tatjana Moutchniken Sieben tage februar eta Massih Parsaeiren Lovers sleep alone. Besteak beste, familia arazoak, heriotzaren ondorioak, identitatearen inguruko hausnarketak, eta beste leku batera joateak nerabe bati nola lagun diezaiokeen jorratuko dute lan horietan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA