Zinema

Koldo Almandozen eta David Perez Sañudoren filmak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean emango dituzte, lehiaz kanpo

Almandozek 'Azken agurra' aurkeztuko du, eta Perez Sañudok, berriz, 'Sacamantecas'. Oskar Alegriaren 'Hamalau gau' Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dute, eta Ander Merino eta Fermin Muguruzaren 'Muguruza FM 40 Tour' dokumentala, Belodromoan.

Koldo Almandozen 'Azken agurra' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Koldo Almandozen 'Azken agurra' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2026ko uztailaren 17a
13:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako 74. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra egingo dute, eta antolatzaileek gaur eman dute jaialdian parte hartuko duten hainbat filmen berri, Madrilen. Aurkezpenean iragarri dutenez, euskarazko bi film emango dituzte Sail Ofizialean, biak ala biak lehiaz kanpo eta emanaldi berezietan: Koldo Almandozen Azken agurra eta David Perez Sañudoren Sacamantecas.

Ez da hau izango Almandozek bere lan bat Zinemaldian aurkeztuko duen aurreneko aldia. Sipo Phantasma bere lehen film luzea Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zuten 2016an, eta, bi urte geroago, Oreina Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen. Joan den urtean, berriz, Zeru ahoak telesaila Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean ikusteko aukera izan zen.

Oraingoan, Iñigo Azpitarte eta Izaro Nieto protagonista dituen film bat aurkeztuko du jaialdian. Azpitartek hileta laiko pertsonalizatuen enpresa baten jabearen rola jokatzen du filmean, eta Nietok, enpresa horretan praktikak egiten ari den emakume gaztearena. Dramaren eta komediaren artean mugitu eta umore beltzez nahiz ironiaz zipriztindutako filma da Azken agurra, bizitzari eta heriotzari samurtasunez begiratzen diena.

David Perez Sañudok ere badaki zer den bere lanak Zinemaldian aurkeztea. 2020an Ane bere lehenengo filma aurkeztu zuen Zuzendari Berriak sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar saria nahiz Euskal Gidoigileen Elkartearen gidoi onenaren saria irabazi zituen. Alardea telesail laburra EITBren galan eman zuten 2020an, eta, orain dela bi urte, berriz, Azken erromantikoak filma estreinatu zuen Zuzendari Berriak sailean.

Juan Diaz de Garaiok XIX. mendean Gasteizen egin zituen hilketen gaineko filma da Sacamantecas. Bigarren Karlistaldia amaitzear dagoela, emakume batzuk itota agertzen dira hiriburuaren kanpoaldean, eta haietako baten ahizpa, Angela Berrostegieta, justizia eske hasteaz gain, kriminala Juan Diaz de Garaio nekazaria dela frogatzen saiatuko da. Bitartean, Pio Pinedo aguazilen buruak aurre egin beharko die gerra garaiko baliabide faltari eta agintarien presioei; izan ere, agintariek nahiago dute hilketak ezkutatzea.

Juan Diaz de Garaiok XIX. mendean Gasteizen egin zituen hilketen gaineko filma da 'Sacamantecas'

Pelikula euskaraz eta gaztelaniaz dago filmatua, eta protagonisten artean ditu Antonio de la Torre, Patricia Lopez Arnaiz, Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoi eta Haizea Carneros.

(ID_17842843939155) \'SACAMANTECAS\'
David Perez Sañudoren Sacamantecas filmeko sekuentzia bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Sail Ofizialetik kanpo ere izango da euskarazko lanik. Zabaltegi-Tabakalera sailean, esaterako, Hamalau gau lehiatuko da, Oskar Alegriak Jorge Oteizaren unibertsoa birsortzeko zuzendu duen filma. Lan horretan, besteak beste Josu Venero, Iban Urizar Amorante, Bertha Bermudez, Ramon Andres, Julia Otxoa, Josebe Blanco, Mixel Etxekopar eta Jean-Christophe Galtxetabururen ahotsak jaso ditu Alegriak. Zinemagileak Zabaltegi saileko emanaldi berezi batean eman zuen bere lehenengo filma, 2012an: Emak Bakia baita.

Bestalde, Belodromoan Muguruza FM 40 Tour estreinatuko dute, Ander Merinok eta Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentala. Musikariaren nazioarteko azken biran filmatutako lana da, eta, Donostiako Zinemaldiak azaldu duenez, «artistaren 40 urteko konpromisoa, erresistentzia kulturala eta nortasun kolektibo bihurtutako abestiak» erretratatzen ditu. Muguruzak ere behin baino gehiagotan aurkeztu ditu bere filmak Zinemaldian. Zinemiran aurkeztu zituen Checkpoint Rock (2009), Next Music Station: Lebanon (2011), NOLA? (2016), Black is Beltza (2018) eta Bidasoa 2018-2023 (2023); Zabaltegi-Bereziak sailean eman zuen Zuloak (2012); eta Belodromoan, azkenik, Black is Beltza II: Ainhoa (2022). 

(ID_17842853777025) \'MUGURUZA FM 40 TOUR\'
Fermin Muguruzaren azken biran filmatu dute Muguruza FM 40 Tour dokumentala. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Mikel Gurrea lehian

Sail Ofizialean izango diren beste zenbait film ere iragarri dituzte antolatzaileek. Horien artean dago Sants, Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren azken filma. Lali da filmeko protagonista. Ama hilzorian du, eta, horri aurre egin bitartean, irudi erlijiosoen lapurren talde batean sartuko da. Victoria Luengo eta Ariadna Gil dira filmeko aktore nagusiak. Gurreak Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztu zuen bere lehenengo film luzea, Suro, eta oraingoan ere Urrezko Maskorra irabazteko hautagaietako bat izango da Sants. Suro-rekin, Irizar eta Fipresci sariak eskuratu zituen, besteak beste.

Roberto Bueso zinemagileak, berriz, El mal padre bere hirugarren film luzea aurkeztuko du lehiara. Hainbat urtez elkarrengandik urrun egon ondoren, Santiago Balmes idazle eta akademiko ospetsuak (Eduard Fernandez) bere hiru seme-alabak bilduko ditu azken desio bat eskatzeko: Gabonak umetako uda etxean igarotzea.

Gurreak Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztu zuen bere lehenengo film luzea, 'Suro', eta oraingoan ere Urrezko Maskorra irabazteko hautagaietako bat izango da 'Sants'

Sail Ofizialeko lehian emango dute, halaber, 5 minutos más, Javier Ruiz Caldera zuzendari kataluniarraren azkeneko filma. Krisian dauden senar-emazte batzuen istorioa kontatzen du pelikulak: bikoteak asteburu bat igarotzea erabakiko du landa eremu isolatu bateko etxe batean. Han, etxea erakutsi eta giltzak emango dizkien agentziako arduradunarekin elkartuko dira, baina, halako batean, ezohiko zerbait gertatuko da: denborak bost minutu atzera egingo du. Javier Camara, Berto Romero eta Belen Cuesta dira filmeko protagonistak.

Zinemaldian izango diren beste hainbat filmen izenak ere jakinarazi dituzte. Isabel Peñak eta Eduardo Villanuevak idatzi eta Elena Martin Gimenok zuzendutako El castillo nahiz Carlos Torresen Mas allá de la sociedad telesailak Sail Ofizialean emango dituzte, biak ala biak lehiaz kanpo. Halaber, Sail Ofizialeko emanaldi berezi banatan emango dituzte Daniel Monzonen Ruega por nosotras zein Fernando Truebaren Bajañi filmak ere.

Bestalde, Zuzendari Berriak sailean lehiatuko dira Javier Ginerren Esta soledad, Jaime Lorenteren El mal hijo eta Tatjana Moutchniken Sieben Tage Februar; eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Meritxell Colell Aparicioren Lejos de los árboles, Bruno Dumonten Les Roches rouges, Isaki Lacuestaren Jaleos eta Tsai Ming-Liangen Dust.

Fernando EImbckeren Moscas, Diego Lunaren Ceniza en la boca, Manuela Martelliren El deshielo, Marcelo Martinessiren Narciso eta Fernanda Tovarren Chicas tristes Horizontes Latinos atalean emango dituzte, eta Javier Ambrossi eta Javier Calvoren La bola negra, berriz, Perlak-en. Azkenik, Aritz Morenoren Karateka Belodromoan ikusi ahal izango da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA