Hamar kultur ekitalditik lau izan ziren euskaraz iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Kultur programazioari buruzko 2025eko txostena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Denera, 22.425 kultur jarduera programatu zituzten, eta, Jaurlaritzaren ustez, «kultura bizia eta hurbila» dela ez ezik, «hazten» ari dela ere erakusten dute datuek.

Zetak taldearen 'Mitoaroa' kontzertuaren irudi bat, Donostian, iazko irailean. JON URBE / FOKU
Zetak taldearen 'Mitoaroa' kontzertuaren irudi bat, Donostian, iazko irailean. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2026ko urtarrilaren 27a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kultur jarduerak gora egin duela, euskarak presentzia handiagoa duela, eta irisgarritasunean eta hurbiltasunean oinarritutako eredua nagusi dela. Horiek dira, iazko kultur programazioaren datuei erreparatuta, Eusko Jaurlaritzak ateratako ondorio nagusiak. EAEko 2025eko programazio kulturalari buruzko txostena aurkeztu du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Eta, haren hitzetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kulturaren «hazkunde iraunkorra sendotu da, eta bizitasun sozialaren eta ongizate kolektiboaren adierazle nagusietako bat dela berretsi».

Kulturaren Euskal Behatokiak osatu du txostena, eta Kulturklik atarian jasotako informazioa izan du iturri nagusi horretarako —plataforma horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan programatutako kultur jarduerak biltzen ditu, hainbat instituzio, erakunde eta kultur eragileren informazioa baliatuta—. Datuon arabera, iaz 22.425 kultur jarduera programatu ziren hiru herrialdeotan, aurreko urtean baino %8,5 gehiago; horren arabera, egunean batez beste 61 kultur jarduera izan ziren. Zehaztu dute hazkunde hori ez dela puntuala; izan ere, datuak 2023koekin alderatuz gero, kultur programazioa %20 baino gehiago handitu da, arduradunen hitzetan. «Euskadiko kultura sistemaren joera egonkorra eta sendotasuna berresten ditu horrek, erakundeen, erakunde programatzaileen, artisten eta publikoaren arteko lankidetzan oinarritua».

Euskarazko kultur eskaintzari erreparatuta, txostenean jasotzen da kultur programazioaren «ia %40 euskaraz garatu» zela iaz, eta ehuneko horretatik gora izan zirela doako ekitaldiak.

Kontzertuak nagusi

Sektoreka, musikaren arloan programatu ziren kultur ekitaldi gehien: 5.898 kontzertu, denera. Hiru herrialdeetan «jarduera bolumen handiena duen eremua» litzateke, beraz, musikarena, txostenaren arabera. Musika garaikideak izan dira nagusi horietan, baina musika klasikoak eta beste genero batzuek «presentzia egonkorra» izan dute. Emanaldien erdiak doakoak izan direla nabarmendu dute, eta euskararen presentzia «esanguratsutzat» jo dute.

Arte eszenikoetan, berriz, 4.612 antzerki edo zirku emanaldi izan ziren iaz; horietatik %40 inguru euskaraz, eta gutxi gorabehera herenak doakoak. Dantzan, berriz, 927 emanaldi programatu ziren, eta hamarretik sei izan ziren doakoak.

Bertsolaritzak, bestalde, «jarduera sendo eta errotuari» eusten diola iritzi dio Jaurlaritzak. 1.063 bertso saio programatu ziren iaz hiru herrialdeetan, eta Gipuzkoan izan zuen «dentsitaterik handiena», datuen arabera. «Euskara da programazio osoaren komunikazio hizkuntza, eta horrek euskal kulturan betetzen duen eginkizun nagusia indartzen du».

Azkenik, iaz 1.313 erakusketa zabaldu zituzten, eta hamarretik zazpik arte garaikidea izan zuten ardatz nagusi.

Lurraldeka ere aletu dituzte datuak. Araban, 100.000 biztanleko 1.062 jarduera izan ziren iaz, eta, nabarmendu dutenez, programazioa eremu gehiagotan banatu zen, zeina mantendu ez ezik, hazi ere egin zen. Dena dela, Bizkaiak hartu zuen ekitaldi gehien, 10.136 denera, eta kultur programazio osoaren %45 bildu zuen herrialdeak. Eta Gipuzkoak, berriz, 100.000 biztanleko 1.199 jarduera hartu zituen —proportzioan, biztanleko gehien—. Bertso saioen kopurua azpimarratu dute: 78 saio izan ziren 100.000 biztanleko, «gainerako lurraldeetan baino askoz gehiago».

«Sistema finkatzea» xede

Aurrera begira, «kulturaren arloko hazkunde hori sendotzea» jarri du helburutzat Jaurlaritzak, eta «politika publiko egonkor eta anbiziotsuen bidez» lortu nahi du hori. Gogorarazi dutenez, aurten kulturaren arloak 86,6 milioi euroko diru saila izango du, eta 50,5 milioi euro erabiliko dituzte artistei eta kultur sektoreei zuzeneko laguntza emateko —laguntza ildo horien bidez, 2.000 proiektu baino gehiago lagunduko dituztela zehaztu dute—.

Euskal artearen sistema indartzea ere aipatu dute xedeen artean. Eta ikus-entzunezkoen sektoreari «arreta berezia» jarriko diotela ere bai, «sektore kultural osoaren herena baino gehiago hartzen baitu, eta sektore horrek egiten baitio ekonomiari ekarpenik handiena, 472 milioi euro ingurukoa». Arlo horretan, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, inbertsio gehiago lortzea eta euskararen presentzia indartzea aipatu dituzte helburutzat.

DATUak

22.425

Zenbat kultur ekitaldi denera. Iaz 22.425 kultur jarduera programatu zituzten denera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2024an baino %8,5 gehiago.

61

Batez beste zenbat ekitaldi egunean. Datuon arabera, batez beste, egunean 61 kultur ekitaldi izan ziren iaz hiru herrialdeotan.

5.898

Zenbat kontzertu. Musikaren arloan programatu ziren jarduera gehien: 5.898 kontzertu, denera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.