Kulturaren sustapenean, ikus-entzunezkoetan igoko da gehien Jaurlaritzaren aurrekontua

Kulturako eta Hizkuntza Politikako Sailak 413,7 milioi euroko diru saila izango du heldu den urtean; «inoizko handiena», Ibone Bengoetxea sailburuaren hitzetan. Kulturgileei beren lanaren «fase guztietan» laguntzeko asmoa agertu du, besteak beste.

Ibone Bengoetxea sailburua (eskuinean), bere saileko arduradunekin, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Ibone Bengoetxea sailburua (eskuinean), bere saileko arduradunekin, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Ainhoa Sarasola.
2025eko azaroaren 3a
18:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Kulturako eta Hizkuntza Politikako Sailak 413,7 milioi euroko aurrekontua izango du heldu den urtean. Aurten baino %5,5 handiagoa izango da kopurua, eta sailak inoiz izandako handiena, Ibone Bengoetxea Lehen lehendakariorde eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez. «Euskal gizartearen komunitate sena, identitatea eta ongizatea indartzea» da sailaren helburu nagusia, haren hitzetan. «Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa da kolektibo baten parte sentitzea, gure ongizatea zaintzea eta garenak izaten indartzen laguntzen digun horren aldeko apustua egitea». Eta xede horri erantzuteko prestatu duten aurrekontu proiektuaren nondik norakoak xehatu ditu Eusko Legebiltzarrean; alboan izan ditu Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria.

Sailaren lau lehentasun nagusiak aipatu ditu, lehen-lehenik, sailburuak: artistei eta sortzaileei laguntzea; kultur ondarea sustatzea; euskararen erabilera soziala bultzatzea; eta kirola, jarduera fisikoa eta bizi ohitura osasuntsuak sustatzea.

Iaz bezala, aurrekontuaren ia erdia EITBrako jarriko dute: 201,4 milioi euro —aurten baino %1,7 gehiago—. Kulturaren arloak 86,6 milioi euroko saila izango du denera, «euskal kultura sistema indartzeko eta artista, sortzaile eta ekoizleen lana aitortzeko». Sortzaileei beren lanaren «fase guztietan» laguntzeko asmoa agertu du sailburuak, «deialdiak, laguntzak eta nazioarteko proiekzioa indartuta», eta 50,5 milioi euro izango dira horretarako —%10,7 gehiago—. 

Arloka, ikus-entzunezkoen sektorearentzako aurrekontua handituko da gehien, %40 hain justu ere. 13,6 milioi euro izango dira denera arlo horretarako, eta horren barruan leudeke, besteak beste, zinema aretoetarako eta ikus-entzunezko laborategietarako deialdi berriak. Euskarazko ekoizpenei «arreta berezia» emango dietela ere adierazi du sailburuak. 

Abesbatzetarako, euskal dantzetarako eta bertsolaritzarako 440.000 euro jarriko dituzte. Etxepare Euskal Instituturako aurrekontua, berriz, 4,6 milioi eurokoa izango da —aurten baino 402.000 euro handiagoa—. Kulturaren Euskal Behatokia «indartzea» ere jarri du helburuen artean sailburuak. Eta 700.000 euroko partida bat iragarri du «eragin handiko» ekitaldi eta programetarako.

Kultur ondarearen kontserbazioa, digitalizazioa eta zabalkundea ere lehentasunen artean du sailak, Bengoetxearen hitzetan, eta horretarako 37,9 milioi euro baliatuko dituztela iragarri du —%5,4 gehiago—. Diru horrekin museoak berritu eta handitu nahi dituzte, eta bildumak digitalizatu, besteak beste. Ondare Digitaleko Laborategia sortzeko (300.000 euro) eta eLiburutegia modernizatzeko (180.000 euro) proiektuak ere aipatu ditu.

Doakotasuna «sendotu»

Hizkuntza politikari dagokionez, euskararen ezagutzan eta erabilera aktiboa sustatzean egin du azpimarra, eta 93,5 milioi eurorekin lagunduko dute helburu hori —%6,1 diru gehiagorekin—.

HABEk 64,5 milioi euro jasoko ditu —%9,2 gehiago—, «ikaskuntzaren doakotasuna sendotu, irakasleen baldintzak hobetu eta online prestakuntza sustatzeko». Hizkuntzaren erabilera bultzatzeko asmoari lotuta, berriz, Jauzia gara egitasmoa nabarmendu du, zeinak 450.000 euroko diru saila izango duen; haren bidez, «lan arloan, etorkinen integrazioan eta ikerketan» sustatu nahi dute euskara. Halaber, 11,7 milioi euro jarriko dituzte euskarazko hedabideetarako, eta 1,5 milioi euro Euskaltzaindirako.

Azkenik, kirola, jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko egitasmoetarako, 14,9 milioi euro agindu ditu sailburuak. 

datuak

86,6

KULTURA. Kulturaren arloak 86,6 milioi euro izango ditu denera. Horietatik 50,5 sortzaileei laguntzeko erabiliko dituztela iragarri dute.

93,5

HIZKUNTZA POLITIKA. Hizkuntza politikaren arloak 93,5 milioi euroko diru saila izango du: HABErako 64,5 milioi euro jarriko dituzte, eta ‘Jauzia gara’ egitasmorako, 450.000 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.