Zinema

Hamasei filmen bidez bistaratuko dute Lillian Hellman gidoigilearen obra Donostiako Zinemaldian

1935etik aitzinera eta 1999ra bitarte estreinatutako lanak bildu dituzte atzera begirakoan; William Wyler zuzendariarenak dira haietako bost. Hellmanen lanari eta bizialdiari buruzko liburu monografikoa ere argitaratuko dute, gaztelaniaz eta ingelesez.

William Wyler zuzendariak Lillian Hellmanen testuan oinarriturik eginiko 'The Little Foxes' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'The Little Foxes' filma, William Wyler zuzendariak Lillian Hellmanen testuan oinarriturik egina. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abuztuaren 7a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Misterio aire batek hartua da Lillian Hellman idazle eta gidoigilearen obra (New Orleans, AEB, 1905 - Massachusetts, AEB, 1984). Hori iritzi dio Donostiako Zinemaldiak, jaialdiaren aurtengo aldian atzera begirakoa hari eskainiko ziotela iragartzearekin batera azpimarratu zutenez. Orduan, zera ere nabarmendu zuten: urte luzez «enigma erabatekoa» izandako obra harexeri aitortza egitea eta hura ezagutaraztea izanen zutela helburu Donostiako Zinemaldiaren 73. aldian —irailaren 19tik 27ra eginen dute—. Horrenbestez, Hellmanen inguruko lanbroa desegiteko ahalegin gisara ere uler daiteke ekinbidea, eta, hain zuzen, horretarako prestatutako programazio eta edukiei buruzko beste detaile batzuk atera dituzte argitara gaur. Hellmanek bere ibilbidean eginiko urratsei segika, bide bat trazatu dute, eta, hala, 1935etik 1999ra bitartean estreinatutako hamasei film luzeko ziklo bat osatu. AEBetan ekoitziak dira lan guztiak.

Kasuan-kasuan, Hellmanen istorioek modu diferentean egin zuten pantaila handirainoko bidea. Izan ere, nobelak, memoria liburuak, antzezlanak eta gidoiak jorratu zituen bere bizialdian, eta, hortaz, gerora filmetan azaldutako pasarteak aurretiaz argitaratutako lanen moldaketak izan ziren hainbatetan. Beste batzuetan, aldiz, propio idatzi zituen zinemarako. Eta, inoiz, besteren lanen moldaketak ere egin zituen Hellmanek. Zinemaldiak osatutako programazioan, adar horien guztien adibideak ikusten ahalko dira pantailaraturik aurten. Diotenez, «Hollywoodek joan den mendeko 30eko hamarkadatik 60kora izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko» funtsezko obra bat erakutsiko dute.

Hellmanen beraren bilakaera ere agerian utzi nahian, ordena kronologikoari jarraikiz jaso dituzte filmak zikloan. Lehenbizikoa 1935ekoa da, The Dark Angel du izena, eta Sidney Franklinek zuzendu zuen. Hain zuzen ere, hura izan zen Hellman gidoigile aritu zen estreinako aldia. Zinemaldikoek nabarmendu dutenez, filma «gerraosteko ondorio emozionalei buruzko melodrama erromantiko bat» da. Umetan elkar ezagutu eta heldutan elkarrekin maiteminduta segitzen duen bikote baten istorioa da lanaren abiapuntua; korapiloa, gizona armadara joateko deia. Hellmanen hastapenak bistaratzeko balioko du film horren emanaldiak.

Tandema Wylerrekin

Gidoigileari eskainitako zikloan, hamasei filmetatik bost William Wylerrek zuzenduak dira, eta hori ezinbestean da Hellmanen eta zuzendariaren arteko harreman artistiko oparoaren erakusgarri. 1936ko These Three filmean ekin zioten elkarlanari: Hellmanek idatzitako The Children's Hour antzezlanaren lehenbiziko bertsioan oinarritu ziren. Unibertsitateko ikasle eta irakasle batzuen artekoa da trama, gutxi-asko, oinordetza eta iruzur eskandalu batek katramilatua. Besteak beste, Miriam Hopkins, Merle Oberon, Joel McCrea, Catherine Doucet eta Alma Kruger aktoreek jokatu zituzten pertsonaien rolak.

1936an urratzen hasi ziren bidean grinaz segitu zuten lanean Hellmanek eta Wylerrek, elkarrekin egin ere, eta horren adibide dira Donostian emanen dituzten beste lau film hauek ere: Dead End (1937), The Westerner (1940) —horretan, Hellmanek akreditatu gabe jardun zuen—, The Little Foxes (1941), eta The Chilldren's Hour (1961). Bereziki, aipatu azken bietan egin du azpimarra Zinemaldiak.

The Little Foxes filma Hellmanek idatzitako antzezlanean oinarritutakoa da. Istorioa XIX. mendearen bukaeran girotua dago, AEBetako hegoaldeko herri batean, eta Regina Giddens pertsonaiak (Bette Davis) familiaren herentzia osorik bereganatzeko egiten duen azpijoko «gupidagabea» da gai nagusia. The Children's Hour, berriz, 1936ko These Three lanaren moldaketa gisara aurkeztu dute zenbaitek. Hogei urte baino gehiagoren ondotik, zuzendariak eta idazleak berriz heldu zioten istorio horri, eta kutsu modernoagoa erantsi. Lan horretan, hori bai, Audrey Hepburn eta Shirley MacLaine aktoreek jokatu zuten protagonisten rola.

(ID_17545603401575) \'THE CHASE\'
Horton Footeren eleberritik tiraka, The Chase (1966) filmerako gidoia ondu zuen Hellmanek. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Hellmanek 1960ko hamarkadan eta ordutik aurrera landutako zinematografia azalera ateratzeko balio dute zikloan sartu dituzten film hauek: Toys in the Attic (1963, George Roy Hill), The Chase (1966, Arthur Penn) eta Julia (1977, Fred Zinnemann). Azken horrek agerian uzten du zer-nolako garrantzia izan zuten Hellmanen memoria liburuek bere obran. Izan ere, Pentimetro izenburuko memoria liburuan dago oinarrituta filma —testuotan, nabarmena da AEBetako Alderdi Komunistaren orbitako idazle Dashiel Hammet, harreman estua baitzuen Hellmanekin—. Filmean, Jane Fondak jokatu zuen Hellmanen pertsonaia, eta Jason Robardsek Hammetena.

Hellman hil ondorenean estreinatutako Dash and Lilly (1999, Kathy Bates) filmak itxiko du zikloa. Estreinatu zenerako, hamabost urte ziren Hellman hila zela. Eta film hori ere hark idatzitako liburu autobiografiko batean oinarritua dago, hain zuzen, Scoundrel Time memoria liburuan (1976). «Makartismoaren sorgin ehizaren» eta Jokabide Antiamerikarren Batzordearen garaian ardazten da, eta, gidoigileak idatzitako oroitzei segika, Hellmanen eta Hammetten arteko harremanari buruz mintzo da batik bat.

Idatzita gelditu dadin

Iragarria zenez, Lillian Hellmani buruzko liburu monografiko bat ere kaleratuko dute atzera begirako zikloaren karietara. Zinemaldiak zabaldutako informazioaren arabera, Lillian Hellman. FicciĂ³n, memoria y compromiso du izena (Lillian Hellman. Fikzioa, memoria eta konpromisoa), eta gaztelaniaz eta ingelesez argitaratuko dute. Maria Adellek, Hannah McGillek eta Nuria Vidalek idatzi dute —kapitulu bana egin du bakoitzak—, eta Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak egin ditu edizio lanak.

Nabarmendu dutenez, Hellmanen zinematografiari ez ezik, gai hauei ere erreparatu diete liburua ontzeko: antzerki lanei, memoria liburuei eta haien ondorioz piztutako «polemikei», errealitatea irudikatzeko zeukan manerari, obretan islatutako eduki politikoari eta McCarthyren sorgin ehizaren garaian Hellmanek berak hartutako posizioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.