Piedra Buena du izena lekuak. Buenos Airesen dago, Villa Lugano auzoko etxadi bat da. Bi fasetan eraiki zuten, 1957an eta 70eko hamarkadako azken urteetan. Emakume arkitekto bi aritu ziren eraikuntza eta zerbitzu guztietarako porlanezko bloke erraldoiak asmatzen. Hona hemen izenak: Flora Manteola, Josefa Santos. Ikaragarria lekua, pisu anitzeko dorreak, etxebizitza familiabakarrak, babes ofizialeko etxebizitzak, plazak eta gas edo ur tanke erraldoiak. Jardinak ere badaude. Barka, bazeuden, orain mortuak edo zabortegiak baino ez baitira.
Krisialdi eternalean bizi den Argentinan krisialdi eternalean bizi(herio)rauten dute porlanezko, burdinazko, kristalezko, zuntzezko jiganteek. Baita haragi-hezurrezko kreaturek ere. Aspaldi zaharrean utzi zion Piedra Buenak Harri-ona izateari. Taxistek errefus egiten zuten beti, beraiek ez ziren inolaz ere sartuko BOEko monobloke inguruetan. Dena hasi zen usteltzen, herdoiltzen, zikintzen. Bai eraikinak, bai bizimoduak. Droga sartu zen. Morfina ere bai, morfina faltsutua. Gaitza ere (maiuskulaz), gaizkileak ere (minuskulaz) sartu ziren auzoan. Ustez eta omen zintzoak ziren bizilagunek lapurren kontrako taldeak sortu zituzten, gaiztaginak baino arriskutsuagoak zirenak.
Hala ere, Piedra Buenan nola edo hala irauten zuten horiengan auzo sentimendu sendo eta sakona zegoen. Sutan. Asanbladak egiten ziren. Eskua jasota bozkatzen ziren gaiak. Onerako. Txarrerako eskua jasota. Rocka ere hor zebilen. Uluka. Hor ziren harro eta itzel, esaterako, Viejas Locas taldekoak.
Gasa ez zebilen ondo. Ura pozoitua zen. Krisialdi eternalak (barrukoak zein kanpokoak, nazionalak zein bertakoak) pitzatu zuen dena.
Zelako eszenatokia beldurrezko, izuzko, ikarazko, terrorezko kontakizun/salaketa baterako! Hala ulertu zuen Mariana Enriquez idazleak. Marianak beti jakin du horrorea gurekin, gugan eta gurean dabilela; eskuak harturik, besoz beso gabiltza bizitzan, eta herioan ere bai.
Hala ulertu zuen Pablo Larrain zinemagile txiletarrak. Amaigabea da haren zinema proposamenen zerrenda arriskuz gainezkatua: El Club, Ema, No, Jackie, Spencer, El Conde, Post Morten, Tony Manero…
Idatzi zuen Marianak Mis muertos tristes ipuin malapartatua, euskaraz ez dugun Un lugar soleado para gente sombria (Jende ilunarentzako leku eguzkitsua) bilduman agertzen dena.
Euskaraz ez dugu, ez. Bai, ordea, frantsesez, Anne Plantegenetek itzulia (Un lieu ensoleillé pour personnes sombres). Idatzi zuen Marianak, Argentinako, Buenos Aireseko, Piedra Buenako gaztelania basa eta biziz Nire hildako tristeak, inon, inoiz irakurriko duzuen narraziorik triste-gozo-krudel-bortitz-malenkoniatsu-garratzena.
Otu zitzaion Pablori irudietan jartzea. Konbentzitu zuen, zuten, Netflix plataforma proiektua diruztatzeko. 57 egunez filmatu zuten.
Paperean, pantailan, Piedra Buenan hildakoek guk entzutea eskatzen digute, erregutzen digute, exijitzen digute. Gehienek ez zuten hil nahi. Minak, beldurrak harturik hil ziren gehienak. Askok, berriz, hil eta gero bizitza politagoa izango zelakoan egin zuten beren buruaz beste.
Hildakoak hor daude. Piedra Buenan hainbat bizidunek entzun egiten dituzte. Ikusi egiten dituzte. Beraiek ere penatan daude. Familia kontuak, bizitza kontuak, lan kontuak, auzo kontuak, herrialde kontuak... Alta, badakite hildakoak kontsolatzen.
Donostiako Zinemaldian Nire hildako tristeak horrek dituen baino irudi eta hitz sorta gibelagorik ez genuen entzun, ez genuen ikusi, ez genuen dastatu, barneratu. Niri min izugarri epela ematen dit filmak; ezin, ordea, begiak aldendu nire etxe barruko pantailatik.
Euskal Herri osoan dugu eskura. Gustatzen zait bertan bai bizidunen bai hildakoen harridura. Zerekiko? Bizitzarekiko. Herioarekiko. Geure buruarekiko. Eta bai, Pidra Buenan baino ezin kokatu, ezin filmatu. Ur-tankearen inguruko, barruko, gaineko eszenek parekorik ez zuten izan Donostiako zine jai osoan.
Triste daude gure hildakoak. Triste gaude gu. Baina askotan hain da abegikorra tristezia...
