Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Harribitxi bat dir-dirka Miarritzen

Julio Soto gailendu da laugarren finalaurrekoan, 733,5 punturekin, eta itxi da hurrengo fasea: hemezortzi bertsolarik egin dute aitzinera. Colinak egin du bigarren, eta, gibeletik, Txoperena, Etxeberria, Arzallus eta Rekondo sailkatu dira.

Julio Soto, gaur, Miarritzeko finalaurrekoan. NATHALIE GUIRONNET
Julio Soto, gaur, Miarritzeko finalaurrekoan. NATHALIE GUIRONNET
Iratxe Muxika
Miarritze
2026ko azaroaren 14a
22:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurkoak ere bazuen aski morbo: Miarritzeko (Lapurdi) oholtza gainean erabakiko zen 24 bertsolaritatik zein hemezortzik eginen zuten aitzinera, edo zein sei geldituko ziren aitzinera egin ezinik. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehendabiziko bueltako azken saioa izan da, eta emozio nahasketa bat izan da, nagusiki: urduritasuna, poza, pena, tentsioa, presioa eta ezinegona. Eta egon da poz erantsi bat ere: txapelketa honetan lehendabiziko aldiz igo dela oholtzara Sustrai Colina Akordarrementeria. Edonola ere, ororen gainetik, harribitxi batek egi du dir-dir oholtzan: Julio Soto Ezkurdiak. Saio eder-ederra egin du, nola bakarka hala bikoteka, eta ongi merezita eginen du txapelketan aitzinera. Bete du emandako hitza: «Gaur gatoz sortu nahian/ zenbait harribitxi/ eder Miarritzi».

Bortz bertsolari izan ditu irabazleak aldean, eta halaxe sailkatu ditu epaimahaiak: Sustrai Colina (713 puntu), Maddi Ane Txoperena Iribarren (682 puntu), Oier Etxeberria Zubimendi (672,5 puntu), Maddalen Arzallus Antia (672,5 puntu) eta Andoni Rekondo Izagirre (660 puntu). Saio nahiko gorabeheratsua egin dute, baina norberak utzi du bere arrastoa bidean. Sotok ez du atseden hartzeko astirik izanen, heldu den astean kantatuko baitu Donostian, bigarren bueltako estreinako saioan, eta huraxe izanen da finalera sartzeko egin beharko duen azkeneko proba.

Eta, horrenbertzez, hemezortzi bertsolari hauek sailkatu dira hurrengo faserako: Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Miren Artetxe, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Aitor Bizkarra, Saioa Alkaiza, Agin Laburu, Maddi Ane Txoperena eta Xabat Illarregi.

sailkapen orokorra

1.    Amets Arzallus    746,5
2.    Nerea Ibarzabal    740
3.    Julio Soto    733,5
4.    Beñat Gaztelumendi    733
5.    Alaia Martin    722
6.    Miren Artetxe    713,5
7.    Sustrai Colina    713
8.    Aitor Mendiluze    713
9.    Aner Peritz    707
10.    Joanes Illarregi    707
11.    Ane Labaka    703,5
12.    Oihana Iguaran    701,5
13.    Nerea Elustondo    696
14.    Aitor Bizkarra    694
15.    Saioa Alkaiza    689,5
16.    Agin Laburu    687
17.    Maddi Ane Txoperena    682
18.    Xabat Illarregi    674,5

Ekhi Erremundegi Beloki gai emaileak gidatuta sartu dira seiak, eta, agur bana botata, zortziko handiari ekin diote. Etxeberria eta Colina hasi dira indartsuen, inguruko masifikazioari begira ari ziren bi surflariren gorputzetik. «Dagoeneko surfa moda da/ jasaterik ez duguna/ ta turismoa olatu bat da/ gainetik pasa zaiguna», hasi da Colina goitik, eta erantzun Etxeberriak: «Errespetuan jokatuz gero/ ez litzake arazoa/ baina zenbaitek ez du bereizten/ piszina ta itsasoa». Bikain borobildu du Colinak atzera: «Ez ote dira ba kapitalak/ sortutako jende mota/ ta kapitalak dena agortzen du/ erabili eta bota».

Zortziko txikian irriz leher egin du jendeak; Sotoren eta Colinaren lanarekin, bereziki. Bi ehiztari izan dira, eta Colinak, zeruan zerbait mugitzen ari zela eta, tiro bat bota du urrunera. «Zerbait mugitu da zuk/ tiratzeko aski/ ez da birigarro bat/ baina ez dago gaizki», hasi da Soto. Alegia, ez zela hegaztia, baizik eta dronea. «Ez nuke esango gustu/ eskasa daukanik/ ta gainera ez dauka/ lumatzeko lanik», erantzun zirikan, Colinak. Eta tonuari eutsi Sotok: «Drone haundi honekin/ egin dugu topo/ txikiagoa balitz/ ez zenuke joko». Droneak AEBetako bandera bat zeukala gaineratu du, eta berehalakoan erantzun Colinak: «Hor omen daukagu Trump/ bat eta bakarra/ derrepente pasa zait/ punteria txarra».

Puntuka, lehertu

Bigarren faseko lehenengo buelta izan da aurreneko aldia bertsolariak puntuka aritu direna, eta orain arteko puntukako saiorik onena gaur gertatu da, Rekondoren eta Sotoren ahotik. Bereziki ongi eta bereziki arin aritu dira biak. Bi lagun izan dira, beste lagun baten 2 urteko umea zaintzen hasi berritan. Rekondok bota du lehen puntua: «Haurrak maitatzen ditut/ bost minuturako/ ba hau utzi digute/ ja gau osorako/ arduraduna dago/ etxetikan kanpo/ ta frigorifikoan/ bi izter oilasko». Eta hona erantzuna, Soto hasita: «Zer dira, guretzako/ edo haurrarentzat?/ nik gose pixkat ere/ ekarri det behintzat/ kakaztuta dauzka ja/ painalaren ertzak/ bai, ikusi dizkiot/ iztar erdi beltzak». Eta bikain itxi dute saioa, Soto abiatuta: «Ordu erdi pasa da/ eta hemen gaude/ oraindik painalik/ ere aldatu gabe/ eskerrak gu ez garen/ ume baten jabe/ joan ta haurrari jarri/ aita parez pare».

Iritsi da bakarkakoen txanda, eta Txoperena izan da kantatzen aurrena. Bikotekidearen herrira joana zen bizitzera, baina, urteak pasatuagatik, oraindik ez zuen zirkulu sozial propiorik. Haurrak dituzten emakumeek soilik hartzen zuten bero: «Eta kalera ateratzen naiz/ ahal dela asteburuero/ baina jendea gutti da hemen/ beraz zer nuke espero/ nere mutilan neska lagunak/ soilik ditut lagun-edo». Azkenerako, mutil lagunari zuzentzea erabaki zuen: «Galdera bat dut buruan eta/ nahasia dit barrena/ mutil ona al da lagunak iten/ lagundu nahi ez nauena?».

Rekondok urteak zeramatzan jostun izaten, eta geroz eta ilara handiagoa zeukan atean zain. Familiako enpresa bat irudikatu du, eta bizimoduari egotzi dio jostunarengana joatea: «Zeren gaur egun ezin duenak/ hil bukaerara iritsi/ soldata ona izanagatik/ ezin baitu duin bizi». Borobiltzeko, bezeroei ez ezik, gizarteari hasi zaio kantuan: «Sekula heldu ez den jendea/ orain etortzen hasi da/ horrek zabaldu du nik bertatik/ izandako perspektiba/ mostradoretik hala ari naiz/ gizarteari begira/ baina guztia konpontzekotan/ partxe asko behar dira».

Arzallusi depresioa diagnostikatu zioten orain bi urte, eta tratamenduan izan da geroztik. Azken pilula hartzekoa zen, eta hiru bertso eder josi ditu. Nabarmentzekoa da, gainera, lehen eta bigarren bertso artean ibilgailu baten sirena hotsek eten dutela isilunea, eta zail izan duela kontzentratzen. «Mezuak horrela dio/ guztia dela pasatzen/ baina erori zaitezkeenik/ ez dizu inork kontatzen», hasi da kantari, eta borobil akabatu: «Ze, aurrera egitea/ horixe zen nere nahia/ nahiz ta oraindik ez naizen/ neska bixkor ta alaia/ bukatu dira pilulak/ heldu da nere garaia/ ea goza dezakedan/ bizitza honen bidaia».

Lehendik ere ari zen dir-dirka, baina bakarka egin du salto Sotok, eta goi-goitiraino. Alaba ikusi du eskolako motxilan janaria sartzen; bere klasekide batentzat zen, hark ez zuelako atsedenaldian jatekorik eramaten. Buruz ikasteko moduko hiru bertso osatu ditu: «‘Aita, Omarrentzat da hau/ ez da niretzat, sinetsi’/ hark ez baitu jatekorik/ hark dauzka bi ezpain hertsi/ ta sentitu dut irripar/ bat aterata ihesi/ gure alaba ttikia/ ez dugula gaizki hezi». Egoera gordin egonagatik ikusi du esperantzarik, eta alaba laguntzea erdietsi du: «Zapatak ipini ditut/ ta zera hausnartzen nago/ gure alabaren gelan/ baldin bada hainbat aho/ gaur okindegira jaitsi/ eta zabalik badago/ erosi behar dudala/ ogi pixka bat gehiago».

Etxeberria, berriz, lehen aldiz joan da drag ikuskizun batera, eta mundu berri bat ireki zaio. «Makillajea azpian hartu/ bakoitzak nahi duen taila/ gaurkoa lehen ikuskizuna/ eta atzetik ze saila/ errespetatzen erraza dugu/ baina bultzatzea zaila». Eta kantatzen azkena, Colina; lan txukun-txukuna egin du hark ere, poto bat erori arren. Seme-alabak independizatuta, haiek utzitako logela hutsa alokairuan jartzea erabaki du. «Ta mutil bat hurbildu zait/ aski eskertua bera/ ea gozatu dezakeen/ eskainitako aukera/ ta ongi konpontzen garen/ bi bakardade batera». Alarguna dela kontatu du, eta aitortu faltan sumatzen dituela bi semeak: «Ordea semeak datoz/ ta ez axolagabeki/ euren aitaren etxera/ itzuli nahian libreki/ nik esan diet: ‘Zatozte/ lasai atea ireki/ gela ez baina etxea/ zuena izango da beti’».

Hamarreko txikiarekin bukatu da saioa, duin, eta Txoperena eta Sotok osatu dute lanik borobilena. Ipar Euskal Herriko bi lagun izan dira, zinemazaleak. Txoperenak filmak Ipar Euskal Herrira iritsi arte ez zituen ikusten, eta Sotok nahiago zuen Hego Euskal Herrira joan, lehenago estreinatzen baitziren han.  «Iparrean lehenago/ jartzeko nik uste/ Bizkarsoro gehiago/ behar genituzke», bota dio Sotok, eta egoki erantzun lagunak: «Kultura politikei/ emanez segida/ hemengo aretoak/ sustatu behar dira». Txaloka jarri ditu entzuleak, gero, Sotoren honek: «Guk haurretan Wazemank/ ikusten genuen/ orain konturatzen naiz/ zeinen berandu den/ ETB1ek zenbat/ kalte egin duen».  Eta irtenbidea bota Txoperenak: «Detaileak ikusteko/ bada aski motibo/ hemen ikus ezazu/ film bera berriro».

Bukatu da saioa, eta puntuazioa aditu nahian geratu da publikoa; aspaldi entzun gabeko txalo zaparrada egin diote Sotori. Bakoitzaren puntuak jakinda, hurrengo faserako gogotsu hustu da Miarritzeko pilotalekua. Hurbilago dago finala.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA