Jendetza Miarritzen, eta ikusmina, finalerdietako lehen itzuliko azken saioa izanik bigarren itzulira zein bertsolari eta, garrantzitsuagoa dena, zer-nolako aukerekin igaroko zen jakiteko. Panorama pixka bat argitu da, baina pixka bat bakarrik. Hala ere, erraz xamarra da laburpen bat egitea: Nafarroa Arenako aulkia erdi ziurtatuta daukaten bertsolariek (sailkapenari begiratu azkarra emanda, bost) lanaren bigarren zatia egitea falta dute, eta oraindik zintzilik dauden bi aulkiak lortzeko borroka latza egongo dela, hots, Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze vs dozena erdi laguneko hautagai kuadrilla, nor bere ezaugarri eta puntuekin.
Ikusi gehiago
Denok dauzkagu gure bertsolari kuttunak, zer esanik ez bertsoa norgehiagoka testuinguru batean kokatzen dugun unean. Onar dezagun, denok desio dugu honek aurrera egin eta hura bidean geratzea, asmo txarrez ez bada ere. Julio Sotoren kasua, ordea, berezia da, gutxi baitira bere moduan bertsolari, esan dezagun, unibertsalki kuttunak. Orain lau urte danbateko batez itxi zen bere muturren aurrean Nafarroa Arenako atea, eta aurten, lau urte hauetan kolpe hartatik indarberrituta, zorrak kitatzeko moduan egon daitekeela dirudi. Saio ederra ondu zuen hasi eta buka, benetako Julio Sotoren paperean sartuta. Goia jo zuen zortziko txikian Sustrai Colinarekin, drone bat bota berri duten ehiztarien azalean, eta Andoni Rekondorekin puntukakoan, lagun baten umea zaintzeko ahaleginean, umearen kaka gora eta behera. Saio guztian zehar elementu eta erreferentzia egokiak bertsotara ekartzeko ahalegin itzela egin zuen, horren adibide saioaren amaieran hamarreko txikikoan euskal zinemagintza kontenporaneoaz eman zuen ikasgaia. Puntu zakukada eta oso gutxitan bezalako txalo zaparrada hunkigarri batekin etxera. Aurten bai, Julio!
Kartelburu nabarmena zen Miarritzen Sustrai Colina. 2001ean Legazpiko kanporaketa urrun hartan guztiok txunditu eta urte hartako finalean lehen aldiz kantatu zuenetik, edo lehenagotik, goi mailan. Bere zigilua utzi zuen mikrora hurbildu zen aldiro, eta kilate askoko bertsoak oparitu zizkigun. Poto egin zuen, ordea, gutxien espero genuenean, bakarkakoan. Izen handien gaitza ote da aurten?  Â
Maddi Ane Txoperena izan zen hirugarren; ez zuen bere arratsalderik onena izan hendaiarrak. Bertsotan nor den erakutsi nahi eta ezina, edo agian beragandik denok gehiago espero genuela, edo bi gauzak batera. Ia ezer ez zitzaiola nahi moduan atera. Gasteizen txapelketa hau aho zapore gozoarekin amaitzeko parada izango du. Oier Etxeberria irteerarik gabeko kaleetatik ihes egiteko ahaleginean aritu zen. Arrazoiketa pausatua bertsotara ekartzeko sekulako gaitasuna dauka, eta bertso askotan utzi zituen gaitasun horren zertzeladak, baina ez zitzaizkion parera etorri gaiak, zenbaitetan, edo kantu kideak hartutako erabakiak, besteetan, uneoro elementuen aurka borrokan aritu behar izateraino. Maddalen Arzallus ere ez da bigarren itzulian egongo. Bertsotan egin zuen Miarritzen ere, eta bere zigilua utzi du txapelketa honetan. Andoni Rekondori dagokionez, gauza politak eta irristadak tartekatu zituen, eta lehen faseko puntukako saio onentsuenean protagonista izateko aukera izan zuen. Ez da gutxi!