Harrikada jaialdiaren antolatzaileek jarduna etengo dute aldi batez

Harrika kolektiboa Harrikada tekno jaialdia antolatzen aritu da Araban azken bi urteotan. Urte amaierara arteko etenaldia egingo duela iragarri du, «barrura begiratu eta indarrak berritu» nahi dituelako.

DJ Om Lila Harrikada festibalean, aurtengo uztailean, Izarran. OLI ARTOLA APEZTEGIA
DJ Om Lila Harrikada festibalean, aurtengo uztailean, Izarran. OLI ARTOLA APEZTEGIA
edurne begiristain
2025eko irailaren 30a
11:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Harrika kolektiboak jakinarazi du jarduera eten egingo duela urte amaierara arte. Besteak beste, Harrikada jaialdia antolatzen aritu da azken bi urteetan Araban. Tekno musika oinarri hartuta, queer eta identitate disidenteen defentsa du ardatz jaialdi horrek. Aurtengo uztailean egin zuten jaialdiaren bigarren aldia, Izarran, hiru egunez. Kolektiboak sare sozialen bidez jakinarazi du jarduera etetea erabaki duela hilabete batzuez behintzat. Azaldu duenez, taldearen printzipioei eusteko, «barrura begiratzeko» eta kolektiboaren «indarrak berritzeko» egingo dute etena. Eta orduan erabakiko dute zer egin gerora.

Kolektiboak azpimarratu duenez, «feminismoak eta zaintzaren ikuspegi politikoak» zeharkatzen dute haien jarduera guztia. Horregatik, beharrezkotzat jo dute hausnarketarako eta egitura berreraikitzeko denbora hartzea, itzulera «argitasun, koherentzia eta indar handiagoz» egin ahal izateko.

Kolektiboak, sare sozialetan zabaldu duen mezuan, eskerrak eman dizkie egitasmoetan parte hartu dutenei eta komunitatearen parte izan direnei. Nabarmendu duenez, «zaintza, borroka eta disidentzia» dira festak egiteko eta harreman «bidezkoagoak» eraikitzeko oinarriak, eta bide horren alde lanean jarraituko du.

Azken urteotan, bestelako ekinaldien antolatzaile ere izan da Harrika kolektiboa, eta, musika elektronikoa oinarri hartuta, LGTBI komunitatea, genero disidentek eta emakumeak erdigunean jarri dituzten hainbat proiektu jarri ditu martxan. Adibidez, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan hilabetero festak antolatu izan ditu LGTBI komunitateko artistak oholtzara igotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.