Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko asmoz, egonaldia hasi dute Ikusmira Berriak programaren hamabigarren edizioan hautatutako sei zinemagileek. Jakinak ziren hautatuak, baina gaur aurkeztu dute nor izango den bakoitzaren tutorea. Izan ere, bidean ez zaie adituen laguntza faltako: tutoreez gain, Harkaitz Cano idazleak, Lucile Hadzihalilovic zinemagileak eta Victor Iriarte zuzendariak idazketa tailerrak eta irudi sorkuntzako tailerrak emango dizkiete.
Bi tutore izango ditu Ekain Albite zumaiarrak Akira filma ekoizteko: Santiago Fillol errealizadore eta gidoilari argentinarra, eta Alexandre Koberidze zuzendari eta gidoilari georgiarra. Albiteren lehen film luzea izango da, eta bi txatar biltzaile georgiar ditu protagonista. Lemoizko (Bizkaia) zentral nuklearretik haien sorterrira bitarteko bidaia erakutsiko du filmak, eta, beraz, road movie espektral bat izango dela argitu du zinemagileak.
Gala Hernandez Lopezek Desiree de Fez izango du tutore; idazle, zinema kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kide da De Fez. Los animales magneticos beldurrezko filma ekoitziko du Hernandezek, eta, besteak beste, amatasuna izango du hizpide. Bestalde, Rod Llaveriasek ere emakumeengan jarriko du arreta. La Canicula izena du haren lanak, eta zaintzari, doluari, traumei eta identitateei buruz hitz egingo du; zehazki, lau emakume dominikar ditu protagonista. Maria Alche zuzendari eta aktore argentinarrak lagunduko du sorkuntza prozesuan.
Ines Nunesek Tizza Covi zinemagile, gidoilari eta argazkilari italiarra izango du tutore The Spirit Healer is Away for the Weekend izeneko film luzea garatzeko. Algarven dago girotua, eta hala berotik nola turismotik babestu nahiko duten bi emakume ditu protagonista. Bestalde, Valeria Hofmannek Juliana Rojas zuzendari brasildarraren laguntza izango du Deamon filma egiteko, eta, azkenik, Kavich Neangek Anna Ciennik gidoilari eta kontsultaria izango du aholkulari Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy filma ekoizteko. Familiari eta testuinguru autoritarioei buruzko gogoetak pantaila aurrera eraman nahi ditu Neangek.
Zinema eskutik eskura
Martxoaren 9tik geroztik, Donostiako Tabakalerako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian ari dira lanean sei zinemagileak. Antolatzaileen esanetan, hautatuek apirilaren 19ra bitarte eskura izango dituzte «denbora, espazioa, testuingurua eta baliabideak»; gainera, ekainean 5.000 euroko diru laguntza jasoko dute, eta, azkenik, irailean Donostiara itzuliko dira —Zinemaldiarekin batera— egonaldiaren azken bi asteak bertan igarotzeko. Fase horretan, zinemaren industriako profesionalei beren proiektuak aurkezteko aukera izango dute.
Dena den, larunbatean seikoteak aurretik kaleratutako lanak ezagutzeko, fim laburren emanaldia ospatuko dute Tabakalerako zinema aretoan, 19:00etan hasita. Hauexek izango dira aurkeztuko dituzten filmak: Laiotz (Ekain Albite, 2023), +10K (Gala Hernandez Lopez, 2025), Solidao dos Lagartos / The Loneliness of Lizards (Ines Nunes, 2025), Tropicalía (Rod Llaverias, 2022), Alien0089 (Valeria Hofmann, 2023) eta Three Wheels (Kavich Neang, 2015).