Juan gelman
Argitaletxea. Susa.
Bilduma. Munduko Poesia Kaiera.Itzultzailea: Bego Montorio.
Juan Gelmanen poemetan kaleko eta barneko ahotsak, erbestekoak, iraultzarenak eta maitasunarenak nahasten dira. Bilaketa eta lanketa etengabean ezinbestean trabatutako poeta, kazetaria, aita, militantea... izan zen, iraultzaile derrotatua, trabatua bezain tematua. Obsesioari tiraka idazten zuela zioen, eta pasarte batzuk arreak izan arren, badira eguzki beteko argia ematen dutenak ere, dena bere horretan islatzen dutenak. 2007ko elkarrizketa batean hala ziotson Javier Rodriguezi: «Poetak, irakurlearentzat idazten badu, iruzur egiten dio. Baita bere buruari ere. Hala dio batek: ilun dago hau, baina hau da gertatu zitzaidana».
Buenos Airesen 1930ean jaioa, gaztetatik lotu zitzaion literatura eta jardun politikoari, eta biak elkartzen zituen El Pan Duro (Ogi gogorra) taldean aritu zen. Kazetari gisa ere jardun zuen hainbat hedabidetan, bizitza osoan zehar jorratuko zuen zereginean. Argentinako garai politiko gogorretan izan zen militante, besteak beste FAR gerrillan, eta Montoneroen prentsa arduradun ere aritu zen gero. Videlaren diktadura indarrez ezartzerako begitan hartua zuten, beste milaka eta milaka militante eta herritarrekin egin bezala, beharbada, torturatu eta desagerrarazteko. Gelman ez zuten bere etxean topatu, baina bertan zeuden Nora alaba, Marcelo semea eta haurdun zegoen Maria Claudia erraina bahitu zituzten militarrek 1976an. Erbestean, diktaduraren salaketa nazioartean zabaltzeko lanetan jardun zuen, eta ez zen sekula erabat Argentinara itzuli.
Gurean 1991tik dugu Gelman joan-etorrian: Joxerra Egiluzek itzulitako poema bat agertu zen urte hartan Susa aldizkarian; Koldo Izagirrek beste bat ekarri zuen 2004an; bederatzi poema Kevin Herediak BERRIAn 2007an; eta 2014an, poetaren heriotzaren berriarekin batera, haren azken poema ekarri zuen Asier Sarasolak: «Eskeleto arpilatu, laster/ ez da izango begiei traba egingo dien apetarik./ Unibertso biluziari eutsiko diozu». Orain, Susaren Munduko Poesia Kaieren parnasoan du lekua, Bego Montorioren itzulpen ederrean.
Obra poetiko zabala da Gelmanena, hamarkada luzeetako lanaren emaitza, jolasari eta hitzari emana eta eguneroko bizimoduaren xehetasunei, beren konplexutasun eta indar, ateak parez pare zabaltzen dizkiena. Poesiaren boterea aitortu arren, ordea, hark bere kabuz mundurik alda ezin dezakeela argi adierazten du behin baino gehiagotan: «'poema honekin ez duzu boterea hartuko' dio/ 'bertso hauekin ez duzu Iraultza egingo' dio/ 'ezta milaka bertsorekin ere ez duzu Iraultza egingo' dio/ mahaira jarri eta idazten du».