‘Hegal egiten’ karrikaratu du Eneko Bidegainek, Iparretarrak-eko Maddi Hegiren ihesaldia kontatzen duen eleberria

Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana idazleak, Elkar-EKE bekari esker. Iparretarrak taldeko Maddi Hegi militantearen presondegiko ihesaldian oinarritzen den egiazko kontakizun fizkionatua da. Bihar eginen dute lehen aurkezpena, Heletan.

Eneko Bidegainen 'Hegal egiten' eleberriaren aurkezpena, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Eneko Bidegainen 'Hegal egiten' eleberriaren aurkezpena, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko urriaren 15a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ipar Euskal Herria ez da bakarrik errefuxiatu politikoentzat aterpe izan, eta ez da bakarrik bake prozesuaren lurraldea izan». Gaurkoan, Ipar Euskal Herriko egoera politikoa «bere osotasunean» konprenitzeko gakoak presentatu ditu Eneko Bidegainek Baionan egin prentsaurrekoan. Elkar argitaletxearekin karrikaratu du Hegal egiten, Iparretarrak talde armatuko kide Maddi Hegiren presondegi ihesaldiaren egian oinarrituriko fikziozko kontakizuna. Elkar-EKE fundazioaren bekari esker argitaratu du eleberria.

Hegi eta Gabi Mouesca Iparretarrak-eko bi presoen 1986ko abenduaren 13ko ihesaldiak «serie» baterako eman zezakeela erran zioten Eneko Bidegaini, eta modu horretan nobela berri batekin jin da idazlea prentsaurrekora. Hala hasi du mintzaldia Elkarreko editore Matilda Legardinierrek: «Kartzela ihesak kronika liburu zein eleberri ugariren abiapuntu izan dira, eta ohikoak dira tunelak, helikopteroak eta lehergailuak, baina, kasu honetan, Iparretarrak-eko komando bat sartu zen presondegian zuzendaria bahiturik, bi preso ate handitik aterarazteko».

Legardienerren arabera, lekukotasunetan, ikerketetan eta Hegiren gutunetan oinarriturik, «memoria eta literatura» uztartu ditu Bidegainek. 1986ko Hegiren eta Mouescaren ihesaldia kontatu du, ihes egiten duen preso baten begietatik. «Irakurleak kronika baten moduan biziko du ihesaldia, etapak bata bestearen ondotik abian baitira, flashbackak izanez Hegiren inguruko testuingurua ulertzeko».

«Irakurleak kronika baten moduan biziko du ihesaldia, etapak bata bestearen ondotik abian baitira, flashbackak izanez Hegiren inguruko testuingurua ulertzeko»

MATILDA LEGARDINIER Editorea

Bidegainek publiko zabal bati eskaini nahi dio liburua, eta ez bakarrik 1980ko hamarkadako giroa hurbiletik ezagutu dutenei. Gazteengana heltzeko «ahalegina» egin nahi izan duela azpimarratu du, eta eleberria testuinguru politiko hori ezagutu ez dutenengana nahi luke helarazi.

«Beti behar ote dugu gure gatazka armatuaz literatura egin?», galdegin diezaioke bakoitzak bere buruari, Bidegainen arabera, baina idazlearen ustez, testuinguru hori pasaturik gertatu dena kontatu behar da. Gainera, iruditu zaio momentu egokia dela gisa horretako liburu bat plazaratzeko, tentsio politikoa «lasaitu» delako, eta «premiazkoa» izan zaio garai hartako militanteak oraino bizirik direno izan «dena» kontatzea. «Ipar Euskal Herrian gatazka horren kontakizuna egiten ez bada, ez dugu gatazka armatuaren osotasuna ulertzen ahal».

(ID_16537531) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-10-15, Baiona. Eneko Bidegain idazleak \
Eneko Bidegain idazlea, 'Hegal egiten' liburua eskuetan duela. PATXI BELTZAIZ

2007an, Iparretarrak erakunde politiko armatu baten historia atera zuen arren, otu zitzaion liburu bat egin zezakeela saiakeraren kapitulu batean idatzi Hegiren eta Mouescaren kartzelako ihesaldiarekin. Gainera, liburuaren ale guztiak saldu ziren, eta, Zortziko argitaletxeak berrargitaratu zuelarik, irakurleekin egoteko parada ukan zuen, eta kontatu du «gehienek» bereziki so egin ziotela Hegi eta Mouescaren ihesaldiari. «Harritu ziren eta txunditurik gelditu ziren». «Pentsatu nuen literatura egin behar nuela horrekin, eta ez beste saiakera bat. Iruditzen zitzaidan gai perfektua eleberri batendako, eta banuen gogoa egiazko istorio batean oinarrituriko nobela idaztea».

«Iruditzen zitzaidan gai perfektua eleberri batendako eta banuen gogoa egiazko istorio batean oinarrituriko nobela bat idaztea»

ENEKO BIDEGAIN Idazlea

Xehekiago ondotik, liburua egiteko prozesua esplikatu du. Duela hogei urte egin zituen elkarrizketak berriz hartu ditu, eta kontakizuna osatzeko bertze elkarrizketa «andana bat» egin ditu. Bertzalde, orduko prentsa ere arakatu du Bidegainek, testuingurua ongi ulertzeko, eta, gainera, Hegik kartzelatik igorri gutunak ere aztertu ditu. «Biziki inportanteak izan dira gutun horiek, Maddi ez dudalako ezagutu. Maddiren gutunetan banuen bizi izan zen Maddiren arrastoa. Iturri biziki inportanteak izan dira pertsona ulertzeko: zer espresio baliatzen zituen, zein sutsua zen. Elkarrizketek pertsona marraztu didate, eta gutunek baieztatu didate elkarrizketetan erranikoa».

Pertsonaia fikzionatuak

Hegi eta Mouesca beren izen-deiturekin agertzen dira. Gainerakoak, salbu Hegiren aita, Popo Larre eta gatazkaren ondorioz hil diren jendearen gainerateko guziak izen eta bizipen faltsuak dira. «Ihesaldiari eta Maddiren bizipenari dagozkion gauzak ahalik eta zehatzenak dira, baina bertze guzia ez da hala».

Hain zuzen ere, idazleak agerian utzi du eleberriko pertsonaietan atzematen dela fikzioa. Hegi libratu zuteneko Iparretarrak-eko komandoko kideak fikzionatuak dira, eta, horren karietara, irakurleei eta «bereziki» Ipar Euskal Herriko irakurleei gomendatu die ez entseatzea fikziozko pertsonaiak egiazkoekin lotzen. «Bada Maddiren lankide bat liburuan. Ez hasi pentsatzen nor zen. Arrazoi narratiboengatik aukeratu dut pertsonaia hori Maddiren lankidea izanen zela, eta hori detaile garrantzitsua da. Pertsonaien anonimotasuna bermatu nahi izan dut kontakizunean».

Durangoko Azoka bitarte, zapi lurraldeetan barna eginen ditu aurkezpenak Bidegainek. Hain zuzen ere, bihar eginen du lehena 18:30ean, Hegiren sortetxe Heletan (Nafarroa Beherea), BERRIAko kazetari Oihana Teyseyre Koskaratek animaturik. Gaineratekoak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Maulen eta Baionan eginen ditu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA