Liburu aurrerapena

Hegal egiten

Eneko Bidegainek datorren astean aurkeztuko du 'Hegal egiten' eleberria. Euskal Herriko historia hurbileko une bat du abiapuntu: 1986ko abenduan Iparretarrak talde armatuko bi presok Paueko presondegitik ihes egin zutenekoa. Liburuko pasarte bat da hau.

Liburuaren azala. DANIEL VELEZ / JUANMA ARAMENDI
Liburuaren azala. DANIEL VELEZ / JUANMA ARAMENDI
ENEKO BIDEGAIN
2026ko urriaren 10a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ateak irekitzen dira. Edo ixten.

Kartzelako atearen giltzarrapoan sartu da altzairuzko giltza beltz hotzen multzoko luzeena, barnean otzanduko dutelakoan kanpoan errebelde zena. Zintzilik dabiltzan giltzen xilintxa lehenik, tilin-tilin, klaska eta klaska, bata bestearen atzetik zanpaka zabaldu eta zerratzen dituzten ateen zalaparta gero, soinu paisaia berri horretara ohitu beharko du Maddik.

Paueko espetxeko ate nagusia zeharkatu eta gibeletik kolpean itxi zaionean, beste dimentsio batean murgildu da. Mundutik aparte eta, aldi berean, Lurrean, hiri erdian dagoen kapsula batean bezala, nehork bisitatu nahi ez duen ez-leku horretan. Poliziaren furgonetatik aterata, han dago zutik, eskuburdinak soinean, dardarka, begi saihetsetik alde batera eta bestera begira. Azken orenen filma, datorkeenaren trailerra eta gurasoen nahigabearen oihartzuna dabilzkio buruan zirurikan.

36 oren lehenago, maiatza izateko franko freskoa zen astearte goiz hartan etxetik atera zenean, ez zuen irudikatzen ez zuela beste gaurik iraganen etxeko ohean. «O txantxangorriak» kantatzen ari zen autoko kaseteko doinuari jarraika, kilometro gutxi batzuk geroago, Luhuson, poliziaren kontrol batean gelditu zutenean. Une hartan ere ez zen jabetu orduan inguratu zuen zurrunbiloak presondegiraino eramanen zuela.

–Zatoz gurekin, zure etxera –agindu zion bibote-beltz batek, gizonkeriaren eta hierarkiaren erakusgarri.

Maddiri izerdi tanta hotz bat isuri zitzaion lokitik behera, Makeako etxera eraman zutenean. Baionako Polizia Judizialak etxea xeheki miatu zion. Ez zutenez interesatzen zitzaien deus aurkitu, logelako leihoan jarri zuten arreta, ohartu baitziren norbaitek leiho hartako barroteak moztu zituela. Zergatik ote?

Orain izanen ditun barroteak denbora puska baterako...

Makeatik zuzenean eraman zuten euskal estiloko etxe handi batera, Frantziako Polizia Judizialak okupatzen zuena, Baionako errugbi zelaitik bi urratsetara. Bidean, poliziak elkarrekin kalakan aritu ziren, beren arteko solasa balitz bezala, alegia ahantzirik Maddi auto berean zeramatela:

–Ai... Guardia zibilen metodo berak erabiltzeko baimena bagenu...

–Segur! Horrela aise jakinen genikek non deabru ezkutatzen den Lasterra zerri hori!

–Bai... Eta hemen ari dituk noiznahi GALen kontrako manifestazioetan oihuka...

–Baina zer dituk hamabost hilketa, haien ehunka atentatu odoltsuen aldean?

Bularraldean laba borborka zabaldu zitzaion Maddiri. Baiona Ttipiko ostatu bazterrean izan balitz bederen, faxista parearen probokazioaren aitzinean lehertzeko... Iraun ezan, iraun!

Poliziaren egoitzara heldu orduko hasi zen lehen galdeketa. Paretan hiru lagun zituen begira «Wanted» gisako zuri-beltzezko fotokopia batetik.

–Ezagutzen dun Antoine Mendiburu?

Ez zien erantzun.

–Ez dun mintzatu behar? Hura mintzatu zunan, bada!

Maddik ez zuen ahorik ireki, jarlekuan finkaturik eta bekain-artea ilun.

Handik laster polizia-etxetik atera zuten eta autoaneraman Angeluko bizileku batera.

–Badakin zergatik ekarri haugun hona, bistan da!

Maddi mutu. Lekuaz ongi oroitzen zen, bai, sei hilabete lehenago arte bloke hartako apartamentu batean bizi izan baitzen. Poliziek sotoko gelatxoak miatu zituzten, Maddirena izan zenera heldu arte. Onddoketariak gibelurdin andana baten parera heltzean bezainbat bozkariatu ziren: bi Sten pistola-metrailadore, punta moztua zuen ehizako eskopeta bat, munizioak, detonagailuak, zortzi kilo dinamita, jendarmeen uniformearen osagaiak eta Iparretarrak (IK) erakundearen Ildo aldizkariaren ale batzuk.

Polizien harrokeria belarri zuloetatik gaindikatu zen. Eta aho zulotik.

–Sartuko zaizkin, sartuko, irriak!

Polizia-etxera itzultzean, bost metro koadroko gela baten erdian jarrarazi zuten, kadira maingu batean, bulego-mahai hotz baten ondoan. Mahaiaren bestaldean jarria zen inspektoreak ez zuen sudurra altxatu bere paper artetik. Gela bazter batean, bizkarrez, beste inspektore bat tak, tak, tak ari zen, idazteko makina handi bateko teklak behatz bakarrarekin jotzen. Paretetako afixak, ikastolen aldekoak, turismoaren kontrakoak, Baionako bestetakoak... banaka aztertu zituen Maddik, begiak inspektorearenekin ez gurutzatzeagatik. Galderak hasi aurreko minutuetan arnasa kontrolatu zuen, etorriko zen galdeketaren beldur eta, aldi berean, behingoz etor zedila desiratzen, ezinegon hori geldi zedin. Beste hiru gizon sartu ziren, boza gizen, besoak dantzan eta paparra hanturik, futbol solas. Haietako bat aulkiaren bizkarra besarkatuz jarri zen, balantzaka, Maddiren ondo-ondoan eta haren titietara begira. Beste biak zutik, Maddiren inguruan etengabe, hara eta hona. Bultzaka eta oihuka bota zizkioten galderak: Non gordetzen dun Lasterra? Non hintzen 1984ko urriaren 10ean? Zergatik huen jendarmeen uniformea hire sotoan? Zertan baliatu dun dinamita hori? Zenbat bonba jarri ditun? Aitor ezan: Mendibururi hik eman hizkion eskura 90.000 libera! Mintza hadi edo hogei urtekoa bilduko dun! Zer pentsatuko din hire aita gaixoak? Ohartzen haiz hire familiaren ahalkea haizela? E? Marie-France? Ohartzen haiz? Hire izena ere desohoratzen dun!

Urde zikinak! Miserableak! –Maddik ez zituen ahots goran bota irain horiek, goragaleari ahal bezain tinko eutsiz–. Hauek ditun ttipikerietan ari direnak, ez iezaien erantzun, ez hadi eror horien zepoan... hori bilatzen diten; probokazioa amu bat dun hire lehen hitza ateratzeko, eta hortik tiraka-tiraka gainerako guztia...

«O txantxangorriak! Gelako sapaian»... Kantua buruan xaramelatzera ahalegintzen zen, hertsadura hartatik libratzeko.

'hegal egiten'

Idazlea: Eneko Bidegain.


Argitaletxea: Elkar.
Generoa: eleberria.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA