Herri bat, nazio bat, estatu bat eraikitze prozesuan ezinbestekoak dira, antza, Antzerki Nazionala, Orkestra Nazionala, Ogasun Nazionala, Hezkuntza Nazionala, Polizia Nazionala, Armada Nazionala eta bizpahiru Hizkuntza Nazional. Noraezekoak dira ere, jakina, tradizio handiko dantzak, Zinemagintza Nazionala, Bertako Eskulturagintza eta Tokiko Kantuak. Ez dakit inork kontu bati erreparatu ote dion, alta: benetako herri, nazio, estatu batek bere serieko hiltzailea behar du. Nahitaez. Psycho killer-ik gabe, herririk ez. Atera kontuak, gure ondoko eta urrutiko lurraldeek badute. Gehienetan, bat baino gehiago.
Herrialde Katalanetan, kasurako, hiru daude. Eta, eup! denak emakume: Bartzelonako Enriqueta Martí, Hospitaleteko Margarita Sanchez Gutierrez eta Valentziako Pilar Prades. Andaluziako Manuel Delgado Villegasek 48 hilketa aitortu zituen. Galiziako Manuel Blancori Sacauntos deitzen zioten bertakoek. Bi film sekulako eragin zituen, Pedro Olearen El bosque del lobo eta Paco Plazaren Romasanta. Frantziak badu bat oso gaurkoa, 2021ean kartzelan hil zen Michael Fourniretek zortzi neska gazte bortxatu eta akabatu zituen, Monique Olivier emaztearen laguntzaz. Errusian, inork ez du gainditu Rostov hirian jardun zuen Andrei Txikatiloren marka; 52 biktima.
Ez dakit inork kontu bati erreparatu ote dion, alta: benetako herri, nazio, estatu batek bere serieko hiltzailea behar du. Nahitaez. 'Psycho killer'-ik gabe, herririk ez
Estatu Batuak dira serial killer-en paradisua. Hangoak dira Samuel Little eta Ted Bundy (bere miresle hainbaten amodiozko kartak jasotzen zituen espetxean). Ingalaterrak badu Hannibal Lecter berdingabea inspiratu zuen Robert Maudsley. Ikusten? Benetako herriek, egiazko nazioek badute, armada nazionalaz gaindi, serieko hiltzaile bat. Edo gehiago. Eta horrek identitatea sendotzen du, finkatzen du. Seguru behar horren berri edo susmoa izan zuela Anjel Lertxundik. Horrexegatik Bathory kondesak berak baino hamaika, ziento bat biktima gehiago torturatu eta erail zituen Joana Arc-ekoaren zerbitzari leiala izandako Gilles De Rais ekarri zuen, bere eleberri batean, Karlistaldietako egunetara.
Ez dugu baina Frantziatik inportatu beharrik, badugu geurea, Juan Diaz de Garaio arabarra, Sacamantecas goitizenez ezagutua, Sañudo, Gerrikaetxebarria eta Oriberen filma eragin duena. Juanek laguntzen du, indartzen du gure herri izaera. Beste ororen parean gaude berari esker. Esan dezagun ozen, guk gure serieko hiltzailea badugu. Alemaniak bezala. Bertako Niels Högelek (Herioaren erizaina deitua) 85 biktima hil zituen. Egia, konparazioetan hasiz gero, Euskal Herria galtzaile. Garaiok sei baino ez baitzituen akabatu. Ez du inporta, famatuetan famatuenak, hots, Jack The Ripperrek, bost besterik ez zituen akabatu.
Komentatu guztia serio hartuz gero, onartzen badugu (maltzur, deabru, ilun) polizia nazional batek ez duela ezertarako balio, ez badugu serial killer bat gure Historian, nire irudiko, Garaiok benetako beldurrezko, fantasiazko, horrorezko, thriller ospel, dentso, makabro bat merezi du.
Aitor dezagun, Sañudok eta besteek egin dutena bada gure gaurko garai xuabe eta politikoki ortodoxo hauetan kabida ezin hobea duen film elegante eta hotza. Hemen inork ez ditu ez kamera ez gidoia zikintzen. Hemen biktimen gorazarrea egiten da, hemen testuinguruak dauka garrantzi pisuzkoa. Ez dut ezer kontra. Ala bai, nire irudiko infernuzkoan, serieko hiltzaile nazionalek omenaldi odolezkoa, erraietatik atera eta pintatua, merezi dute. Ez dugu hiltzaile sobera gurean. Daukagunari (nahiz eta estilo bakoa, arlote eta nortasun gutxikoa izan) zeozer zor diogu gure herri eraikuntzan, nik uste.
Atrebentziaz uste ere. Azken finean, aspaldian entzun genuen bere lepoa garrotean hausten. Bizi bedi orain mitoa pantailan.
