Hil ala biziko hautu polemikoa

Tartean konpainiak 'Kortxoaren dilema' «komedia politikoa» estreinatuko du hilaren 15ean eta 16an, Bilboko Arriaga antzokian. Patxo Telleriak idatzi du obra, eta Mireia Gabilondok zuzendu du

Mikel Martinez eta Patxo Telleria, atzo, Otxarkoagako Harrobia espazioan, Kortxoaren dilema antzezlanaren entseguan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Piano eta biolontxelo doinuek girotuta, eszenatoki gainean bueltaka dabil Mikel Martinez aktorea, pentsakor. Grabagailu bat du esku artean, eta, ahora hurbiltzearekin batera, hizketan hasi da: «Zuetako askok dakizuenez, aspaldi honetan gaixorik egon naiz, hilzorian. Azkenengo une hau, baina, pelikula bateko gidoi bat balitz bezala eszenan sartu da...». Telefono dei batek eten du grabazioa. «Bai, esan», Martinezek. «Irakasle zahar eta maitea, a zelako poza zure ahotsa entzutea», erantzun du Patxo Telleriak telefonoaren beste aldetik. Martinezek ez du ezagutu bere ikasle izandakoaren ahotsa, eta berehala eten du deia. Handik segundo gutxira, baina, bulegoan agertu zaio. «Lanpetuta nago. Mesedez, zoaz hemendik», agindu dio irakasleak. Telleriak, ordea, ez du amore eman, eta xantaia erabili du Martinezen arreta bereganatzeko: «Mari Asuni ez zaio askorik gustatuko hau. Mari Asun Martinez de Oria. Zure irakaskide ohia, zure lagun ohia, zure borrokakide ohia, zure emazte ohia. Alegia, zure ohian ez dagoen emakumea».

Isiltasuna nagusitu da Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia espazioko agertokian. Entsegu bete-betean daude Martinez eta Telleria. Izan ere, astebete baino gutxiago falta da Kortxoaren dilema antzezlana Bilboko Arriaga antzokian estreinatzeko; azaroaren 15ean eta 16an taularatuko dute. Tartean konpainiak ekoitzi du, eta Mireia Gabilondo aritu da zuzendari lanetan.

«Komedia politiko» gisa definitu du obra Telleriak: «Endredozko thriller politiko-etiko bat da, espazio eta denbora unitate bakarrean ematen dena». Telleriak berak idatzi du obra, eta «gai antiteatral bat» lantzea izan da asmoa: «Etikari, koherentziari, traizioari eta mendekuei buruzko joko teatral bat da antzezlana».

Zintzotasuna izango da antzezlaneko gai nagusia, eta afera bat egongo da oinarri-oinarrian. «Denok uler dezagun, Amancio Ortega enpresariak egindako donazio ospetsu batekin lotuta dago», argitu du Telleriak. Duela sei urte inguru piztutako gatazkari buruz ari da: Osasunbideak eta Osakidetzak zenbait gailu berri erosi zituzten enpresariaren diru ekarpenekin. Instituzio batzuek esker onez hartu zuten dohaintza, baina beste batzuk kritiko agertu ziren. «Zergetatik salbuesteko trikimailu bat izan zela esan zuten batzuek; tartean, antzezlaneko katedratikoak». «Kontua da pertsonaia horrek minbizia daukala, eta medikuek esan diotela halako makinetako batekin sendatzeko aukera izango lukeela», gehitu du. Hortxe egongo da, beraz, antzezlaneko auzi nagusia: «Zer erabaki hartuko du? Leiala izango da bere printzipioekin, ala buztana hankartean sartu eta baietz esango du?».

Martinezek interpretatuko du irakaslearen rola: «Nahiko laua da nire pertsonaia. Hasieran argi izango ditut nire printzipioak, baina, antzezlanak aurrera egin ahala, kolokan jarriko ditut. Pertsonaia bakarra interpretatuko dut, baina oso momentu desberdinetatik igaroko naiz». Telleria arituko da ikasle ohiaren rolean. «Gauza bakarra esango dut: ezer ez da dirudiena», iragarri du.

Gabilondo estreinakoz aritu da zuzendari bi aktore horiekin. «Aurrez, gauza asko egin ditugu elkarlanean, baina zuzentzen nituen lehen aldia izan da», zehaztu du. Esperientzia «oso polita» izan dela gaineratu du: «Martinez eta Telleria ohituta daude euren erara lan egitera. Haien molde batzuk kentzen saiatu naiz, ikuskizunak hala behar zuelako, testuak hala eskatzen zuelako. Oso gustura aritu naiz».

Presa eta erritmo bizia

Bi zatitan prestatu dute antzezlana. «Maiatzean nahiko muntatuta utzi genuen obra, eta pertsonaiak ere orduan landu genituen; handik bi hilabetera elkartu ginen berriro», kontatu du Gabilondok.

«Urgentzia» da zuzendariak nabarmendu dituen ezaugarrietako bat: «Erritmo bizia nahi nuen presa hori ageriko egiteko. Irakasleak erabaki bat hartu behar du lehenbailehen, eta publikoki azalpenak eman behar ditu, gainera. Une batetik bestera joko du telefonoak».

Telleriak aurreratu duenez, hiru zati izango ditu antzezlanak, eta «trantsizio bat» egongo da horien guztien artean: «Hasieran ematen du komedia bat dela. Bat-batean, polizia thriller bilakatuko da, eta bi lagun zaharren arteko gatazka pertsonal eta gizatiarragoa izango da azkenean. Baina ezin dugu askorik aurreratu». Fernando Bernuesek osatu du eszenografia: irakaslearen bulegoan jazotzen da obra guztia.

Antzezlanaren estiloa azpimarratu nahi izan du Gabilondok: «Zaila da antzerkigintzan halako gaiak lantzea eta thriller puntu hori izatea. Zineman ohituago gaude, baina sinesgarritasuna lortzea ez da erraza. Kartak oso ondo erabilita daude».

Aurreko lanekin egin bezala, obraren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak emango dituzte. Datorren asteazkenean eta ostegunean, euskaraz taularatuko dute, Arriaga antzokian, eta urtarrilaren hasieran estreinatuko dute gaztelerazko bertsioa. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.