Hilabeteetako berotze ariketen ondotik, hegaldatu dira Iruñeko Topaketak

Gaur izan da nazioarteko biurtekoaren inaugurazio ekitaldia. Besteak beste, Isabelle Duthoit artista frantsesak hartu du parte. 11.000 gonbidapen baino gehiago daude dagoeneko hartuta.

Iñaki Apeztegia eta Ramon Andres, gaur, Iruñeko Topaketen inaugurazio agerraldian. JESUS DIGES / EFE
Iñaki Apeztegia eta Ramon Andres, gaur, Iruñeko Topaketen inaugurazio agerraldian. JESUS DIGES / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko urriaren 2a
17:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inauguraziora agertu den jende kopuru handiak eman du pista bat, prentsaurrekoa hasi den unetik beretik kazetariek ordenagailuen teklak sakatzeko abiadak berretsi egin du, eta Iñaki Apeztegia Nafarroako Gobernuko Kultur zuzendariak emandako datuak ekarri du berrespena. Dela hiria kultur goseak delako, dela egitarauan bildutako izen handiek piztu duten ikusminagatik, 11.000 gonbidapen baino gehiago zeuden hartuta Iruñeko Topaketa bera hasi aitzin. Hilaren 12ra bitarte, dozenaka hitzaldi, tailer, esku hartze artistiko eta musika emanaldi eskainiko ditu nazioarteko biurtekoak 11 ibilbidetan barrena.

Nafarroako Gobernuak daukan «ardura» nabarmendu du Apeztegiak: «Gure egitekoa ez da kultur programazio bat bultzatzea soilik; horrez gain, guneak sortu behar ditugu sorkuntzak, pentsamenduak eta gogoetak bat egin dezaten, hori baita gaur egungo gaiei libreki heltzeko bidea». Kulturak gaurko gizartean behar lukeen tokiaz ere mintzatu da Nafarroako Gobernuko Kultur zuzendaria: «Eraldaketak, gatazkek eta ziurgabetasunak dena baldintzatzen duten garaiotan, kulturak presenteagoa eta konprometituagoa izan behar du, eta inoiz baino aukera handiagoak eman behar ditu parte hartzeko. Kulturak balio publiko eta soziala du». Alde horretatik, ezin zilegiagotzat jo ditu Iruñeko Topaketak: «Gaur egungo garaiarekin konprometituta dagoen topaketa bat da hau. Ikuspegi ugaritatik heltzen dio errealitateari, eta gaurko gizartean puri-purian dauden debateetan galderak pausatzeko aukera anitz ematen ditu».

«Gaur egungo garaiarekin konprometituta dagoen topaketa bat da hau. Ikuspegi ugaritatik heltzen dio errealitateari, eta gaurko gizartean puri-purian dauden debateetan galderak pausatzeko aukera anitz ematen ditu»

IÑAKI APEZTEGIA Nafarroako Gobernuko Kultur zuzendaria

Iruñeko Topaketen programako zuzendari Ramon Andresek ekitaldien «trinkotasuna» eta «koherentzia» nabarmendu ditu, parte hartzaileei zein ekintzetara helduko diren ikus-entzuleei esker ona erakusteaz batera. «Gure lana eskaintzeko beharretik eginda dago», esan du. Euskal Herrian nekez ikus litezkeen proposamenak goraipatu ditu jarraian: «Kontua ez da Iruñera helduko diren parte hartzaile guztien artetik batzuk nabarmentzea, baina urrundik, esatera Azerbaijanetik, helduko diren ikuskariak aipatuko nituzke. Munduari begiratzeko eta gauzak egiteko beste ikuspegi bat ematen dute». Baina bertakoei ere jarri die arreta. Bereziki Nafarroako Unibertsitateko arkitektura ikasleei erakutsi die esker ona: «Topaketen hastapena iragartzen dute, eta haien lanak iraunkorra izan beharko luke. Sinadura bilketa bat jarriko dut abian hori horrela izan dadin»

Isabelle Duthoit bokalista eta performer frantsesak ere parte hartu du jendaurreko aurkezpenean. Harentzat, hitza eta hizkuntza baino gehiago da ahotsa: «25 urte daramatzat gure animalia ahotsa eta gaur egun bizi den emakumearen ahotsa uztartzen, hizkuntza arkaikoaren eta gaur egungoaren arteko zubi bat eraikitzen. Kantu unibertsala da nirea, denok egindakoa haurtzaroan, ama hizkuntza etorri aurretik. Hots horiek biltzen eta partekatzen saiatzen naiz». Duthoitek Sauvage sentimental emanaldia eskainiko du bihar, 21:00etan, Baluarten; eta astelehenean Ainara LeGardon, Xabier Erkizia eta hirurak arituko dira 20:30ean, toki berean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA