Komikigintza

Historiaren zuloan galdutako sarraskiak

Joe Saccoren ‘Gazako oin-oharrak’ irakurgai dago euskaraz, Julen Gabiriak itzuli eta Astiberrik plazaratuta. 1956an soldadu israeldarrek Khan Yunisen eta Rafahn ehunka palestinar hil zituzten egunak kontatzen ditu egile estatubatuarrak komikian.

Joe Saccoren 'Gazako oin-oharrak' komikiko irudi bat. ASTIBERRI
Joe Saccoren 'Gazako oin-oharrak' komikiko irudi bat. ASTIBERRI
Ainhoa Sarasola.
2026ko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egun hartan eguzkiak izpi horiz egiten zuen distira, herioren printzak iragarriz bezala». Gaztetan Rafah hirian irakasle izandako agureak etxeko egongelan hartu du kazetaria, kasik 50 urte atzera egin, eta orduko oroitzapenak kontatzeko. 1956ko azaroan, Israelgo soldaduek sarraski handi bat egin zuten Palestinako Khan Yunis hirian, baita handik gertu dagoen Rafah hirian ere. Baina horien oihartzunik ere apenas heldu den historia liburuetara. Gertakari haien lekuko izan ziren palestinar ugariren testigantzak bildu zituen Joe Sacco kazetari eta irudigile estatubatuarrak 2002. eta 2003. urteetan, gertatu zena zehatz berregiteko asmoz, eta Gazako oin-oharrak album ilustratura eraman zituen istoriook. Julen Gabiriak euskarara itzuli du lana, eta Astiberri argitaletxeak plazaratu.

Trilogia baten parte da liburua, eta bilduma osatzen duten hiru obrak euskaraz argitaratu ditu Astiberrik azken urteotan, Gabiriaren itzulpenean hirurak ere. Palestina lan mardula osatu zuen lehenik Saccok, zeinak American Book Award saria irabazi zuen 1996an eta komiki kazetaritzaren aitzindaritzat jo izan den. Handik kasik hamarkada batera plazaratu zuen Gazako oin-oharrak, genero berekoa eta are mardulagoa. Eta duela bi urte eman zuen Gerra Gazan, 32 orrialdeko liburuxka. «Azken hori gehiago da tripetatik egindako zerbait, gertatzen ari denari berak emandako erantzun bat. Baina beste biak komiki kazetaritzaren barruan sartuko nituzke», azaldu du itzultzaileak. Palestina-k parte autobiografikoago bat ere baduela ekarri du gogora Gabiriak, baina Gazako oin-oharrak, berriz, kazetaritza lan «peto-petoa» dela iritzi dio. «Zentzu horretan, esango nuke trilogiako onena dela bai kazetaritza aldetik bai grafikoki, eta, beharbada, Joe Saccoren obra osoko onena».

«Esango nuke liburu hau trilogiako onena dela bai kazetaritza aldetik bai grafikoki, eta, beharbada, Joe Saccoren obra osoko onena»

JULEN GABIRIA Itzultzailea

Saccok hitzaurrean kontatzen duenez, 2001ean hasi zen liburua ernatzen. Beste kazetari batekin Gazara joan zen Sacco urte hartan, Bigarren Intifada hasi berritan, aztertzeko Khan Yunisko herritarrak nola bizi ziren egoera hartan. Han zegoela, Noam Chomskyren liburu batean aurrez irakurri zuen aipamen bat etorri zitzaion akordura: 1956an hiri hartan soldadu israeldarrek sarraski handi bat egin zutela. «Egun oso bat eman genuen testigantzak biltzen, jakin asmoz zer gertatu zen hiri hartan 1956ko azaroan, Suezko Krisialdiaren garaian, Israelgo indarrek Gazako zerrenda —Egiptoren agindupean zegoena— okupatu zutenean denbora-tartetxo batez». Eta adineko gizon-emakumeek «istorio latzak» kontatu zizkieten: nola soldaduek, etxez etxe joan, eta tiroz hil ziizkieten senideak; nola kalean ziren bizilagunak ilaran jarrita fusilatu zituzten.

(ID_17848990996025) (/EZEZAGUNA)
Hamaika palestinarren lekukotzak bildu zituen Saccok, eta komikira eraman. ASTIBERRI

Etxera bueltan, istorio haiei buruzko pasarte batzuk sartu zituen Saccoren lankideak bere artikuluan, baina aldizkariak ezabatu egin zizkion. Eta irudigileari «amorrua» eman zion horrek. «Gertakari hura —itxura batean, Palestinako lurrean palestinarren aurka sekula izan den sarraskirik handiena; NBEren datuen arabera, 275 hildako— ezin zen berriro bota ahanzturaren zulora. Baina hortxe dago, zuloan, hainbat eta hainbat tragedia historiko bezala, historiaren luze-zabalean oin-ohar izatera ere apenas iritsi ezinik, nahiz eta, El-Rantisik esan zuen moduan, sarri askotan hor pilatzen diren saminaren eta haserrearen haziak, gaur egungo gertakariei forma ematen dietenak».

Informazio bila segitu zuen Saccok, eta laster jabetu zen ingelesez ia ezer ez zegoela idatzirik. Gazara itzultzea erabaki zuen, eta, bidaia prestatzen ari zela jakin zuen Khan Yunisen ez ezik Rafahn ere izan zela sarraski odoltsu bat: hiri hartan ere, urte eta hilabete berean, ehundik gora bizilagun hil zituzten soldadu israeldarrek, egun bakarrean hil ere. 2002ko azaroa eta 2023ko martxoa bitarte bitan joan zen Gazako Zerrendara, eta bi egonaldi horietan egin zuen ikerketaren parterik handiena. Bi sarraski haien lekuko izan eta bizirik atera ziren hamaika herritarren testigantzak bildu zituen, eta bi atal nagusitan banatu zuen liburua: Khan Yunisi buruzkoa da bata, eta Rafahren ingurukoa bestea, puskaz luzeagoa.

(ID_17848991714645) (/EZEZAGUNA)
Rafahko sarraskia irudikatzen duten marrazkietako bat. ASTIBERRI

Memoria eta kazetaritza

Gertakari haiei buruzko informazioa oso urria da. «Izatez, Interneten bi sarraski haiei buruz dagoen bibliografia begiratuz gero, komiki hau da erreferentzia nagusia», azaldu du itzultzaileak. Izan ere, «oin oharrez betetako gatazka bat» da Palestinakoa, Gabiriaren hitzetan. «Beraz, non jarri arreta? Edonon jarrita ere, berdin-berdin egin dezakezu aurreko historiaren errepaso bat, eta berdin islatuko luke gaur egun bizitzen ari direna». Dena den, «bitxia» egiten zaio hutsunea: «Palestinaren inguruan, orokorrean, jendeak ezagutzen du arazoaren jatorria non dagoen, 1948an Nazio Batuek lurralde hori Israeli eman ziotenean; igual 1967ko gerra ere ezaguna da, mugarri moduan; eta Lehen Intifadatik, 1988 ingurutik honakoa ere bai. Baina 1948tik 1967rako hogei urte horietan badago halako linbo bat. 1956a oso hurbil dago 1948ko gatazkaren ernamuin horretatik. Lan honek garai horretara eramaten gaitu».

Eta Saccok hamaika palestinarren kontakizunen bidez eramaten du irakurlea garai horretara. Etxeko egongelan hartu zuten gehienek kazetaria, eta zimurrez betetako aurpegi ugari ageri dira komikian, nor bere memorian arakatzen, nor bere oroitzapenetan murgilduta. Begiak bustita mintzatzen dira batzuk, amorruz beste batzuk, gogoratu nahiaren eta ahaztu ezinaren artean kulunkan gehienak. Sarraskiak gertatutako lekuetara ere eraman zuten Sacco, azalpenak zehatz emateko asmoz. Bulldozerrek txikitutako eraikinak, zaborrez betetako kalexkak, lanik gabeko bizilagunak eta haur txikiak hara eta hona. Orduan eta orain.

(ID_17848990132315) (/EZEZAGUNA)
Komikiko beste irudi bat. ASTIBERRI

Iragana eta oraina etengabe nahasten baitira kontakizunean; hala irudietan nola hitzetan. Baina bada kontrasterik ere. Memoria gordetzeko zaharren ahaleginaren eta kazetariari egungo egoeraz arduratzeko eskatzen dioten gazteen artean, esaterako. Gabiria: «Niri oso pasarte sinesgarriak egiten zaizkit horiek. Sacco gatazka betean dagoen herrialde batera doa; tunelaren amaierako argi hori inoiz ikusten ez duen herrialde bat da, eta belaunaldiz belaunaldi beti errepikatzen den gatazka bat. Halako gizarte batera joan eta duela berrogei urteko kontuez galdetzean, nik ulertzen dut gazteek esatea: ‘Zertan zatoz honetaz hitz egitera? Orain badugu nahikoa!’. Ulergarria eta sinesgarria da niretzat».

«Kazetaritzaren tripak erakusten ditu [Saccok], nola egin lan kazetaritzan; aldamio guztiak uzten ditu agerian»

JULEN GABIRIA Itzultzailea

Memoriaren garrantziari eta haren mugei buruzko gogoeta ugari biltzen dira komikian. Baita kazetaritzaren ingurukoak ere. Oroitzapenak lausotu egin baititzake denborak, eta, lekukotzak biltzearekin batera, haiek beste testigantza batzuekin eta dokumentazioarekin kontrastatzeko ahalegina egiten baitu Saccok. Gero ariketa hori ere komikian erakusteko. Gabiria: «Kazetaritzaren tripak erakusten ditu, nola egin lan kazetaritzan. Aldamio guztiak uzten ditu agerian: zer esan dion batak, zer besteak, zer ondorioztatu duen, egiaren bila joan nahi horretan zer garrantzi ematen dien xehetasunei, nola baztertzen dituen zalantzazkoak izan daitezkeen lekukotzak...». Egileak ere hitzaurretik ohartarazten du irakurlea: «Oroitzapenetan oinarritzeak dakartzan arazoez gain (...), irakurleak jakin behar du istorio hauek beste iragazki batetik ere igaro direla orrialdera iritsi aurretik: nire interpretazio bisual propiotik».

(ID_17848990700095) (/EZEZAGUNA)
Komikiko beste irudi bat ASTIBERRI

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA