Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasoko du Ibilbidearen Elkar saria

Sortu zenetik hona egindako lanagatik saritu dute Behatokia. Bestalde, Javier Andradak, Xabier Etxeberriak eta Maria Reyesek jaso dute Joseba Jaka beka, 'Super Mario hil behar dut' komikia egiteko. Maiatzaren 6an izango da ekitaldi ofiziala.

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, atzealdean, eta Xabier Etxeberria eta Maria Reyes, aurrealdean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, atzealdean, eta Xabier Etxeberria eta Maria Reyes, aurrealdean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko apirilaren 21a
17:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolektibo batek urtetan egindako lana nabarmentzen dute Ibilbidearen Elkar sariek. Joseba Jaka bekak, aldiz, kultur sormena sustatzen du bi urtean behin. Bada, Elkar Fundazioak gaur iragarri du bai norentzat izango den aurtengo Elkar saria, 11.a, eta zein proiektu lagunduko duen Joseba Jaka bekak: Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasoko du lehena; eta Javier Andradak, Xabier Etxeberriak eta Maria Reyesek jasoko dute bigarrena, Super Mario hil behar dute komikia egiteko. Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko kultur arloko zuzendariak gogorarazi du, gainera, joan den astean 30 urte bete zirela Joseba Jaka hil zenetik, eta nabarmendu du euskal komunitateak «asko zor» diela orduko kultur eragileei. Sariak banatzeko ekitaldia maiatzaren 6an izango da, Andoaingo Martin Ugalde parkean (Gipuzkoa). 

Garbiñe Petriati Behatokiko kideak nabarmendu du ahalik eta azkarren desagertzeko asmoz sortu zela Hizkuntz Eskubideen Behatokia, eta, beraz, lanean jarraitzea badela hizkuntza eskubideak bermatuta ez dauden adierazle. Hain zuzen, elkartea duela 25 urte sortu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak, «euskaldunek dituzten ezintasunei» bide emateko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko. Alde horretatik, Elkar Fundazioak urteotan egindako ekarpena saritu nahi izan du, eta, aldi berean, herritarrei Behatokira jotzeko gonbita egin diete, euren hizkuntza eskubideak urratzen dituztela sumatuz gero: «Nork bere aldetik egitea ez baita aukerarik onena eta errazena beti».

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako zenbait ekarpen mahaigaineratu dituzte: batetik, hizkuntza eskubideen kontzeptua bera gizarteratu izana; bestetik, herritarrei laguntza eskaini izana; eta, azkenik, administrazioan eta bestelako eragileetan eragin izana. «Maiz erakutsi nahi digute hizkuntza gutxituetako hiztunen aldeko neurriak hizkuntza nagusietako hiztunen kontrakoak direla. Horixe da hizkuntza komunitate gutxituak menperatzeko bidea, sinestaraztea zure eskubideen alde egitea beste batzuk diskriminatzea dela», azaldu du Larrartek. «Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ezinbesteko funtzioa betetzen du, ikusarazten baitu herri honetan euskaldunen eskubideak daudela kolokan, norbaitenak kolokan egotekotan».

«Sari hau euskararen komunitatearena da. Euskaraz bizitzen saiatu diren herritar guztiengatik ez balitz, Behatokiaren lana ez litzateke posible izango» AGURNE GAUBEKA Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria

Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariak gaineratu du «behar-beharrezkoa» dela Behatokiak egiten duen lana, hizkuntza eskubideei loturiko gertakariak jasotzeko, baina baita aldaketak eragiten laguntzeko ere. Ildo horretan, ezinbestekotzat jo du herritarren «ahotsa eta determinazioa»: «Sari hau euskararen komunitatearena da. Euskaraz bizitzen saiatu diren herritar guztiengatik ez balitz, Behatokiaren lana ez litzateke posible izango». Datozen urteetan ere komunitate hori indartzen segituko dutela ziurtatu du zuzendariak.

Mendeku kontakizun bat

Joseba Jaka bekak genero bat hautatzen du deialdiko, eta aurtengoa nobela grafiko bat egiteko izango da. Hala, Andradak, Etxeberriak eta Reyesek 10.000 euro jasoko dituzte, eta urtebeteko epea izango dute komikia egiteko. Epaimahaia, zehazki, Paula Estevezek, Adur Larreak eta Iratxe Retolazak osatu dute, eta hautatutako proposamenaren ausardia nabarmendu dute. Komikian umore beltza eta thrillerra uztartu dituzte: 16 urteko neska bat du protagonista, eta mutil-lagun ohia hiltzea da haren asmoa. Etxeberriak egin du gidoia, Reyesek egin ditu marrazkiak eta Andrada ari da orain marrazkiei kolorea jartzen.

«Komikietan hazia gidoilariak jartzen du, baina benetako lana marrazkilariek egiten dute; oraingo honetan, Mariak eta Javierrek» XABIER ETXEBERRIA Idazlea

«Istorio gogor bat» kontatuko dute komikian. Jazarpen digitala izan da abiapuntua; beraz, gai «serio» eta «tragikoak» landuko ditu, baina ez zaio umorerik faltako. Horrek, epaimahaikideen ustetan, kritikarako eta hausnarketarako tartea utziko dio irakurleari; besteak beste, presente egongo baitira maitasunari, generoari eta homofobiari buruzko hausnarketak. Gainera, jazarpen digitalaren gaia pil-pilean egonik, baieztatu dute istorioan gazteek beren burua islatuta ikusiko dutela, baina «moralismorik gabe» mintzatuko zaiela komiki liburua. Marrazkiek ere izango dute zeresana. «Komikietan hazia gidoilariak jartzen du, baina benetako lana marrazkilariek egiten dute; oraingo honetan, Mariak eta Javierrek», esan du Etxeberriak.

Bartzelonako ilustratzailea da Reyes, eta hark landu du komikiaren alde ilustratiboa. Protagonistarekin primeran pasatu duela ziurtatu du: «Irenek [protagonistak] barre eginarazi dit, baina amorrua ere sentitu dut, eta haserretu ere egin naiz. Nerabe batek izan dezakeen emozioen zurrunbilo hori dena pasatu dut nik ere». Marrazkiak trazatuta, Andradaren txanda da orain, baina Reyesek aurreratu du erabat egin dutela bat: «Zorte handia da berarekin lan egitea. Marrazkiak bere egiten ditu, eta guk geuk ere zelula bakar bat osatu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA