Idazlea eta bertsolaria

Oihana Arana: «Horretarako gorputzaldia baldin badut, edonon topa dezaket poesia»

'Zerua hemen' bere bigarren poema liburua argitara eman eta urte erdira, «oso erantzun politak» jaso dituela aitortu du egileak. «Egin nahi nuen horretatik oso gertu gelditu naizela iruditzen zait, eta horrek bakea ematen dit».

Oihana Arana, Usurbilen, irailaren 14an. GORKA RUBIO / FOKU
Oihana Arana, Usurbilen, irailaren 14an. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Usurbil
2026ko urriaren 7a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost urteko «isilaldia» behar izan du Oihana Arana poeta, bertsolari eta BERRIAko zutabegileak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) Lazunak azkazaletan (Susa, 2021) atzean utzi eta bigarren poema liburua idazteko. Martxoan eman zuen argitara, Zerua hemen izenburupean (Susa). Aitaren heriotzak eragindako minetik hasi, eta «pozerako bidaia» kontatzen du liburuak. Halaber, horretarako egindako lanak bere azken bi urteetako biziaroa ardaztu duela aitortu du egileak: «Sentitzen dut nahiko unibertso antzekoan mugitu naizela, eta unibertso hori markatzen duela liburu honek».

Poemak «agertu» egin behar duela esan izan duzu.

Ipuin bat edo beste zerbait idatzi behar duzunean, luze aritu zaitezke pentsatzen pertsonaia nolakoa izango den eta abar. Baina liburu honetan landu dudan poesian gehiago da zerbait ikusi, harritu, emozio bat sentitu eta horrekin poema bat egitea. Bulkadaz idatzitako poesia da.

Heriotzaren osteko tristuran, isiltasuna behar izan nuen; ez nuen idazteko gogorik. Baina, handik hilabete batzuetara, minari lotutako poemak atera zitzaizkidan, oso modu inkontzientean atera ere. Horregatik diot agertu egiten direla. Gainera, etxe aldaketa bat egin nuen, Usurbilera etorri nintzen bizitzera, eta paisaia berriak poema berri asko sortu zizkidan. Horiekin guztiekin poema liburu bat egitea erabaki nuenean, garbi neukan aitaren heriotza izango zela abiapuntua, baina bi urteko biziaro baten kronika-edo kontatuko nuela; eta hor, triste egon eta aitarekin gogoratzen nintzeneko tarte horretan, leku egingo niela nire bizitza arruntean gertatzen ziren gauza horiei.

Poemek liburu forma har zezaten eta irakurleak ere aipatutako bidaia horren sentsazioa izan zezan, nahieran moldatu dut poemen ordena. Batzuk, gainera, asmatutakoak dira. Istorioari zentzua ematearren edo geruza berriak sortzearren egin nituen horiek.

«Liburu honetan landu dudan poesian, gehiago da zerbait ikusi, harritu, emozio bat sentitu eta horrekin poema bat egitea. Bulkadaz idatzitako poesia da»

Bidaia horretan barrena, «hau» esaten diozu sarri doluari. Zer dago horren atzean?

Dolu hitzak karga historiko handia du, eta oso irakurketa hertsira narama, minaren esperientzia oso konkretu batera. Horregatik ez dut erabiltzen. Nahi dudan hori adierazteko, nahiago dut min hitza erabili. Mina bada zerbait zurekin daramazuna, baina tarteka ez du halako protagonismorik; zerbait gorabeheratsua bezala ulertzen dut.

Nire ustez, aita ez dagoelako min hau beti izango dut, baina forma diferenteak izango ditu. Seguruena, denborak aurrera egin ahala ikasiko dut —eta ikasten ari naiz— min horrekin bizitzen.

Dolu deitzen dugun hori oroitzapenei lotuta dago. Aitaren heriotzaren ostean, oroitzapenak dira mingarriena, eta liburuan ere horrela ageri dira. Liburuan bada aita hil zeneko eszenarik, minari konektatzen nautenak, baina, era berean, pozetik oso gertu dago.

Minetik pozerako bidaia ez ezik, hiritik landarakoa ere egin zenuela esan duzu. Behar duzu paisaiaren mugimendu hori poesia «etor» dadin?

Asko gustatzen zait oinez ibiltzea eta bitartean begira aritzea. Horretarako gorputzaldia baldin badut, edonon topa dezaket poesia. Hau da, aurreko liburua egin nuenean Donostiako Parte Zaharrean bizi nintzen, turistaz inguratuta beti, eta topatzen nuen poesiarik hor. Gaur egun bueltatuko banintz, ez nuke topatuko. Egunerokotasunak eta espazioa ulertzeak eta espazio horretan neure burua kokatzeak ere ematen didate poesia. Ez du zertan beti toki berria izan.

BERRIAko zutabeetan ere askotan jotzen dut egunerokora, eta egunerokoaren errepikatze horrek ematen dit ñabardurei gehiago erreparatzeko aukera. Uste dut begirada kontu bat dela. Batzuetan, oso beste gauza batzuetara jarrita nago, eta ez zait poesia egin daitekeenik ere bururatzen, eta, beste batzuetan, oso zabalik sentitzen naiz: adiago nago, eta agertzen zait.

Zerua berme gisa azaltzen du liburuko ni-ak; zer, eta hain aldakorra den gauza batek ematen dio ziurtasuna.

Zerua oso aldakorra da, egia da. Eta ez da ezer, baina beti dago hor. Horregatik funtzionatzen zidan. Era berean, bada poesiarekin dudan harremanaren metafora bat ere. Zurrunbiloan zaudenean, ez duzu poesia ikusten. Zure aita hil berritan triste zaudela, uste duzu poesiarik ez dagoela inon. Baina gero beti dago hor, beti jo dezakezu poesiara. Hori gerora egindako irakurketa bat da, nolanahi ere. Idazten hasi nintzenean, ez nuen batere argi liburu bat egingo nuenik. Egindako poemetan ikusi nuen zerua asko agertzen zela, etengabe, eta ahizpak topatutako azaleko argazkian ere zerua agertzen da. Baina ez nuen izenbururik. Otsailean, liburua bukatuta eta inprentarako bidean zela, haserre joan nintzen oporretara lagun batekin. Tenerifen ginela, Teide mendira igo, eta hango zeruaren urdintasunak ikaragarri harritu ninduen. Poema bat idatzi nuen han, eta hortxe agertu zen «Zerua hemen». Ezer ez den edo ulertzeko zaila zaigun hori, leku guztietan dagoen baina inon ez dagoen hori, zergatik? Lurreratzeko ahalegin bat delako liburu hau, min hori edo ez dakigun zer hori gorputzetik pasatu eta hitzera ekartzeko ahalegin bat.

«Zerua oso aldakorra da, egia da. Eta ez da ezer, baina beti dago hor. Horregatik funtzionatzen zidan. Era berean, bada poesiarekin dudan harremanaren metafora bat ere»

Urte erdi joan da liburua argitaratuz geroztik. Zer sentsazio duzu?

Ez dut konplexurik izaten nire testuetara itzultzeko, gustura gelditu baldin banaiz behintzat. Liburua berriz ere zabalduko banu boligrafoa eskuan, zuzenduko nituzke ez dakit zenbat gauza. Baina oso pozik gelditu naiz emaitzarekin. Egin nahi nuenetik oso gertu gelditu naizela iruditzen zait, eta horrek bakea ematen dit. Ez dut ardurarik sentitzen. Oro har, oso erantzun politak jaso ditut, eta jende asko etorri zait bere esperientzia eta bizipenak kontatzera. Bidaia polita egin du liburuak; uste baino jende gehiagok irakurri du.

Izan du efektu terapeutikorik?

Mina kolektibizatzeak beti laguntzen du min horrekin hobeto bizitzen. Hein batean, nire aitaren heriotzari lotutako agur erritu bat izan da, eta aitarekin neukan harreman hori birkonfiguratzeko balio izan du.

Hala eta guztiz ere, bizi grina gailentzen da.

Hain zuzen, horri buruz hitz egiten du liburuak. Minetik pozerako bide bat kontatzen dela esan genuen liburuaren aurkezpenean, eta agian horregatik ari da hainbeste jende liburuarekin konektatzen. Liburuak baditu momentu gogorrak, eta badago apurketa eta gatazka, baina ni poetiko horrek aurrera jarraitzeko grina dauka. Ez da liburu triste bat. Momentu eder asko dago liburuan.

Poema gehienak oso motzak dira. Bertsolaritzaren eragina ote da? Motzean esatekoa zara zu?

Poesia irakurlea naizenean ere askoz gehiago gustatzen zaizkit laburrak, betidanik. Luze bat ikusiz gero, eten bat egiten dut: «Hau biharko», pentsa dezaket. Eta idaztean, gehiago gozatzen dut motzekin. Motzean esaten ez dakit, baina idazten bai. Izan liteke bertsolaritzaren eragina; 9 edo 10 urterekin hasi ginen horretan, eta gure sorkuntza egituratzeko metodoak bertsolaritzarenak dira hein handi batean. Ez dut sentitzen nire bertsokera eta nire poesia hain gertu daudenik, baina seguru oihartzun egiten diotela elkarri behin baino gehiagotan.

Azken bi urteetan unibertso nahiko antzekoan mugitzen naiz, eta liburu honek markatzen du unibertso hori. Detaileei begiratzen diet, eta florari eta faunari; eszena zehatzetan gauza ederren bila noa... Bada unibertso komun bat nire zutabeetan, bertsoetan eta liburuan. Ez dira gauza bera inondik ere, baina nik egiten ditut denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA