ETS Santiago Bernabeu betetzekoa dela, ezta? Edo Joselu Anayak zen? Euskal mikologiaren soinu bandaren kontu hori ere, bua, ze mugida, ez? Zer zen, Muskaria aldizkaria omentzeko zerbait? Barkatuko didazue, baina horrenbeste gertakari garrantzitsuren artean galdu egiten naiz batzuetan. Nolanahi dela, ziur denok batera lortuko dugula, horixe baietz. Dena emon behar jako maite dan pabiloiari; hala zioen Lizardik, ez ahaztu.
Egunkarietako politika sailen ardura dutenei aditu izan dizkiet kexak, etsigarria izaten baitzaie politikariek agenda baldintzatzeko kontzienteki deitutako prentsaurrekoen doinuaren arabera dantzan aritu beharra. Neuk ere izan dut antzerako sentsaziorik musikari dagokionez: normala da zure kontzertua promozionatzeko berri bat fabrikatzea, besterik da kazetariak horren arabera banatu behar izatea kultura saileko espazioa eta denbora.
Ulertzen dut, ez pentsa. Zaila da inertzia horretatik ihes egitea, eguneroko martxan halakoez kezkatzea. Zutabeek ematen dute beste norabait begiratzeko sosegua ordea, eta eskerrak. Ni konturatu naiz urteak daramatzadala Gaztelupeko Hotsak diskoetxeari buruz idatzi nahian, maiz pentsatu izan dut Xarrari eskatzea kudeatzen duen zigiluko urte beste disko gomendatzeko-edo. Data borobil baterako gorde izan dut ideia, eta konturatzerako hemen da diskoetxearen hogeita hamargarren urteurrena, ni espaziorik gabe geratzen ari naiz jada eta astirik ere ez dut halako erreportaje bat egiteko. Krudela da musikaren realpolitik-a.
Merezi dute plaentxiarrek, dena den: argitaratu dituzte diskoak, liburuak, zuzeneko emanaldiak antolatu. Bertan publikatu dute Tapiak, Montoiak, Los Galernak, 7 Eskalek, Broken Brothersek, Bide Ertzeanek, Maite Larburuk eta beste hamaikak. Horietako lan gehienak ez ditut entzun, ez dizuet gezurrik esango; ziur zuek ere ezetz. Jazz, blues eta beste giro beltzetako harribitxiz beteta dago katalogoa besteak beste, aparretan gutxitan egon arren jo eta su lanean aritu izanaren ondorio. Izan ere, poetak zioen modura —orain bai, ziur naiz—, fokuak beste edonora begira daudenean ere, iluntzeko bakian, norbaitek darrai kantari.