Hutsuneak sentimenduz bete

Amaia Lasaren poemak oinarri dituen 'Espazio hutsak' antzezlana Viktoria Eugenian eskainiko du Higak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Amaia Lasaren Geroaren aurpegia (EHU, 2000) liburuko olerkiak mugimenduz jantzi ditu Higa Antzerki taldeak Espazio hutsak ikuskizuna ontzeko. Olerkiek sortu dizkien sentsazio, sentipen eta emozioak gorputzaren mugimendu bilakatu dituzte Arantxa Moñux, Kristina Ropero eta Maria Alonso aktoreek. Eta sentimendu horiekin beteko dituzte taula gaineko espazio hutsak, bihar eta etzi iluntzean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Eszenografia soila hautatu du taldeak: hiru aktoreez gain, hiru aulki baino ez dira taula gainean ikusiko. Olerkiak errezitatuko dituzte, mugimenduek lagunduta. Dantza, errezitaldia edo antzerkia baino, «olerki antzeztuak» eskainiko dituztela azaldu du Roperok. «Bere olerkiak geure egin ditugu, eta gure erara adierazi nahi ditugu, gorputzaren bitartez».

Euskal literaturan emakumeari ahotsa ematen lehenetarikoa izan zelako eta bere poemetan askotariko gaiak lantzen dituelako erakarri zituen Lasak, besteak beste. Poemekin batera, «aktoreen bidez irudiak ere oholtzaratu» nahi zituztela azaldu du Moñuxek. Liburutik gehien hunkitzen zituzten poemak hautatu zituzten, tartean antzezlanari izena ematen dion Espazio hutsak. Mertxe Castañori deitu zioten gero, zuzendaritzaz ardura zedin. Iñaki Santosen zuzeneko musikarekin ariko dira bi emanaldietan.

Emanaldien ondotik solasaldi bana egingo dute, Amaia Lasaren beraren parte-hartzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.