«Pasioz eraiki zuen Maitaldia Thierry Malandainek, eta hala egin du aurten ere bere talde guziarekin batera». Aurten bai, Maitaldiaren prentsaurrekoa agur baten modukoa izan da Malandainentzat, dantza festibala zuzenduko duen azkena izanen baita buruil honetakoa. Ondotik, Martin Harriagari pasatuko dio Miarritzeko (Lapurdi) festibalaren ardura, eta horixe bera azpimarratu du aurkezpena finitu artio Maitaldiko koordinatzaile Eloixa Ospitalek: «Maitaldia belaunaldien arteko topaketa ez ezik, belaunaldien arteko segida bat ere bada».
2000n hartu zuen Malandainek Maitaldiaren zuzendaritza, eta iazko aldira arte dantza festibala «finki eta leialki» eraiki duela azpimarratu du Ospitalek. «Uste dut Thierry Malandainek desafioa kausitu duela, eta, urtez urte, azkenean erreferentzia bihurtu garela. Iazko aldia zoragarria izan da horri esker. 38.000 pertsona etorri zitzaizkigun, eta arrakasta horren bultzadaz osatu dugu aurtengo egitaraua».
Aurtengoa 46. aldia izango da, eta buruilaren 10etik 21era bitarte eginen da. Hogei dantza konpainia gomitatu dituzte hemezortzi herritan aritzeko, eta orotara laurogei ekitaldi izanen dira, baita nazioarteko lau sorkuntza ere. Betiko gisan, lau kategoriatan banatu dituzte dantza festibalaren emanaldiak: balletak, Euskal Herriko artisten sorkuntzak, dantzaren instituzio handiak eta sortzaile belaunaldien arteko topaketak.
Balletak
Lau koreografo «handi» ekarraraziko dituzte Maitaldira, eta Ospitalek festibaleko irekiera eman du agerian lehen-lehenik: Benjamin Millepiedek eta November Ultrak ondu Summerland estreinatuko dute. Balletaren gaia ikusirik, udako giroaren luzapen bat eskaini nahi du Maitaldiak. November Ultraren ahots «magnetikoak» eta Benjamin Millepiederen arteko batuketa udako arrastirien «gozotasuna» luzatzeko proposamena da. Hala, buruilaren 10ean eta 11n emanen dute Gare du Midi aretoan.
Horrez gain, Lucia Lakarra nazioarteko izarrak eta haren dantzakide Matthew Goldwinek Lost letters balleta emanen dute, buruilaren 17an, Miarritzeko Kasinoan. Martin Harriagaren zuzendaritzapean, Promethee eta Awen balletak emanen ditu Avignongo Operako balletak buruilaren 11n eta 19an, Miarritzen, Pauen (Okzitania) eta Errenterian (Gipuzkoa). Bordeleko (Okzitania) Operako balletak, berriz, Alexander Ekmanen Joy aurkeztuko du buruilaren 20an, Gare du Midi aretoan.
Euskal Herriko artistak
Urte guziz bezalaxe, Euskal Herriko dantzariak eta artistak ekarriko ditu Malandainek. Etxepare Institutuak eman laguntzari esker sostengatzen dituzte lekuko artistak, Ospitaleren erranetan. Orotara, aurten, Euskal Herriko zazpi ikusgarri erakutsiko dituzte. Bilaka kolektiboak, esaterako, Bezperan ikusgarria emanen du buruilaren 17an. Dirau sorkuntza berria ere karrikaratuko dute zenbait aldiz buruilaren 12tik aitzina.
Ibawa kolektiboak Gaua ikuskizuna plazaratuko du buruilaren 11n, Donapaleun (Nafarroa Beherea). Ospitalek kontatu duenez, Malandain balletak urte batez lagundu ditu artistak, eta lan horren emaitza proposatuko dute Maitaldian: oren bateko ikusgarria. Led Silhouette eta Haatik konpainiak ere izanen dira festibalaren karietara. Haatik konpainiak OTS ikusgarria emanen du, Jone San Martinen zuzendaritzapean. Herri Gogoa Euskal Herriko lehen label diskografikoaren ondarea berrartu du, eta dantza tradizionala eta garaikidea nahasi.
Lasala konpainiak ere pieza bat eskainiko du. Baina, horrez gain, bi azpimarra egin ditu Ospitalek: Martzelina, Oihan Indarten drag pertsonaiaren historia ezagutzeko parada izanen dela erran du, buruilaren 16an, Colisee antzokian; eta, bertzalde, Mizel Theret Hegoak ikusgarriarekin jinen da aurten. Elodie Baffalioren Mellodi albumetik inspiratu da dantza jestu bakoitza «paisaia bat» izan dadin.
Dantzaren instituzioak
Erreferenteak diren hiru konpainiaren obra bana ere bada egitarauan: lehena, Chailloteko konpainiaren Contre Nature ikusgarria, zeina Rachid Ouramdanek zuzendu duen eta buruilaren 12an emanen duten Angeluko Quintaou antzokian (Lapurdi); bigarrena, Aina Alegreren Fugaces, Grenobleko Koregrafia Zentroak (Frantzia) emanen duen Carmen Amayaren flamenko dantzan oinarrituriko pieza, buruilaren 14an izanen da Baionako Michel Portal antzokian; eta hirugarren, Herve Koubi konpainiaren Sol Invictus, hip-hop estiloko pieza bat non hamazazpi dantzarik «elkarbizitza eta alaitasuna» batuko dituzten, Ospitalek gehitu duenez. Buruilaren 18an aurkeztuko dute, Gare du Midi aretoan.
Belaunaldien topaketa
Sortzaile belaunaldien arteko topaketak aurkeztu dituzte azkenik. Bortz pieza nabarmendu dituzte. Haien artean, SLB konpainiaren Ad Libitum aipatu du Ospitalek. «Sinplea eta harrigarria da. Dantzari bat eta bateria jotzaile bat baizik ez dira oholtza gainean, elkarri mintzo balira bezala». Horrez gain, bertzeak bertze, Myriam Nasy eta La Mangrove konpainiek ere tarte bat izanen dute haien obra berrienak aurkezteko.
Bihartik aitzina izanen dira salgai sarrerak, Maitaldiaren webgunean, eta egitaraua ere hantxe atzeman daiteke osorik.