Ibil bedi, Janus Lester, Zetak eta ‘Irati’ filmaren soinu banda daude Musika Bulegoak sarituen artean

Guztira 11 artista eta talderen lana aitortu du aurten Euskal Herriko Musika Bulegoak. Publikoaren saria ere eman dute aurrenekoz, eta ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak irabazi du.

Ibil bedi, Janus Lester, Zetak eta ‘Irati’ filmaren soinu banda daude Musika Bulegoak sarituen artean
Pello Reparaz lider duen Zetak taldeak irabazi du Musika Bulegoak sarietako bat. IÑIGO URIZZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko maiatzaren 15a
19:40
Entzun

Jakinarazi dituzte Euskal Herriko Musika Bulegoa sariketaren zortzigarren aldiko irabazleak: 11 dira, eta aldi berean dira musika eszenaren hamaika aurpegien ispilatzea, antolatzaileek iradoki dutenez. Hauek lortu dute aitortza, zehazki: Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rudiger, Zetak, Irati filmaren soinu banda, Euskal Barrokensemble, Gor diskoetxea eta ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea.

«Euskal musikaren aniztasunaren isla dira», nabarmendu du EHMBE Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko lehendakari Maddi Aranak sari banaketan. Iruñeko Zentralen egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Etxepare Institutuko Irene Larraza eta Iruñeko Kultur zinegotzi Maider Beloki ere.

Sariketaren aldi honetan, zortzi kidek osatutako epaimahaia aritu da lanean; Idoia Hernandez, Marina Hervas eta Olatz Salvador izan dira epaile, besteak beste. Zehazki, 2023an Euskal Herrian sortutako 120 musika proiektu aztertu dituzte, eta saridunak aukeratu. Atzera ere, antolatzaileek argitu dute irabazleen artean ez dela mailakatzerik. Hala eta guztiz, 11 sarituen arteko soilik zortzi saritu dira epaimahaiak hala erabakiak: Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rudiger, Zetak, eta Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Callejala bikotea –Irati filmaren soinu bandagatik–.

Ibil bedi, Janus Lester, Zetak eta ‘Irati’ filmaren soinu banda daude Musika Bulegoak sarituen artean
Guztira 11 artista eta talderen lana aitortu du aurten Musika Bulegoak. I. URIZ / FOKU

Izan ere, esaterako, Etxepare Institutuak erabaki du Euskal Barrokesemble saritzea. Plazaratutako oharrean zehaztu dutenez, Etxepareren asmoa izan da «euskal musika nazioartera zabaltzeko egindako lana aitortzea» sari horrekin. Eta argudiatu dute Euskal Barrokesemblek garaikurra merezi duela «antzinako musikaren esparruan estilo propioa lantzeagatik, eta hura euskal kulturarekin sustraitu ez ezik munduko bestelako hizkuntza eta kulturekin uztartzeagatik».

Ohorezkoa eta publikoarena

EHMBEko zuzendaritza batzordeak hala erabakita, ohorezko sari berezia eman diote Iruñeko Gor diskoetxeari. 1991. urtetik 2023ra eginiko bidea aitortu diote hala; iazko udazkenean itxi zituen ateak diskoetxe horrek.

Sariketak nobedade bat izan du bere zortzigarren aldian: publikoaren saria sortu dute. Aplikazio baten bitartez, herritarrei eman zaie musika proiekturik gustukoena bozkatzeko parada –50 jarri zizkieten aukeran–. ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak irabazi du. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta helburu nagusi du emakume artistei eta sortzaileei ikusgaitasuna ematea eta musika klasikoan erreferente emakumezkoak ezagutaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.