Askotan artistak mugimendu eta garai bati lotuta azaltzen zaizkigu. Badirudi epe jakin batean artelanak sortu ondoren hil egiten direla edo mundutik desagertzen direla. Gainera, artistak bilakaera ezberdin bat edo beste bide batzuk aztertzen baditu, ez zaizkio kontuan hartzen. Fama handiko artista izan behar da garai guztietako lanak publiko orokorrera irits daitezen, adibidez merkatuak eta arte historiak ondo tratatu dituen Picasso bezalako jenioak. Baina, orokorrean, arte historiara pasatu diren artista asko urte gutxiren produkziora mugatu ditugu.
Ni neu arte historialaria izan arren, ez ditut artista askoren ibilbide osoak ezagutzen, eta tarteka, arazoaz ohartu arren, lan handia egin behar da artistek sortutako artelan guztiak kontuan hartzeko. Ohartarazpen horietako bat izan zen Bilboko Guggenheim museoak antolatu duen Jasper Johns artista estatubatuar ezagunaren erakusketa. 50eko eta 60ko hamarkadetan sortutako dianen eta banderen koadroak ezagutzen banituen ere, harritu ninduen bizirik dagoela jakiteak eta pintatzen jarraitu duela urte hauetan guztietan.
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Kursaaleko Kubo aretoan ikusi nuen erakusketarekin. Xabier Morras artista ezaguna da niretzat. Urtetan Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza partekatu dugu eta 60ko hamarkada bukaeran pintatutako erliebedun koadroak euskal artearentzat garrantzi handikoak izan ziren. Hala ere, ezer gutxi dakigu bere hurrengo urteetako ibilbideari buruz. Horregatik, atzera begirako erakusketa batek artistaren ikuspegi osoa eman dezake. Morrasek berak dioenez, ez da obra ugaria duen pintorea; hala ere, ez daki pintatu gabe bizitzen, beraz, ibilbide luzeko lana dauka, nahiz eta ez duen askotan erakutsi.
Beharbada, hori da gutxitan kontuan izaten dugun ñabardura, artistak bere lana egin ondoren gizarteratu egin behar duela, alegia. Nola, hori da galdera zailena. Behin bere momentua izan duten artistak ez dira arrakasta edo ikusgarritasun une horren ondoren hiltzen. Bizirik jarraitzen dute, eta lanean. Baina non erakusten du bere lana 50 urte edo 60 urte dituen artistak? Noiz erakusten du artista batek bere lana, egin ahala edo hamar urteko uzta bildu ondoren? Artista bizi daiteke bere lanak ematen duenarekin, edo beste lan bat behar du, adibidez, irakaskuntza? Gizarteak babesten al ditu horrelako artistak, hau da, merkatuaren gailurrean ez daudenak? Prest al gaude arteari babesa emateko, eta noraino?