Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa abian den honetan, aspaldiko artelan bat etorri zait burura. Laurita Siles Malagako artista doktorego tesia Euskal Herrira egitera etorri zenean, lagun batek bertso txapelketa batera eraman zuen. Silesek ez zuen hitzik ulertzen, eta horregatik jarrerei arreta jartzen hasi zen: gorputz tente edo makurtuak, eskuak sakeletan, begirada galduak edo kontzentratuak. Hitzen bidez esaten zena interpretatu ezin zuenez, marrazkiaren bitartez hasi zen bere pertzepzioari forma ematen, serie txiki eta eder bat sortzeko —gure museo askotako bildumetan leku aproposa izango zuen lana, bide batez—.
Silesek poesia eta marrazkia hurbildu zituen, baina ezin izan zituen guztiz elkartu, bertsolaritza immateriala delako eta haren marrazkiak, hain zuzen, poesiaren edukiari heldu ezinetik jaio zirelako. Badira, ordea, poesia eta marrazkia banatu ezineko praktika gisa ulertzen dituzten kultura anitz. Alfabeto latinoa erabiltzen dugunok kaligrafia hitzaz estaltzen dugu islamaren lurraldeetan edo ideogramak erabiltzen dituzten herrialdeetan egiten diren testu-irudi horiek, baina hitzak gure ikuspegiaren mugak besterik ez du agerian uzten. Idatzi duguna besteentzat ulergarri egiteko helburua duen teknika bat da kaligrafia gurean, ikuspegi funtzionala besterik ez duena. Jane Austenen nobeletan kaligrafia ederra zuten emakumeak lauda zitezkeen arren, aspaldi ahalmen hori ez da askorik baloratzen; eta baloratzen zenean ere, ez zen inolaz ere artearen esparrura hurbiltzen. Gehien jota, egokitasunaren arloan geratzen zen.
Marokotik Iranera, Txinan zein Japonian, poesia eta idazkera elkar elikatzen duten praktika artistikoak dira. Poemak ez dira idazten; konposizio zainduetan marrazten dira. Idazkerak zirrara igortzen du, eta zirrara horrek bat etorri behar du poemak adierazi nahi duenarekin; alegia, poema idatzia emozio propioak sor ditzakeen marrazkia bada ere, emozio horiek esanahiarekin batera osotasun bat eratzen dute. Esaterako, neguaren hoztasunaz aritzen den poema batek ezin du forma loretsua izan, eta Alaren handitasuna adierazten duen bertso batek —meskitetan egoten direnak, kasurako— handitasun horren itxura izan behar du.
Poemaren zentzuaren edertasuna eta idazkeraren formarena elkartzen dira batak besteari indarra emateko, eta mendebaldekoei bereziki kostatzen zaigu elkarketa hori ulertzea; ez soilik hizkuntza ulertzen ez dugulako, eta irudi huts gisa ikusten dugulako kaligrafia deitzen dugun hori, elkarketa bera arrotza egiten zaigulako baizik. Hizkiak, guretzat, zerbait praktiko dira, ez edertasunerako bidea. Polita litzateke artistaren batek txapelketako bertso batzuk marraztuko balitu, eta are politagoa marrazkiok Laurita Silesenekin batera erakutsiko balira.