(H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteak urtez urte jartzen du bere aletxoa euskarazko nobela beltzaren munduan. (H)ilbeltza bekaren bitartez, genero horretako sormen eta itzulpen lanak sustatzen dituzte. Txandaka egiten dute bataren edo bestearen alde: urte batean, eleberri baten sorkuntza babesten du, eta hurrengoan, itzulpena. Itzulpenaren txanda da aurten. Hain zuzen, Idoia Santamaria izan da bekaren irabazlea; Friederich Durrenmatten Das Versprechen eleberria (Promesa) euskaratzeaz arduratuko da.
Guztira 11 lagin jaso dituzte bekaren antolatzaileek. Hauek osatu dute epaimahaia: Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Amaia Apalauza (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak —azken itzulpen bekaren irabazlea izan zen— eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkariak. Aurkeztutako laginaren erregistroa azpimarratu dute epaimahaikideek: Durrenmatten «estilo berezia» egoki euskaratu, eta joskerari arreta berezia jarri dio Santamariak, haien esanetan. Gainera, gaineratu dute itzultzaileak «hizkera neutroa bezain zehatza» erabili duela testua alemanetik euskaratzeko.
Ikusi gehiago
Santamariak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du orain, eta beste 3.000 eurokoa lana amaitzen duenean. Ondo bidean, Txalaparta argitaletxeak 2027ko abenduan kaleratuko du lana, eta 2028ko (H)ilbeltza jaialdian argitaratuko dute.