Friedrich Durrenmatt margolari eta idazle suitzarraren hitzek (Konolfingen, 1921 - Neuchatel, 1990) euskararainoko bidea eginen dutela bermatzeko zubia eraikiko du (H)ilbeltza bekaren X. aldiak. Bekaren antolatzaileek gaur eman dituzte aurtengo deialdiari buruzko xehetasunak, eta iragarri dute Durrenmatten Das Versprechen eleberriaren itzulpena lagunduko dutela. Ohi denez, obraren itzultzaileari 6.000 euroko laguntza emanen diote, bai eta Txalapartak liburua argitaratuko duelako bermea ere. Jadanik ireki dute deialdian izena emateko epea, eta, zehazki, martxoaren 16ra arte egonen da zabalik. Nobelaren lagin bat itzuli eta hura Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko da horretarako —nobelaren lehenbiziko eta bigarren atalak dira, 11 orrialde osotara, eta (H)ilbeltzaren webgunean eskuratu daitezke—, eta, adierazi dutenez, hauek hartuko dira aintzat irabazlea hautatzeko garaian: itzulpenaren kalitatea, aberastasuna, eta sorburu testuarekiko baliokidetza eta zuzenean jatorrizko hizkuntzatik euskaratu izana —kasu honetan, alemanetik—.Â
Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteari loturikoa da (H)ilbeltza beka. 2019an antolatu zuten estreinako aldiz, euskarazko eleberri beltza sustatzeko asmoz, eta, txandaka, sormen lanak eta itzulpen lanak saritzen dituzte. Iaz Gaizka Sarasola Iartzabalek eskuratu zuen laguntza, Mug(H)erri I izeneko eleberri proiektua aurkeztuta gailendu baitzen, eta, ezusterik ezean, 2027ko urtarrilean plazaratuko du lana finiturik.
Hortaz, jakina zen bekaren 2026ko aldiak itzulpen lan bati emanen ziola babesa, baina oraindik argitzeko zegoen zer lan euskaratzea izanen zuten xede, harik eta gaur Friedrich Durrenmatt idazlearen izena nabarmendu duten arte. XX. mendeko alemanezko idazle goratuenetako bat da Durrenmatt, eta idatzitako polizia nobelen artean sonatuenetako bat da orain euskaratu asmo duten hori, Das Versprechen (Promesa): neskato baten hilketa du abiapuntu. 2001ean, Sean Penn zinema zuzendari estatubatuarrak pantailara eraman zuen lana.Â
Erlazionatuta
Bekaren aurtengo deialdirako epaimahaian nor arituko den ere jakinarazi dute gaur: Baztango Udalaren ordezkari Fernando Anbustegi, Txalaparta argitaletxearen ordezkari Maddalen Subijana eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutako Amaia Apalauza Ollo itzultzailea izanen dira —2024ko (H)ilbeltza bekaren irabazle izan zen Apalauza, hain justu ere—. Epaileek hautatuta beka eskuratuko duen itzultzaileak 6.000 euroko diru laguntza jasoko du osotara, baina bi alditan: 2026ko maiatzean 3.000 euro emanen zaizkio, eta itzulpena bukatutakoan beste hainbeste.Â