Ikus-entzunezkoen arloko prestakuntzarako, sorkuntzarako eta postprodukziorako gune bat sortu dute Urduñan

Mundo Cero ekoiztetxeak jarri du abian, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du. Besteak beste, egoitza artistikoak eta tailerrak eskainiko ditu proiektuak.

Mundo Cero Etxea proiektuaren aurkezpena, Urduñan (Bizkaia). BIOK COMUNICACION
Mundo Cero Etxea proiektuaren aurkezpena, Urduñan (Bizkaia). BIOK COMUNICACION
Inigo Astiz
2026ko ekainaren 5a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ikuspegi soziala duen ikus-entzunezko prestakuntzarako, sorkuntzarako eta postprodukziorako gune bat». Horixe da Mundo Cero Etxea, proiektuaren sustatzaileek eskainitako definizioaren arabera, eta, sektorea garatzen laguntzeko ez ezik, landa ingurunean jarduera sortzeko eta talentua sustatzeko ere jarri dute abian. Mundo Cero ekoiztetxearena da proiektua, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du horretarako. Urduñan (Bizkaia) du egoitza, eta gaur aurkeztu dute ofizialki.

Ibon Cormenzana zinemagile eta ekoizleak 2023an jarri zuen abian Mundo Cero ekoiztetxea, eta, enpresaren webgunean zehazten denez, ikus-entzunezkoak «gogoetarako eta eraldaketa sozialerako» baliatzea izan dute helburu hasieratik. Zinema lanak, ekitaldiak eta formazio saioak antolatu dituzte horretarako, eta ideia orokor horren alde egiteko sortu dute orain Mundo Cero Etxea izenekoa ere. Etxe hori gune «bizia» izan dadin nahi dute, eta ikastaroak, tailerrak eta sorkuntza egonaldiak antolatuko dituzte horretarako.

Gaur egun, filmaketa lanak egiteko leku «erakargarria» da Bizkaia, Ainara Basurko Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuaren hitzetan, eta, hemendik aurrera, Urduñan zabaldu duten guneari esker, «industria bat sortzeko lekua» ere izango dela esan du.

Basurkoren hitzetan, ikus-entzunezkoen sektorean «erreferentzia gune» da lurraldea. Lidergo hori indartu egingo du Mundo Cero Etxeak. Horrez gainera, Bilboko Punta Zorrotzan sortu asmo duten zinema plato erraldoia ere hartu du gogoan diputatuak. Azken urteetan, 30 film inguru grabatu dituzte bertan zinemagileek, eta, besteak beste, Igor Legarreta zinemagileak ere han filmatu zituen Inurri itsuak filmeko sekuentzia nagusietako batzuk ere. Baina esperientzia solte horiek proiektu batean biltzeko asmoa adierazia dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak. Jadanik egina dute Ikus-entzunezkoen Bilbao Bizkaia Hub deitu dutena sortzeko lanen deialdi publikoa, eta urrian hastekoak dira lanak. Lau milioi euroko aurrekontua adostu du horretarako aldundiak, eta lurrak jarriko ditu udalak.

Bilbokoarekin alderatuta, nabarmen txikiagoa da Urduñako proiektua, baina, Basurkoren hitzetan, bi horiek izango dira Bizkaian martxan jarri asmo duten ikus-entzunezko sektoreari eskainitako ekosistema horretako «nodo» nagusiak.

Eragin soziala

Mundo Cero ekoiztetxeko ordezkarien hitzetan, «eragin sozialeko edukiak» sortzeko aukera eskainiko du Mundo Cero Etxeak aurrerantzean, eta, horrez gainera, prestakuntza espezializatua eta sorkuntza egoitza artistikoak ere eskainiko ditu. Cormenzanak azaldu duenez, ikus-entzunezko talentua «ikuspegi sozialarekin» profesionalizatzea dute helburu, bai eta Basurkok aipatutako erreferentzialtasun horren alde egitea ere, bai ekoizpenaren alorrean bai eta postprodukzioan ere.

Esplikatu dutenez, gainera, jadanik martxan dituzte lehen espezializatutako ikastaroak, eta tailer gehiago antolatuko dituzte datorren asteetan ere. Pablo Berger zinemagileak gidatuko du saio horietako bat, eta Victor Gay Zaragoza adimen artifizialaren eta storytelling-aren alorretako aditua izango da tailer horietan egongo diren beste profesionaletako bat. Fabiola Ordoio soinuari buruzko tailer bat ematekoa dela ere iragarri dute, eta Guillermo de la Calek muntaketari buruzko beste bat emango duela ere bai.

Mundo Cero Etxea, Urduñan (Bizkaia). BIOK COMUNICACION
Mundo Cero Etxea, Urduñan (Bizkaia). BIOK COMUNICACION
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE