Ikus-entzunezkoen sektoreak Zinemaren Akademia sortzea erabaki du

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 150 profesional baino gehiago batu dira gaurko sorrera ekitaldian, Bilbon; aho batez onartu dute egitasmoa.

'Bizkarsoro' pelikularen filmaketako irudi bat. BERRIA
'Bizkarsoro' pelikularen filmaketako irudi bat. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko apirilaren 23a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreak urrats erabakigarri bat egin du gaur, Zinemaren Akademia sortzeko bidean. Aspaldiko asmoari jarraikiz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 150 profesional inguru batu dira Bilbon, eta aho batez baiezkoa eman diote prozesua martxan jartzeari. Ohar batean esan dutenez, parte hartzaileek «lurraldeko ikus-entzunezkoen sektorea ordezkatu, indartu eta ikusgarri egiteko helburua duen proiektu kolektibo baten lehen hazitzat» jo dute gaurko bileraren emaitza.

Halaber, eratuko duten Zinema Akademiak «eremu inklusibo eta askotarikoa» izan beharko lukeela adierazi dute, eta sektorearen garapena bultzatzeko eta profesionalei zerbitzua emateko «funtsezko tresna» gisa definitu. Gauzak ondo bidean, Donostiako aurtengo Zinemaldian aurkeztuko litzateke akademia.

Hainbat hitzaldi eta gogoeta entzun eta eztabaidarako zenbait puntu zerrendatu ostean, batzarrera bildutakoek erakundea sortzeko lehen pausoak emango dituen talde bultzatzailea hautatu dute. Haren lanen artean garrantzitsuenetako bat IFZ identifikazio fiskaleko zenbaki bat lortu eta elkarteari egitura juridiko bat ematea izango da. «Sorrera batzordeak izaera iragankorra izango du, etorkizuneko gobernu batzordearen lehen hauteskundeak egin arte; orduan, modu demokratikoan zehaztuko da akademiaren behin betiko egitura», azaldu dute oharrean.

Besteak beste, Zinema Akademiaren oinarri orokorrak eta estatus juridikoa, kide izateko baldintzak, euskarak izango duen garrantzia eta Euskal Herriko lurralde bakoitzak beharko lukeen pisua zehaztea izango da gobernu batzordearen zein harekin batera osatuko diren zazpi batzordeen egitekoa.

Apirilaren 10ean eman zuten antolatzaileek gaurko topaketaren berri. Sektoreak dituen behar batzuk antzeman ostean, balizko akademia baterako oinarri batzuk iradoki zituzten gutun batean, eta ideia horiek «modu kolektiboan eta parte hartzailean mamitzen hasteko deia» egin zieten sektoreko profesionalei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA