Durangoko 60. Azoka

Ilhan Sami Çomak: «Bizi osoa nuen kartzelan egoteko; poesiak lagundu zidan»

Duela urtebete atera zen espetxetik Ilhan Sami Çomak idazle kurdua. Haren poema gutxi batzuk euskaratu dituzte, eta Joseba Sarrionandiaren beste batzuekin batera bildu argitalpen batean.

Ilhan Sami Çomak, Joseba Sarrionandia eta Itziar Ituño, atzo, Durangon. JON URBE / FOKU
Ilhan Sami Çomak, Joseba Sarrionandia eta Itziar Ituño, atzo, Durangon. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Durango
2025eko abenduaren 6a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

21 urte zituen Ilhan Sami Çomak-ek atxilo hartu zutenean. «21 urte besterik ez», hark berretsi duenez. Istanbulgo Unibertsitatean zebilen ikasle orduan, Letren Fakultatean, baina, hura kolpetik utzarazi, eta 30 urteko kartzelaldira zigortu zuten: kondena osorik beteta, iazko azaroan itzuli zen kalera. Tarte luze horretan, baina, letrei lotuta segitu du Çomakek espetxean, eta idazle ezaguna da egun Kurdistanen eta Turkian. Euskal Herriaren eta Kurdistanen arteko ezagutza sustatzen duen Suargi elkartearen ekimenez, haren poema batzuk euskarara ekarri dituzte lehenengoz orain, eta, Joseba Sarrionandiaren poema batzuekin elkartuta, argitalpen batean bildu dituzte. Bi egileek Itziar Ituño aktorearekin eta Laura Mintegi idazle eta Euskal PEN elkarteko kidearekin batera aurkeztu dute liburuxka, Durangoko 60. Azokan.

«Ihesbide bat ala errealitatean sakontzeko tresna bat?». Haientzat kartzelan idaztea zer izan den galdetu die Mintegik, eta «salbamendua» hitza hautatu du garbi Sami Çomakek. «Nik hasieran ez nekien poesiak nora eramango ninduen, baina, nolabait, salbamendurako bide bat bilakatu zen. Sententzia konfirmatu zenean, pentsatu nuen nire bizitzari balio bat erantsi behar niola, eta orduan etorri zen poesia ni salbatzera», adierazi du. Izan ere, preso hartu zutenean bizitzarekiko irrika handia sentitzen zuela nabarmendu du, eta idazketan bilatu zuela indar hori kanalizatzeko modu bat. «Banekien bizi osoa nuela kartzelan egoteko, baina pasio handia nuen bizitzarekiko, eta poesiak lagundu zidan bizitzarekin zetorren hori guztia besarkatzen: murruen beste aldean, hortxe bertan, hain urrun eta aldi berean hain gertu zegoen hori».

«Diktadurak, erregimen autoritarioak, amaituko dira, eta amaitzen direnean, poesiak jarraitu egingo du, zentzu askoz ere zabalagoa baitu»

ILHAN SAMI ÇOMAK Idazlea

Espetxean igarotako 30 urteetan, poemak ez ezik, antzerkia eta narrazioa ere idatzi eta argitaratu ditu Sami Çomakek (Karliova, Bingöl, Turkiaren menpeko Kurdistan), hala turkieraz nola kurdueraz, eta ingelesera eta norvegierara ere heldu da haren lana. Hain justu, Norvegiako Kultur Ministerioak eta Idazleen Elkarteak Adierazpen Askatasunaren eta Herritarren Sari Berezia eman zioten 2022an.

«Idazten dudan guztia politikoa da», defendatu du idazleak; «baina ez dut politikaz idazten», ñabartu du gero. «Alde batetik, nire poemek ekartzen dituzten bizitzako gauza guztiak, zuzenean politikaz hitz egiten ez badute ere, zeharo politikoak direlako; eta, beste aldetik, poesia horren guztiaren gainetik dagoelako: diktadurak, erregimen autoritarioak, amaituko dira, eta amaitzen direnean, poesiak jarraitu egingo du, zentzu askoz ere zabalagoa baitu».

«Herritartasun kolonial bat»

22 urte baino ez zituenean atxilotu zuten Sarrionandia ere. Espetxean idatzi zuen lehenik, gero erbestean, eta, Mintegik egindako galderari erantzuteko, ikasle zeneko giroa oroitu du hark lehen gauza. «Nik hor bertan ikasi nuen, Jesuitetan [Durangoko Musika Eskolako leihoez harago seinalatu du], eta gure artean ez genekien nortzuk ginen euskaldunak; burlatu egiten ginen euskaldunaz, ze bazeuden bi edo hiru baserritik etortzen zirenak eta ez zekitenak artikulua ondo jartzen; el luna, la sol esaten zuten, eta beste guztiak, euskaldunak ginenak, lotsatuta, isilik egoten ginen». Artean legez kanpokoak ziren gau eskoletara jo zuen Sarrionandiak euskaraz idazten ikasteko, eta garbi esan du: «Gu debekuaren kontra hasi ginen idazten».

«Europan gaudelako, egitura kolonialaren goiko partean gaudelako, komodidade ekonomiko horrekin aguantatzen dugu jasanezina den egoera linguistiko, politiko eta kultural bat»

JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea

Gauzak aldatu diren arren, hainbat kontuk bere horretan segitzen dute, Sarrionandiaren iritziz: «Frankismoa amaitu zela esaten dute, baina monarkia daukagu, zeina ez baita gauza demokratikoa; oligarkia itzela daukagu, komunikabideen gaineko kontrola, Guardia Zibila, ejerzitoa, Polizia... Durangoko kuartela hor dago, leku berean». Haren ustetan, «teknikoki, herri kolonizatu bat» izaten segitzen du Euskal Herriak: «Nire ustez, euskaraz idaztea berez dago lotuta herritartasun kolonial bati. Jende kolonizatuaren ezaugarri guztiak ditugu; horren froga da alderdi abertzaleek irabazten dituztela hauteskundeak eta jende gehienak El Correo leitzen duela». Anomalia bat du euskaldunen «kolonizazioak», Sarrionandiarentzat: erosotasun ekonomikoa. «Europan gaudelako, egitura kolonialaren goiko partean gaudelako, komodidade ekonomiko horrekin aguantatzen dugu jasanezina den egoera linguistiko, politiko eta kultural bat. Eta, orduan, niretzat, idaztea horren kontra egitea da, egitura horien kontra egitea». Esan du ingelesa balitz, edo espainola, ziurrenik ez lukeela idatziko.

Denera, bi idazleen hamar poemarekin osatu dute Mugarik gabeko poemak liburuxka, eta Arkaitz Estiballes Ormaetxearen bertsoekin jantzi dute hitzaurrea. Ituñok irakurri ditu horiek aurkezpenean; baita Sami Çomaken poema bat ere, zeina hala bukatzen den: «Hemen edo hor bada sakonera bat, eta han su bat./ Hemen bada hitz bat, oraindik esan gabea!/ Utzi usoei marmar egiten, baina isildu gaitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.