Zinema

Imanol Uriberi saria entregatuta amaituko dute aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldia

Bihar izango da amaiera ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian: Uriberen 'Bwana' filma proiektatuko dute, 16:30ean, eta saria emango diote gero, 20:00etan. Esklusiba bat eman du: martxan du proiektu berri bat, Agirresaroberekin elkarlanean.

Imanol Uribe, gaur, Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria eskuetan duela. JON URBE / FOKU
Imanol Uribe, gaur, Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria eskuetan duela. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko apirilaren 29a
12:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Segoviako ihesari buruzko film bat ondu zuen Imanol Uribe zinemagileak, gertatu eta bost urtera: Segoviako ihesa (1981). Jazotakoa erakusteaz gain, filmak memoria kolektiboan eragin zuen, eta, 50 urte pasatu badira ere, gertatutakoa oroitzeko baliabide da oraindik ere. Horretan tematu izan da Uribe: «errealitatea» kontatu eta gaurkotasunez beteriko gaiak jorratu ditu bere ibilbide artistikoan. Trantsizio garaian hasi zen filmak egiten —esaterako, Burgosko Prozesua (1979) eta Mikelen heriotza (1983)—, eta, besteak beste, frankismoari eta migrazioari buruzko gaiak landu zituen gero —Días contados (1994), Bwanan (1996), El viaje de Carol (2002) eta Miel de naranjas (2012)—. Gizarte gaiekin adierazi duen «konpromiso» hori dela eta, saria emango diote Giza Eskubideen Zinemaldian, bihar, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian, eta orduan amaituko da 23. Giza Eskubideen Zinemaldia. Dena den, lanean segitzen duela ziurtatu du zinemagileak: «Saria ez da erretiroaren adierazle». 

Senak eraman zuen Uribe film politikoak egitera. San Salvadorren (El Salvador) jaio bazen ere, ama bilbotarra eta aita gernikarra ditu; hortaz, «haritik tiraka» hasi zen zinemaren munduan sartu zenean. «Zinema errealitatea ezagutzeko bide bat zen», esan du zuzendariak. Baina norabidea ere aldatu zuen zertxobait zinemagile politikotzat jo zutenean; hala, thrillerra, abentura eta beldurrezko filmak ere ondu izan ditu —adibidez, La luna negra (1989), El rey pasmado (1991), Plenilunio (2000) eta La carta esférica (2007)—. 

«Etakideen pertsonaiak hieratiko egiten dituzte, munstroak balira bezala. Eta, finean, haiek ere bazuten bihoztxo bat» IMANOL URIBE Zinemagilea

Denborak perspektiba ematen du, eta horrek, zineman ere, baditu abantailak; baina baita desabantailak ere. Izan ere, begi onez ikusten ditu Uribek azken urteotan estreinatutako Euskal Herriko gatazkari buruzko filmak, baina ñabardura bat gehitu du: «Etakideen pertsonaiak hieratiko egiten dituzte, munstroak balira bezala. Eta, finean, haiek ere bazuten bihoztxo bat». Denboraren poderioz, zinemagileak uste du pertsonaia horiek «ertzak» galdu dituztela, alegia, «nolabait gizaki egiten dituzten sentimendu eta zera» horiek. Bestalde, euskal zinemaren gorakada orokorra nabarmendu du, eta, bereziki, emakumeen presentzia azpimarratu: «Euskal zinema oso garai indartsuan dago».  

Burgosko Prozesuari buruzko Uriberen dokumentalaren harira, gogoan izan dute Francisco Letamendia Belzunze 'Ortzi' ezker abertzaleko militante historikoa, orain bi egun hil baitzen. 1970eko prozesu hartan, Letamendia izan zen auzipetuen aldeko abokatu gazteena. 

Saria: 'Oroimena'

Aitor Mendizabal eskultoreak eginiko monolitoaren erreplika jasoko du Uribek bihar. Oroimena izena du piezak, eta «biktima guztien omenez» dago egina. Baina saria jaso baino lehen, Bwana filma proiektatuko dute, 16:30ean. Andaluziako (Espainia) kostaldean dago girotua. Familia bat bertako hondartza bakarti batera doa, eta han Ombasirekin egingo du topo, miseriatik ihesi ari den afrikar batekin. Hain zuzen, migrazioaren gaia pil-pilean dagoelako erabaki du zinemagileak film hori proiektatzea. Halere, orain 30 urte estreinatu zela eta, filmaren begirada orduan baino pesimistagoa dela iritzi dio zuzendariak: «Ultraeskuinaren gorakadak nire garaian ez bezalako arrazismoa ekarri du». Proiekzioa doan izango da, eta ikusleak zinemagilearekin solastatu ahal izango dira gero.

Donostiako Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra jaso zuen Bwana filmak, 1996an; baita epaimahaiaren Argazkilaritza Onenaren saria ere. Javier Agirresarobe izan zen argazkilaritza zuzendaria, Uriberen beste hainbat filmetan bezala. Hain zuzen ere, zinemagilearen alboan izan da gaur Agirresarobe, eta esklusiba bat eman dute: proiektu berri bat dute esku artean, eta elkarrekin idatzi dute gidoia. Filmaren behin-behineko titulua ere zehaztu dute: La virgen muda

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA