Whatsapp elkarrizketa baten gisako ipuin bat ondu du Iban Zaldua idazleak:
Avigdor:
«Kaixo, zmz zaude»
Txemi:
«Kaixo, Avi. Ondo»
«Pozten nau zure mezu bat jasotzeak»
Avigdor:
«Ondo? Benetan?»
Txemi:
«Orain idatzi didazula, are hobeto 😉»
Avigdor:
«Txemi... ezagutzen dugu elkar. Ez zaude ondo. Ezin zara ondo egon»
Txemi:
«Ikusi duzu, ezta?»
Avigdor:
«Nola ez»
Txemi:
«Une batez pentsatu nuen: ‘Avigdorrek idatziko dit, agian’»
Avigdor:
«Telebista guztietan eman dute»
Txemi:
«Baina aitortzen dizut itxaropen askorik gabe pentsatu nuela»
Avigdor:
«Ba hemen nago»
Txemi:
«Eta ni poztutzen naiz ☺️»
Avigdor:
«Seguru?»
Txemi:
«Badakizu hala dela»
Avigdor:
«Ikaragarri ondo atera zitzaizun triangle armbar-a, bide batez»
Txemi:
«Nola jakin duzu ni nintzela? Aurpegia ez zait irudi batean ere ikusten»
«Uste dut bideo guztiak errepasatu ditudala»
Avigdor:
«Gorpuzkeragatik. Eta eskumuturreko tatuajeagatik. Gainera, itotzea abiatzeko mugimendu hori neuk irakatsi nizun»
«Tipoa seko iltzatuta utzi duzu zoruaren kontra ✊🏻»
Txemi:
«Irakaslerik onena izan nuen»
Avigdor:
«Hori guztiei esango diezu»
Txemi:
«Badakizu egia dela. Jakingo bazenu zenbat gogoratzen naizen Hod Hasharan-go egun haietaz… Entrenalekua hor dago oraindik ere, ezta?»
Avigdor:
«Pare bat aldiz zabaldu dituzte instalazioak orduz geroztik. Kartoi-harrizko herrixka oso bat eraiki dute errekaren ondoan, minarete eta guzti, erasoaldi saioetarako»
«Eta kafe-makina potroso haren ordez Nespresso bat ipini dute, sekulako cappuccinoak egiten dituena»
Txemi:
«Gogoratzen naiz kafe-makina hartaz. Edabe hura ez zen kafea ez ezer 😂»
Avigdor:
«Biguntzen ari gara»
Txemi:
«Ez da horrenbesterako izango»
Avigdor:
«Baina, benetan, ondo zaude?»
Txemi:
«Baaaai»
«Tira, baja hartu dut, noski»
Avigdor:
«Zerbait egin dizute zorritsu putakume horiek?»
Txemi:
«Ez, lasai. Luxazio bat besterik ez, badakizu»
«Baina estresagatik ere har nezakeen»
Avigdor:
«Ez nau harritzen»
Txemi:
«Kaka besterik ez digute botatzen. Ez dakizu nola gorrotatzen gaituzten»
Avigdor:
«Gutxiengo bat da. Beti esan didazu gutxiengo bat direla»
Txemi:
«Baina oso zaratatsua»
Avigdor:
«Bueno, merezi zutena eman zenieten, behintzat 🏏 🥊»
Txemi:
«Errietatxoa jasotzeko gero...»
Avigdor:
«Bo, ez zaizue ezer gertatuko. Hemen ere, badakizu: ikerketa abiarazten dute, baina gero ezertan geratu ohi da»
Txemi:
«Jakina. Baina hala ere»
Avigdor:
«Bai, izorratzen du»
Txemi:
«Apur bat»
Avigdor:
«Eta, zer. Itxaropenik hona ziklo bat egitera atzera bidal zaitzateten inoiz?»
Txemi:
«Gauzak dauden bezala, ez dut uste»
Avigdor:
«Ja»
Txemi:
«Eta zu gurera etortzeko? Badakizu hemen oso ondo hartuko zaitugula»
«Carlosek eta Mikelek goraintziak bidaltzen dizkizute»
Avigdor:
«Haiekin zaude, ala?»
Txemi:
«Terraza batean, garagardo batzuk hartzen. Castron»
«Tel Aviven beste bero egiten du egunotan, hemen»
Avigdor:
«Primeran 👏🏻»
«Baina Espainiara nekez joango naiz, are gutxiago Euskadira. Zuk esan duzun bezala, gutxi dira, baina zaratatsuak»
Txemi:
«Beste norabaiterako plana egin genezake. Erroman geratu ginenean bezala»
«Kroaziako kostaldea oso ondo dagoela esan didate»
«Hor, erdibidean ere 😉»
«Gutxi gorabehera»
Avigdor:
«Kontua ez dago txantxetarako. Shin Bet-ek atzerrirako turismo-irteerak mugatzeko gomendioa egin digu. Estatu Batuetara ezik, noski»
«Gainera, Estherrekin, eta alabekin, badakizu»
Txemi:
«...»
Avigdor:
«Ez duzu ezer idatzi behar, azkenean?»
«Zer edo zer ipintzen hasi zarela ikusi dut»
Txemi:
«Zer nahi duzu ba esatea»
Avigdor:
«Idazten hasi zarena, besterik ez»
Txemi:
«Orain zeu zara egiazaletasuna eskatzen didana?»
Avigdor:
«Zer esan nahi duzu?»
Txemi:
«Sobera dakizu zer esan nahi dudan»
«Azkenean Esther eta alabak direla. Eta zure ama, eta zure aita, eta zure osabak eta izebak eta lehengusu-lehengusinak, eta kibbutznikim puta guztiak»
Avigdor:
«Txemi, badakizu zer dagoen»
Txemi:
«Bai, behin baino gehiagotan azaldu didazu»
«Baina idatzi didazunean pentsatu dut nitaz kezkatuta zeundela. Azkenean»
Avigdor:
«Eta kezkatuta nago»
«Aireportuko harrerako irudiak ikusi bezain laster idatzi dizut»
Txemi:
«Herenegun izan zen»
Avigdor:
«Nik gaur ikusi ditut»
«Gaur goizean»
«Baina orain arte ezin izan dizut patxadaz idatzi»
Txemi:
«Bai, badakit. Esther eta alabak, eta zure bizitzako konplikazio guztiak»
Avigdor:
«Ez hasi, Txemi»
Txemi:
«Une batez gogoberotu naiz. Besterik ez»
«Tira, berdin dio»
«...»
«...»
Avigdor:
«Ez didazu ezer esan behar, orduan?»
Txemi:
«...»
«...»
Avigdor:
«Bueno, agur orduan»
Txemi:
«...»
Avigdor:
«Berriro ere, zorionak giltza horrengatik. Aspaldi ikusten ez nuela maila horretako immobilizazio bat»
Txemi:
«...»
«...»
Avigdor:
«Eta zorionak ere zure lankideei borra-kolpe erauntsi horrengatik, nire partez 👌🏻»
«Ikusten dituzunean»
Txemi:
«...»
Avigdor:
«😘😘»
[Ingelesetik itzulia]