Hasi da atzerako kontua. Azken prestaketa lanetan zebiltzan atzo Los Angelesko Kodak antzokian, etzi goizaldean egingo duten Oscar sarien 88. ekitaldia hartzeko. Atarian jada jarrita dago alfonbra gorria, eta haren 166 metro luzeko ibilbidetik igaroko dira, argazkilarien flash kolpeen argipean, egungo zinemaren izar handiak eta izen ezezagunagoak. AEBetako zinema industriaren sari garrantzitsuenak izanik, milioika ikusle izango dituzte begira telebistaren beste aldean, eta, urtero moduan, hotsandiko ikuskizuna iragarri dute. Hollywoodeko Akademiak zeintzuk sarituko dituen jakitea baino ez da falta.
Alejandro Gonzalez Iñarritu eta The Revenant haren filma jotzen dituzte gehienek faborito nagusi. Hamabi izendapen lortu ditu zinemagile mexikarrak, sari nagusietakoak tartean. Film onenaren saria nahiz zuzendari onenarena irabaziko balu, bi urtez jarraian halakorik lortu duen zinemagile bakanen zerrendan sartuko litzateke —iaz, bi sariok lortu zituen Birdman lanari esker—. Bigarren urtez jarraian, zortzi dira lan onenaren sarirako lehian dauden filmak, eta, izendatuen artean, Iñarriturenaz gain, beste bi ditu kritikak lehiakide nagusitzat: The Big Short eta Spotlight. Baina izan liteke ezustekorik ere, eta kinielen aurka, beste bostetako batek irabaz dezake garaikur nagusia. Bridge of Spies; Brooklyn; Mad Max: Fury Road; The Martian eta Room daude lehia horretan.
Zuzendari onenaren sarirako ere Iñarritu jotzen dute askok faborito, baina Mad Max: Fury Road-en egile George Millerrekin lehia estua izango dela iragartzen dute beste askok. 70 urterekin, akzioz betetako lana ondu du zinemagileak. Millerrek kategoria horretan izendapena lortu duen lehen aldia da, nahiz eta lehenago lortu duen Oscar saririk —animazioko film onenarena, Happy Feet (2006) lanari esker—. Zuzendari onenaren sarirako izendapena lortzen duten aurreneko aldia izan da beste hiru hautagaientzat ere: Adam McKay (The Big Short), Tom McCarthy (Spotlight) eta Lenny Abrahamson (Room).
Aktore protagonistei dagokienez, izen bat nabarmentzen ari da beste lau hautagaienen gainetik: Leonardo Di Capriorena. The Revenant lanean, Hugh Glass izeneko XIX. mendeko esploratzailearen rola jokatu du aktoreak; hartz baten erasoa jasan ostean, bertan baztertuta utziko dute espedizioko kideek, eta hark, mendeku gosez, bizirik irauteko eta haiek aurkitzeko gogor borrokatuko du. Bere ibilbideko lanik zailena izan duela esan du aktoreak, baina emaitza ikusita, merezi izan duela. Urrezko Globoa, Bafta saria eta AEBetako Aktoreen Sindikatuena irabazi ditu jada lan horregatik, eta, agian, aktore onenaren lehen estatuatxoa irabaztea ere ekar diezaioke. Beste bost aldiz egon da izendatua Di Caprio sari horretarako, baina ez du inoiz lortu. Beste lau izendatuetako batek ere irabaz lezake, beraz, oraingoan: Bryan Cranston (Trumbo) Matt Damon (The Martian), Michael Fassbender (Steve Jobs) eta Eddie Redmayne (The Danish Girl) daude zerrendan.
Emakumezko aktore onenaren sarian, berriz, Brie Larson jotzen dute gehienek faborito nagusi, Di Capriok Oscar sarien aurretik banatzen diren hiru sari garrantzitsuenak irabazi baititu Room filmean egindako lanari esker. Istorio dramatikoa du oinarri filmak: gizon batek 17 urterekin bahitzen eta bortxatzen duen neska baten rola jokatu du Larsonek; seme bat izango du bortxaketen ondorioz, eta gela txiki batean giltzapetuta biziko dira biak. Haurra babesteko irudimena eta maitasuna izango dira amaren tresna nagusiak. Kritikak haren lana txalotu badu ere, saria lortzeko lehiakide gogorrak izango ditu aurrean, kritika onak lortu dituztenak hauek ere: Cate Blanchett (Carol) eta Jennifer Lawrence (Joy) —aurrez Oscar sari bi eta bat irabazitakoak, hurrenez hurren—, Saoirse Ronan (Brooklyn) eta Charlotte Rampling (45 Years).
Izango da Hollywoodeko industriatik kanpoko lanik ere, bost film baitaude izendatuta ingelesez besteko film onenaren sarirako: El abrazo de la serpiente (Ciro Guerra, Kolonbia); Krigen (Tobias Lindholm, Danimarka); Mustang (Deniz Gamze Erguven, Frantzia); Saul fia (Laszlo Nemes, Hungaria); eta Theeb (Naji Abu Nowar, Jordania).
Hainbat polemika
Zinemaren arloko ehunka lagun bilduko dira etziko galan, baina izango da joango ez denik ere. Polemika piztu baitzuen aurten, bigarren urtez jarraian, aktore beltz bakarra ere izendatu ez izanak. Ez protagonista ez taldeko aktoreen kategorietan, ez gizon ez emakumeen artean, ez dago aktore beltzik hogei hautagaien artean. Galara ez direla joango iragarri dute hainbatek, protesta gisa, Spike Lee, Jada Pinkett eta Will Smith-ek, besteak beste. Asko zain daude Chris Rock umoregileak —beltza hura ere— keinurik egingo ote dion protestari, hark aurkeztuko baitu sari banaketa ekitaldia.
Protestak ikusita, hainbat aldaketa agindu ditu Hollywoodeko Akademiak, bere erabakiguneetan kideen aniztasun handiagoa lortze aldera. Baluke zer aldatua. Esaterako, emakumerik ere ez dago zuzendari onenen sarirako hautagaien artean —bakarrak irabazi du Oscar saria 88 urteko historian—, baina horrek ez du halako zeresanik eman. Protesta egiten azkena, Anohni musikaria izan da, «transexualei begira zapalkuntza sozialeko eta aukera txikiagoko sistema» salatzeko. Manta Ray-gatik abesti onenaren sarirako hautagaia da.
Iñarritu faborito dela banatuko dituzte Oscar sariak etziko galan
'The Revenant', 'Spotlight' eta 'The Big Short' aipatzen ditu kritikak film onenaren sarirako aukera gehien dituztenen artean.Bere lehen estatuatxoa lor dezake Leonardo Di Capriok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu