Gasteizko 49. Jazzaldia

Indarrez zizelkatutako saioak Gasteizen

Sun Ra Arkestraren kontzertua, atzo, Mendizorrotzan. RAUL BOGAJO / FOKU
Sun Ra Arkestraren kontzertua, atzo, Mendizorrotzan. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteiz
2026ko uztailaren 17a
10:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kris Davis TriO, Irene Reig Quartet, Sun Ra Arkestra

Lekua: Europa biltzar jauregia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: uztailaren 16a. 

 

Bizitza pianoari eskaini dion musikaria dugu Kris Davis kanadarra. Etengabeko praktikarekin eta askotariko proiektuetan murgilduz egin du bidea, maisutasunez, eta hamarnaka lan kaleratu ditu ibilbidean, gaztetasunari aski ongi eusten badio ere artean. Izandako taldeetako batzuetan Davis bera izan da buru, gidari, eta, beste batzuetan, bandako kide gisara aritu da gehiago. Oraingo honetan, Europa jauregian emandako kontzertuan, berak sortutako hainbat pieza aurkeztu ditu Davisek, Robert Hurstekin (kontrabaxua) eta Johnathan Blakerekin (bateria) batera hirukotea osatuta; batetik, 2024an eratutako formazio horrekin kaleratutako lehenengo laneko pieza batzuk batzuk jo dituzte —Run the Gauntlet du izena albumak—, eta, bestetik, baita aurten kaleratuko duten Lost in Geneva diskoko hainbat ere. Bi lanok gomendagarriak dira, oso. 

Kontzertuko unerik aipagarriena, eta gaueko une indartsuenaren urrea ostu duena, baina, Hurstek konposatutako The Bluesy Bird in Bob’s Backyard izan dugu. Haren interpretazio grinatsuak, bateria jotzaile Blakenak bereziki, palkoetaraino astindu du lurra, eta zeharo inposatu du bizitasun propio eta berezi bat, eta arreta ukaezina ekarri. Energia biziko saioa izan da une oro, avant-garde generoan ez hain ohikoa eta eskertzekoa. 

Edozein kasutan, Davisen esperientzia nabaria izan da lehenengo notatik azkenera arte. Are, bereziki nabarmena izan da azken partean, eta hori bera izan da une oro helburu izan duen sentsaziora heltzeko giltza. Eszenatoki txikiek soinu erraldoienak ere hartu ditzaketelako erakusle izan da, hain zuzen.

Debuta Gasteizen

Irene Reig Bartzelonako gazteak lasai hartu du Mendizorrotzako oholtza. Ànima bere bigarren lana aurkeztera etorri da hirira, eta, modu batean edo bestean, entzuleen gozamena eragin du. Albumaren izen bereko lau piezarekin osatutako suitarekin hasi izanak guztiz murgildu gaitu emanaldian, eta erraztasunez zeharkatu dugu saioko lan teknikoena. Gerora, albumaren beste hiru kantak interpretatu dituzte musikariek. Bis-ik ez izan, eta berehala itxi dute sakona bezain xaloa suertatu den kontzertua.

Xavi Torresek (piano), Pau Salak (kontrabaxua) eta Andreu Pitarchek (bateria) osatzen dute laukote katalana; burura datozkigun talde gazteenetakoa da haiena. Osoki konposizio propioz osatutako lan honetan, post-bop estiloa jorratu du saxofoi jotzaileak; bigarren pauso sendoa da bere ibilbidean.

Irene Reig saxofoi jotzailea, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irene Reig saxofoi jotzailea, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU

Bestalde, izen handi bat dugu Sun Ra Arkestra, fantasiaren nahaste ikonikoa. Lapislazuli koloreko arropa eta doinuekin eta urre koloreko margoak soinean hurbildu dira Gasteiza. Europan egiten ari diren biraren azken txanparen parte izan da gurean alaitasunez ospatu dutena.

Knoel Scottek (ahotsa, konga, saxoa) gidatutako orkestrak Tara Middleton (ahots nagusia) izan du protagonista une gehienetan. Arkestra beste hamabi musikariz osatuta dago, eta saxoak dira nagusi, bestelako haize instrumentuez, pianoaz, bateriaz, kontrabaxuaz eta gitarraz gain. Zuzendariaren falta sumatu bada ere —Marshall Allen da, 102 urte ditu, eta, hain justu adinagatik, ez du nazioarteko birarik egiten, baina aktibo dabil orkestran, 1958tik zehazki—, haren kapitain interestelarrek aurrera eraman dute lana. 

Maisuak lehen mendea bete zuenean kaleratu zuen taldeak, hain zuzen, orain aurkezten ari diren lana, zeinak Grammy izendapena jaso baitu aurten. Horrek energiaz zaharberritu du orkestra, eta nabaria da nola azken lan honetako berrinterpretazioak haien betiko soinuekin bat egiten duten. Kontzertu borobila sortu dute horrela, soinu koesionatu eta entzuterrazekin, eta anitza ere bada, aldi berean. 

Gasteizen disdira gehien egin dutenak 2024ko Baby won’t you please be mine goxoa eta 80ko hamarkadako Queer notions ezaguna izan dira; biak dira taldearen bi garai desberdinen adibide argiak. Mendizorrotzako eszenatokia ez da nahikoa izan, eta, amaitu baino lehen, agertokitik jaitsi eta pistari bira eman diote musikari gehienek, jotzen jarraitzen zutelarik. Gertuko zein beste galaxia bateko esperientzia izan da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA