Zinema estreinaldiak

Inork irabazten ez dituen jokoak

Suzanne Collinsen ‘Sunrise on the Reaping’ eleberriaren egokitzapena zinema aretoetara iritsi da. Gose Jokoen sagaren atal berria Haymitch Abernathyren istorioan eta Kapitolioak ezartzen dion errepresioan zentratzen da.

'Sunrise on the Reaping' filmeko irudi bat.
'Sunrise on the Reaping' filmeko irudi bat.
itsaso jauregi 2
2026ko azaroaren 18a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gose Joko zoriontsuak izan ditzazuela, eta zortea beti alde izan dezazuela». Esaldi hori entzun ondoren, Panemgo haurrak elkar hiltzera behartzen dituzte, herrialdeko telebistetan dena emititzen den bitartean. The Hunger Games liburuen unibertsoa zinemetara itzuliko da Sunrise on the Reaping lanarekin. Atal horrek Panemen istorioa zabaltzen du eta, oraingoan, sagako pertsonaiarik interesgarrienetako batean jartzen du arreta: Haymitch Abernathy. Filma Suzanne Collinsen izen bereko eleberriaren egokitzapena da: liburua 2025ean argitaratu zen, eta beste aukera bat ematen du mundu distopiko ilunean murgiltzeko.

Jokoak hasi baino lehen, herritarrak bideo bera ikustera behartuta daude urtero, Gose Jokoen jatorria azaltzen duena. Kapitolioaren aurkako matxinadaren ondoren, Gobernuak zigor bat ezarri zuen, herritarrei gogorarazteko boterea nork zuen, eta etorkizunean iraultzarik izan ez zedin. Urtero, hamabi distrituetako bakoitzetik bi gazte aukeratzen dituzte ausaz, 12 eta 18 urte bitarteko mutil bat eta neska bat.

Gazteak Kapitoliora eramaten dituzte, eta elkarren artean borrokatzera behartu, bizirik bakarra geratzen den arte; Gose Jokoak hilketa telesail bihurtzen dira. «Telebista ikusten ari nintzen gau batean, reality batetik Irakeko gerraren benetako irudietara igaro nintzen; hor sortu zen ideia», adierazi zuen Suzanne Collinsek elkarrizketa batean.

Pelikula berriaren istorioa lehen liburuko eta filmeko gertaerak baino 24 urte lehenago girotua da. Gose Jokoen 50. aldia da, eta edizio berezi horretan Kapitolioak gazte kopurua bi halakotzen du: hainbat distritutako 48 gazte behartzen dituzte lehiaketa hilgarrian parte hartzera. Haien artean dago Haymitch gaztea, askoz geroago Katniss Everdeenen eta Peeta Mellarken aholkulari bihurtuko dena. Filmak aukera emango du haren nortasuna betiko markatu duten esperientzien, galeren eta ondorioen berri izateko.

Gose Jokoen sagaren arrakasta azaltzeko arrazoien artean, haren kritika sozial eta politikoa aipatu ohi da. Panemgo gizarte distopikoaren bidez, Collinsek gaur egungo munduko desberdintasunen metafora bat eraikitzen du, boterea biltzen duen elitearen eta Kapitolioaren mende bizi den biztanleria pobretuaren artean banatuta. Gose Jokoek, hain zuzen ere, muturrera eramandako desberdintasun hori irudikatzen dute: distrituetako biztanleak bizirik irauteko borrokatzen diren bitartean, eliteek entretenitzeko telebista ikuskizun bihurtzen dituzte gazteen sufrimendua eta heriotza. Egokitzapen honetan berriro sakonduko dute Panemen erregimenari eusten dioten egituretan: botere harremanak, autoritarismoa, propaganda eta beldurra.

‘Sunrise on the Reaping’ 

Zuzendaria: Francis Lawrence. Gidoilariak: Billy Ray eta Michael Lesslie. Aktoreak: Joseph Zada, Whitney Peak, Mckenna Grace, Ralph Fiennes, Jesse Plemons, Elle Fanning, Kieran Culkin, Glenn Close. Argazkia: Jo Willems. Musika: James Newton Howard. Generoa: Distopia, zientzia fikzioa. Urtea: 2026. Iraupena: 150 minutu. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Gaur Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17948465894275) (/EZEZAGUNA) ZINEMA. \'Rose\' filmaren irudi bat
Rose filmaren irudi bat.

'Rose'

Zuzendaria: Markus Schleinzer. Gidoilariak: Markus Schleinzer eta Alexander Brom. Aktoreak: Sandra Huller, Caro Braun, Marisa Growaldt, Godehard Giese, Maria-Victoria Dragus. Argazkia: Gerald Kerkletz. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 93 minutu. Herrialdea: Austria.

XVII. mendearen hasieran, soldadu misteriotsu bat Alemaniako herri protestante bakartu batera iritsi da, bertan behera utzitako etxalde baten oinordekoa zela esanez. Erakusten duen arren gizon ona dela eta komunitatean integratzen dela, baserritarrei gero eta susmo handiagoak piztuko zaizkie haren nortasunari buruz.

'El mal padre'

Zuzendaria: Roberto Bueso. Gidoilariak: Roberto Bueso eta Oscar Diaz Cruz. Aktoreak: Eduard Fernandez, Adam Jezierski, Francesco Carril, Meritxell Calvo, Cristina Plazas, Maria Maroto. Argazkia: Alex Catalan. Musika: Raquel Sanchez. Generoa: Drama eta komedia. Urtea: 2026. Iraupena: 120 minutu. Herrialdea: Espainia.

Santiago Balmes idazle eta akademiko ospetsuak bere hiru seme-alabak biltzen ditu Gabonak baino lehen, eskaera bat egiteko: elkarrekin egun batzuk igarotzea haien haurtzaroko etxean. Aitarengandik urrun daude anai-arrebak, eta, beraz, gonbidapena zauri zaharrei aurre egiteko aukera bihurtzen da haientzat.

'Le corset'

Zuzendaria: Louis Clichy. Gidoilariak: Louis Clichy eta Franck Salome. Aktoreak: Gary Clichy, Rod Paradot, Dimitri Colas, Aurelie Vassort, Brune Moulin, Alexandre Astier, Jean-Pascal Zadi. Generoa: Animazioa eta drama. Urtea: 2026. Iraupena: 90 minutu. Herrialdea: Frantzia. 

Christophe, 11 urteko mutil bat, bere aitaren urratsei jarraitzen saiatzen da, bizileku duten baserrian lagunduz. Baina dena aldatzen da medikuak esaten dionean kortse metaliko bat eraman behar duela: ezin du baserrian lagundu. Bat-bateko aldaketa horrek, ordea, beste grina batzuk deskubritzeko aukera emango dio Christopheri, hala nola igeriketa eta musika.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA