Bira betean da Nogen taldea, hamar urteko ibilbidea osatu duela ospatzeko. Baina aurtengoa amaitu aurretik, dagoeneko aurkeztu du datorren urtekoa. Azkena izango dela iragarri du taldeak, bere ibilbideari amaiera ematea erabaki baitu, sare sozialetan zabaldu duenez. Azken diskoa kaleratuko du datorren urteko otsailean, eta hura aurkezteko egingo duten birarekin esango diete agur agertokiei. Diskoaren aurrerapen gisa, Onak eta txarrak abestia kaleratu dute.
Taldeari amaiera emateko erabakia «gogorra, luzea, sakona, polita eta naturala» izan dela azaldu du Alex Irazusta gitarra joleak, eta zerrenda horri «heldua eta duina» gehitu dizkio Markel Idigoras taldeko ukelele jotzaile eta abeslariak. Biei iruditzen zaie garrantzitsua gauzak okertu baino lehen uztea. Hala adierazi du Irazustak: «Inportantea da bidea zuk bukatzea, bideak zuri gaina hartu baino lehen».
Orain ari dira disko berriko kantuak sortzen, eta haietako bat izango da Onak eta txarrak abestia. Irazustak azaldu duenez, «egokia eta sinbolikoki polita» iruditu zaie abesti hori albistea ematearekin batera zabaltzea, urteotan egin dituzten gauza «onak, txarrak eta tarteko gris guztiak» baloratzeko balio izan dielako.
«Nik uste dut kontzertu guztiak izango direla bereziak, 'azkena' abizena eramango dutelako»
ALEX IRAZUSTAGitarra jolea
Idigorasek azaldu du amaieraren «nostalgia» nabari dela diskoko abestien hitzetan eta intentzioan. Haren ustez, nostalgia hori ez da norbanakoen kontua, «belaunaldi kontua» baizik. Haren ustez, 1990eko hamarkadan jaiotakoak nostalgia sistematiko batera lotuta baitaude, zeina «polita eta zigorra den aldi berean».
Birari dagokionez, aurreneko kontzertuen berri eman dute oraingoz, eta hamar urteotan ezagututako zenbait toki bisitatuko dituzte. Olatz Cuevas taldeko baxu jotzaileak azaldu du gogoko dutela «gustura» egon diren leku horietara itzultzea, eta jende berarekin berriz elkartzeko modutzat ikusten du. Kontzertuen inguruan zera gehitu du Irazustak: «Nik uste dut kontzertu guztiak izango direla bereziak, azkena abizena eramango dutelako».
Hamarkada bat oholtzetan
2016an hasi zuen Nogenek bere ibilbidea. Idigorasek egonaldi bat egin zuen Danimarkan, eta pare bat kanta sortu zituen han. Euskal Herrira itzuli zenean, Irazustarekin abesti horiek txukundu zituen. Ane Negeruelarekin egin zuten topo orduan, eta harrituta gelditu ziren haren ahotsarekin. Cuevas eta Jokin Gilisagasti batu zitzaizkien azkenik, eta Nogen taldea sortu zuten denek; nahiko modu «surrealistan» eta «berezian», beraz, Idigorasen hitzetan.
«Aldaketek beti eragiten dute desoreka bat, bai emozionalki eta bai estrukturalki, baina gero beti indarberritu izan gara»
OLATZ CUEVASBaxu jolea
Hamar urteko ibilbidea ospatzeko biran, hamar kontzertu egitea erabaki zuten. «Argi geneukan hamar izango zirela, eta guk aukeratutako lekuetan», adierazi du Cuevasek. Hamarkada «intentsoa» izan dela gaineratu du baxu jotzaileak: «Aldaketek beti eragiten dute desoreka bat, bai emozionalki eta bai estrukturalki, baina gero beti indarberritu izan gara». Oraindik urteurreneko birako bi kontzertu geratzen zaizkie emateko: Azpeitian (Gipuzkoa) ariko dira hilaren amaieran, eta Iruñean izango dira azaroan.
«Urte berean Kursaalean eta Jazzaldian jotzea eta jendea energia horrekin etortzea amets bat iruditzen zait»
MARKEL IDIGORASUkelele jolea eta abeslaria
Irazustari urte «lasaia» izan dutela iruditu zaio. Bira arrunt batean 30-40 kontzertu egin izan ditu taldeak. 2019an, berriz, 70 emanaldi egitera iritsi zirela kontatu du Idigorasek, eta aurtengo birak «pribilegiatua» sentiarazi duela gehitu du: «Urte berean Kursaalean eta Jazzaldian jotzea eta jendea energia horrekin etortzea amets bat iruditzen zait».
azken birako lehen KONTZERTUAK:
- Otsailak 20. Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrikan.
- Otsailak 27. Bilboko Kafe Antzokian.
- Martxoak 6. Madrilgo Cafe La Palma aretoan.
- Maiatzak 1. Bartzelonan, Razzmatazz aretoan.