Literatura

Elizabeth Hardwicken 'Insomnio gauak' liburua euskaratu du Joxe Mari Berasategik

Idazle estatubatuarraren lanik ezagunena da, euskarara ekarri den lehena. Jaioterritik ihesi New Yorkera bizitzera joandako emakume bat du protagonista. Besteak beste, saiakera, egunerokoa eta poesia uztartzen ditu.

Joxe Mari Berasategi itzultzailea, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Joxe Mari Berasategi itzultzailea, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko maiatzaren 11
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Honela galdetu zion behin kazetari batek Elizabeth Hardwick idazleari (Kentucky, AEB, 1916-New York, 2007): «Zer da bururatzen zaizun lehenengo gauza zerbait idaztera esertzen zarenean?». Hardwick bere liburuen abiapuntu izan zirenak zerrendatzen hasi zen orduan, luze: «Batzuetan, buruan nuen lerro soil batetik abiatu izan naiz. Adibidez, gogoan dut lerro soil batek sortu zuela Insomnio gauak». Idazleak 63 urte zituela idatzi zuen liburu hori, eta 1973an kaleratu. Haren lan sonatuena da, eta aurrerantzean euskaraz irakurtzeko aukera egongo da: Joxe Mari Berasategik itzuli du, eta Igela argitaletxeak plazaratu. Hardwicken liburuen artean, euskaraz irakur daitekeen lehena da.

Berasategik berak proposatu zien Igelako kideei liburua euskaratzea. Mikel Lizarralde kazetariak BERRIAn Hardwicki buruz idatzitako artikulu bat izan zen pizgarri nagusia: «Biziki interesgarria iruditu zitzaidan. Amaieran jarri zuen amua oso-osorik irentsi nuen». Hain zuzen, honela dio testuaren amaierak: «Euskarara ez da Hardwicken lanik ekarri. Gaztelaniaz Sleepless Nights (Noches insomnes) eta The New York Stories (Historias de Nueva York) atera ditu Novona argitaletxe katalanak, eta Sleepless Nights frantsesez ere irakur daiteke (Nuits sans sommeil, Buchet Chastel)». 

Kentuckyko herri batetik New Yorkera bizitzera joan den emakume bat da liburuko protagonista. Manhattango hotel batean bizi da, hiriko zona «bohemioan», itzultzailearen esanetan. Izan ere, inguru horretan bizi dira hainbat artista, idazle eta aktore ere. Protagonistaren eguneroko bizitza azaltzen da hamar ataletan: New Yorken egiten dituen lagunak, maitasunaren inguruko aferak, alkoholarekin lotutako gorabeherak... «Ezezagunen esketxen bidez, garaiko pobrezia eta sexismoa argiztatzen dira». Horretaz gain, kontalariaren haurtzaroko hainbat pasarte ere topa daitezke —amaren figura bereziki presente dago horietan—. Protagonistaren bizitzako hainbat elementu deskubrituko ditu irakurleak, baina ez dago haren izenik, adinik edo bestelakorik jakiterik.

«Collage dirdaitsua»

Inazio Mujika editorearen ustez, zaila da Insomnio gauak genero bakar batean sailkatzea. Haren hitzetan, ez dago trama linealik, ez eta hasiera garbirik eta amaiera itxirik ere. «Memoria zatiz osatutako liburu fragmentario bat da», laburbildu du. Hain zuzen, genero desberdinetako testuak jasotzen dira liburuan, egunerokotik hasi, poesiatik pasatu, eta saiakeraraino. Itzultzailearen esanetan, «collage dirdaitsu bat» da: «Zati birrindu horietan emakume baten bizitza azaltzen da, XX. mendeko emakumetasunari buruzko hausnarketa bihurtu dena».

«Liburuko zati birrinduetan emakume baten bizitza azaltzen da, XX. mendeko emakumetasunari buruzko hausnarketa bihurtu dena»

JOXE MARI BERASATEGI Itzultzailea

Hardwicken kontatzeko modua oso garaikidea da, Mujikaren arabera: «Gaur egun modernotzat daukagu nobela fragmentario bat egitea; bada, egileak duela 50 urte egin zuen». Halaber, liburuak ezohiko kontaera duenez gero, behin baino gehiagotan irakurtzeko gomendioa egin du editoreak: «Ez da kontsumo azkarreko liburu bat: gelditzeko eta berriro irakurtzeko liburu bat da». Uste du horrek aukera emango diola irakurleari liburuko giroa arnasteko. Berasategi ere iritzi berekoa da: «Behin baino gehiagotan irakurrita, egileak duen tamainaz jabetu naiz».

Kritikari eta idazle

Kentuckyko Lexington herrian jaio zen Hardwick, eta 11 anai-arrebatatik zortzigarrena izan zen. Aita iturgina zuen, eta ama, berriz, seme-alaben zaintzaz eta etxeko lanez arduratzen zen. «Ez zen familia ilustratu batekoa», gaineratu du Berasategik. Kentuckyko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta New Yorkera joan zen aukera bila. Han ezagutu zuen Robert Lowell poeta, senar izan zuena. Hardwick ez bezala, familia ospetsu eta dirudun batekoa zen Lowell.

Idazlearen literatur ibilbideak bi ildo izan zituen. Batetik, haren izena oso sonatua izan zen kritikaren arloan. Uste zuen garai hartan liburuen inguruan kaleratzen ziren kritikak zorroztasunik gabeak eta laudorioz beteak zirela —are, bereziki kritikatu zuen The New York Times egunkariko liburu kritiken saila—, eta, hori dela eta, kritika aldizkari bat sortzea erabaki zuen 1962an: New York Review of Books. Hardwickek beste idazle batzuekin batera jarri zuen abian aldizkari hori, senarra ere tartean zela. Berasategik gaineratu du aldizkariak fama handia lortu zuela denbora gutxian, eta erreferentziazko bihurtu zela.

Fikzioari dagokionez, Insomnio gauak liburuaz gain —haren hirugarren lana da—, beste lan batzuk ere kaleratu zituen. The Ghostly Lover (Mamu itxurako maitalea) izan zen lehenengoa, 1945ean argitaratua. Gero etorri zen The Simple Truth (Egia hutsa). 2010ean, idazlea hil ondoren, The New York Stories of Elizabeth Hardwick (Elizabeth Hardwicken New Yorkeko istorioak), ipuin liburua argitaratu zuten, egilearen hainbat idazki aukeratuta.

Bai Hardwick bai haren senarra garrantzitsuak izan ziren New Yorken. Lowellek bien arteko harremana bukatzea erabaki zuen, 33 urtez ezkonduta egon ostean. Dibortzio horrek ere eman zuen zeresana hirian, bai eta gerora etorri zenak ere. Izan ere, Lowellek The Dolphin Letters (Izurdeen eskutitzak) liburua kaleratu zuen dibortziatu berritan. Senar-emazteek elkarri idatzitako gutunak ziren liburuaren oinarria. Senar ohiak Hardwicki baimenik eskatu gabe plazaratu zituen idazkiok. Handik bi urtera kaleratu zen Insomnio gauak, eta irakurleek espero zuten arren idazleak senarrari nolabait erantzutea liburu hartan, ez zen halakorik gertatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA