Musika

Inuitak eta fokak mundu itzulipurdikatu baten erakusgarri

Jabier Muguruzak 'Inuita' diskoa eman du argitara. Mikel Azpiroz musikariak lagundu dio doinuak moldatzen, grabatzen eta masterizatzen. Juan Kruz Igerabide idazlearen hitzak izan dituzte abiapuntu.

Mikel Azpiroz, Jabier Muguruza eta Juan Kruz Igerabide, Donostian, urriaren 16an. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Azpiroz, Jabier Muguruza eta Juan Kruz Igerabide, Donostian, urriaren 16an. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko azaroaren 1a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Pribilegiatua sentitzen naiz». Horiexek izan ditu lehen hitzak Jabier Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1960) Inuita haurrentzako diskoa aurkezterakoan. Juan Kruz Igerabide eta Mikel Azpiroz izan ditu albo banatan, abestietako hitzen egilea eta doinuak jantzi, grabatu, nahastu eta masterizatu dituen musikaria, hurrenez hurren. Joan den urriaren 16an egin zuten diskoaren aurkezpena, Donostian.

Muguruzak azaldu duenez, urtebete eman dute lanean, «gogotik» eman ere, haren ibilbidean ohikoa den lan prozesuari jarraikiz: «Testuak jaso, horien gainean doinuak sortu, doinu horiek Mikel Azpirozi pasatu moldaketak egiteko, eta, azkenik, beste musikari batzuekin batera doinuak jantzi eta grabatu». Hain zuzen, «lehen mailako banda» gisan aurkeztu ditu Azpirozekin batera aritu diren musikari horiek, batik bat Karlos Aranzegi (bateria) eta Jean-Marie Ekai (gitarra eta ahotsak). Azpirozen musika-tresnak Hammond organoa eta pianoa izan dira, eta Muguruzaren akordeoirik ere entzun liteke pare bat aldiz.

Grabaketari arreta berezia jarri diote Inuita diskoan; eta horren adierazgarri, instrumentu guztiak batera grabatu dituztela azaldu du Muguruzak, ez banan-banan. Gomendiorik ere eman du: «Ez entzun telefonoan, edo ez behintzat hor bakarrik; ekualizaziorik gabe, musika-tresnen eta ahotsen aberastasun guztia galtzen baita bidean». Tinbreetan lortu duten aukeraz aritu da batez ere: «Abaniko handia dago Hammond organoaren grabeetatik ume txikien ahotsetara, eta hori guztia ez da ongi entzuten mobiletan».

«Umearen mundu pultsionalak sosegua eta baretasuna behar du, ez gaur egungo gainestimulazioa, horrek gehiago urduritu besterik ez baitu egiten»

JABIER MUGURUZA Musikaria

Abesti «bixi-bixiak»

Igerabideren testuez egiati mintzatu da Muguruza; kezka sortu omen zioten lehen kolpean: «Hitz oso ederrak dira, sentsibilitate handikoak, baina estatiko samarrak, gehienbat deskriptiboak, postal modukoak». Konposizioak ere modu horretakoak aterako zitzaizkion beldur zen Muguruza, baina ez da halakorik gertatu, eta emaitzak asebete egin du: «Kantak ez dira atera erritmikoki biziak, baina oso gustura nago». Bestelako azalpenik ere aurkitu dio horri: «Umearen mundu pultsionalak sosegua eta baretasuna behar du, ez gaur egungo gainestimulazioa, horrek gehiago urduritu besterik ez baitu egiten».

Igerabidek doinuen erritmoa hartu du hizpide: «Musika entzun dudanean, lasaia iruditu zait. Ez da bizi-bizia, arrapaladan doana, baina bixi-bixia da, belarriak eta begiak pizten ditu». Harago joan da Igerabide: «Entzule gisa, soinuen konbinazioa zoragarria iruditu zait. Kantatzea letrak irakurtzea ere bada, eta alde horretatik zoragarri eginda dago. Begiekin klisk-klisk eginez bezala entzuten da».

«Kantatzea letrak irakurtzea ere bada, eta alde horretatik zoragarri eginda dago. Begiekin klisk-klisk eginez bezala entzuten da»

JUAN KRUZ IGERABIDE Idazlea

Igerabidek gaur egungo ajeez hitz egiteko baliatu ditu inuitak. Ipuin bat kontatzen ariko balitz bezala azaldu du, besteak beste, zein gaizki dagoen mundua: «Inuitak bota du amua zuloan behera, foka bihurriak izkin batean trabatu du amua. Inuitak tira eta tira, foka barrez, eta, azkenean, Lur planeta itzulipurdikatu du; Ipar poloa hegoan, eta Hego poloa iparrean. Halaxe dabil mundua ere, hankaz gora». Teknologiaren arriskuei ere heldu die idazleak: «Inuitak iglua egin du, hain biribil perfektua, aterik gabe utzi baitu. Halaxe dabil teknologia perfektua ere, sarbide humanoa gero eta ikusezinago».

Azpirozek pozik hartu ditu Igerabidek doinuei buruz esandako hitzak, eta esan du espresuki aritu direla horren bila: «Organo, piano eta Hammond hirukotea erabiltzen dugun bigarren aldia da Jabierrekin [Muguruza]. Oso formatu malgu eta jostagarria da, eta bixitasun hori lortzea zen asmoa». Abestiak interpretatzerakoan, musikariak umeen ikuskeratik edo jarreratik aritzen omen dira: «Saiatzen gara izan ginen ume hori berriz ateratzen».

«Organo, piano eta Hammond hirukotea erabiltzen dugun bigarren aldia da Jabierrekin [Muguruza]. Oso formatu malgu eta jostagarria da, eta bixitasun hori lortzea zen asmoa»

MIKEL AZPIROZ Musikaria

Inuita diskoan bildutako musikariek elkarrekin laugarren diskoa egin dute denbora gutxian, eta horrek «nortasun» bat eman diela azpimarratu du Muguruzak: «Musikalki, errutinatik urrun bideratu dira ahaleginak, eta ia-ia konturatu gabe zerbait lortu dugu denon artean. Bada konplizitate musikal bat, sentsazio hori izan dut». Harmonia ederrean aritu direla ere nabarmendu du musikariak: «Erabakietan beti izaten da xextraren bat edo ezadostasunen bat grabaketetan. Baina oraingoan ez. Alde horretatik, magiko samarra izan da prozesua».

Azken boladan umeentzako lau disko plazaratu ditu Muguruzak, idazleekin elkarlanean: 2020an Oker, Iñaki Irazurekin; 2021ean Dodoa, Iñigo Astizekin; 2023an Txitxarroa eta atuna, Leire Bilbaorekin; eta orain Inuita, Juan Kruz Igerabiderekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.