Iraganeko isiluneetatik sortutakoak

Irantzu Lekuek 'ISSSilpean' erakusketa jarri du Gasteizko ARTgia aretoan. Artistaren atzera begirako «intimista eta esperimental» bat da. Ostiralera arte dago ikusgai

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
ARTgia aretoak hiru urte bete zituen ekainean, izurritearen egoerarik larrienean, eta ordura arteko ibilian artista askoren abaro izan da aretoa. Haatik, ez du inoiz Irantzu Lekueren erakusketarik hartu. Bera da Gasteizko arte galeriaren sortzailea eta arduraduna, eta, orain, aurrenekoz jarri ditu bere obrak gunean ikusgai. Artistak ISSSilpean izeneko erakusketan batu ditu bere ibilbidean mugarri izan diren lanak, eta, modu horretan, atzera begirako «intimista eta esperimental» bat osatu du. Askotariko lanak daude ikusgai: margolanak, eskulturak, ikus-entzunezko piezak, moldatutako objektuak, argazkiak... Erakusketarekin, «ziklo bat itxi» nahi du artistak, berri bati ekiteko ondoren.

Izan ere, Lekueren izena horma irudiei lotuta egon da alderik alde azken urteetan, baina artistak bestelako arte adierazpideak ere landu izan ditu. Bada, ezkutuan geratu den arlo hori erakutsi eta aldarrikatu nahi du erakusketarekin. «Pandemia hausnarketarako garaia izaten ari da niretzat, eta, gainera, ARTgiak hiru urte bete ditu orain gutxi. Horrek guztiak pentsarazi zidan une egokia izan zitekeela nire lanak jendaurrean ikusgai jarri eta soilik muralgile ez naizela erakusteko».

Atzera begirakoa osatzeko, ordea, isiltasuna hartu du ardatz nagusitzat Lekuek. Isiluneek, modu batera edo bestera, eragin nabarmena izan baitute haren ibilbide artistikoan. «Isiltasunaren gaia oso zabala da, eta ertz asko ditu. Norberaren isiluneak izan daitezke, besteenak, aurrez pentsatutakoak, helburu jakin bat dutenak, edo inposatutakoak. Erakusketak izaera sozial nabarmena duten lanak biltzen ditu, barrura begiratzen duen ikuspegi batetik». Hain zuzen, isiltasunaren aurpegi askotarikoen adibide dira lan guztiak: zaurien orbaintze prozesuaz mintzo dira margolan batzuk, esate baterako, eta murru baten bi aldeen ikuspegia islatzen du eskultura batek. Hortik dator erakusketari izena ematen dion hitza ere: ISSSilpean.

Diziplina anitzeko lanak

Artistaren bilakaeraren isla da erakusketa, eta haren sormen etapak ikus daitezke diziplina ugaritako artelanen bitartez. «Kontatu nahi dudanaren arabera aukeratzen ditut diziplinak eta teknikak», azpimarratu du Lekuek. Izan ere, hastapenetako pintura lanak daude bilduma osatzen duten obren artean, edo argazkigintzan murgildu eta zinemagintza egiten amaitu zueneko ikus-entzunezko instalazio piezak. Obra zaharrak eta berriak ikus daitezke arte galerian. Tartean dira, halaber, iaz Greziako Tesalonika hirian jarritako erakusketarako ondutakoak ere. Govedarou galerian bakarka egindako aurreneko erakusketa izan zen hura. Jendaurrean inoiz erakutsi gabeko lanak eta han-hemenka saritutakoak ere ikus daitezke.

Ibilbide baten errepasoa egiteak ehunka lanen artean aukeratu beharra eragiten du, baina Lekuek aitortu du hautaketa ez zaiola horren zaila egin. «Gauza asko azaldu nahi nituen aldi berean; nire bizitzako momentu ezberdinak erakutsi nahi nituen, eta, gainera, hori guztia areto txiki batean kokatu nahi nuen. Baina, egia esateko, ni neu ere harritu naiz zeinen azkar aukeratu ditudan lanak». Gaia hautatu izanak erraztu dio aukeraketa, artistak adierazi duenez; horrek marraztu dio bidea. «Argi neukan une bakoitzaren adierazgarri diren obrarik esanguratsuenak aukeratu behar nituela. Beraz, etapa bakoitzaren unerik garrantzitsuena islatzen du lan bakoitzak».

Esperimentazioa

Urteak igaro dira horietako asko sortu zituenetik, eta artistaren ibilbideak bilakaera bat izan du ordutik: aldatu egin dira haren lan egiteko moduak eta teknikak. Bada, gertatzen da, sarritan, aldaketa hain dela handia, ezen egileari ere kosta egiten baitzaio bere obretan identifikatzea; ez da Lekueren kasua, ordea. «Neure burua ikusten dut lanetan oraindik ere. Denbora igaro arren, sorkuntza guztietan islatuta sentitzen naiz. Obra guztietan daude nire baitan mantentzen diren gauzak».

Bide berri bati ekin nahi dio Lekuek erakusketaren ondotik, «hasiera berri batetik begiratzeko modu berriak» sortzen direla sinetsita baitago. Eta bide hori esperimentazioaren eskutik egin gura du, diziplina eta teknika ezberdinak uztartuz, sinergiak bilatuz: «Esperimentatzen jarraitzen dut. Gustatzen zaizkit aldaketa horiek, eta aurrerantzean ere nahiko nuke horrekin jarraitu». Pentsamendu kritikoa eta emozioak ere jarri nahi ditu bide horren oinarrian, elkarlanarekin batera. Horiek izan baitira ARTgiaren oinarriak ere urte hauetan.

COVID-19aren krisiak aretoko programazioan utzitako zuloa baliatu du Lekuek erakusketa jartzeko, eta, hain zuzen, berak itxiko du aretoaren ikasturte «berezia». Hilaren amaierara arte egongo da ikusgai. Galeriak ateak itxiko ditu abuztuan, irailean berriz irekitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.