Euskadi Literatur sariak

Irati Elorrieta, Patxi Zubizarreta eta Asisko Urmenetarentzat Euskadi sariak

Literatura Euskaraz kategorian saritu dute Elorrieta, haur literaturan Zubizarreta, eta ilustrazioan Urmeneta.

Irati Elorrieta, 'Neguko argiak' eleberriaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
aitor biain
2019ko urriaren 2a
07:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri ditu Euskadi literatur sarien lehen irabazleak: euskarazko literaturaren atalean, Irati Elorrietari (Bilbo, 1979) eman diote Neguko Argiak lanagatik. Epaimahaiaren iritziz, eleberriak “merezimendu osoz” irabazi du aurtengo sari nagusia. Pertsonaien arteko harremanak dira kontakizunaren ardatza, baina baita Berlin hiria ere, bertan kokatzen baita istorioa. Pamiela argitaletxearekin argitaratu zuen lana. Itxaro Bordak, Asier Serranok, Maria Jose Olaziregik, Jon Martinek eta Castillo Suarezek erabaki dute Elorrietaren lana saritzea, eta elementu guztien artean “maisutasunez antolatutako mosaikoa” egin izana nabarmendu dute.

Haur eta gazte literaturako lanen atalean, berriz, Patxi Zubizarretarentzat (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) izan da saria.Ibaizabalekin argitaratutako Korri, Kuru, korri! lanagatik eman diote saria. Etiopiatik migratzen ari den mutiko bat du protagonista, eta harekin topo egingo duen neskatoa. Migrazioa, giza eskubideak, kultur aniztasuna, bakardadea... sakonak bezain gaurkoak diren gaiak jorratzen ditu idazleak ipuinean. Lore Agirrezabal, Leire Diaz de Gereñu, Ziortza Onaindia, Igor Idoeta eta Xabier Olasok osatutako epaimahaiak nabarmendu du idazleak “egitura narratibo aberatsa” eman diola kontakizunari, eta askotariko erreferentzia kulturalak “maisuki” txertatu izana.

Asisko Urmeneta ere saritu dute aurten. AztiHitza: Xahoren biografikoa liburuan egindako ilustrazioak nabarmendu ditu epaimahaiak haren kasuan, “komikiaren lengoaiaren mugekin jolasten duen proposamen arriskutsua izateagatik”. Erroa argitaletxearekin argitaratu du lana Urmenetak, eta Agosti Xaho XIX. mendeko kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikari zuberotarrarenbizitza du oinarri. “Proposamen arriskatu eta ausarta” egin izana azpimarratu dute Yolanda Mosquera – Guy de Maupassanten La Pequeña Roque (Yacare) liburuaren ilustrazioagatik saritu zuten iaz– Higinia Garai, Jon Mantzisidor, Mikel Valverde eta Ainara Azpiazuk osatutako epaimahaiak.

Hemezortzi mila euro jasoko ditu saridun bakoitzak, eta aukera dute lanak itzultzeko 4.000 euro eskuratzeko ere.

Gasteizko Artium museoan jakinarazi dituzte aurtengo sarituak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan, halako sarien aurkezpenek merezi dutelako “kulturarekin zerikusia duten toki izarretara hurbiltzea”. Banaketa ekitaldi ofiziala, aldiz, azaroaren 18an egingo dute, Tabakaleran. Horren aurretik, hemendik bi astera jakinaraziko dituzte nortzuk diren beste kategorietako sarituak: Literatura Gaztelaniaz, Saiaketa Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.