Hala entzun zion behin Irati Jimenezek Patxi Zubizarreta idazleari: «Euskal literaturak konkistatuta dauka eguna, baina gaua falta zaio, gaua bere lilura guztiarekin». Bada, entzun eta egin. Zubizarretaren ideiatik abiatuta, Jimenezek gauak duen «lilura hori guztia» bildu du eta 11 ipuin sortu ditu. Bere lehen ipuin liburua da Gaupasa kluba, eta Erein argitaletxearekin kaleratu du.
Parrandak batera egiten dituen lagun taldea, espaziora bidaiatu duen astronauta bat edota Luziferrekin gaubeila bat. 11 istorio ondu ditu Jimenezek, esapidearen zentzu hertsian. 11 ipuin, euren artean «oso ezberdinak». Jimenez: «Oso ezberdinak direla esateak azalkeria bat dirudi, baina egia da garai desberdinetan gertatzen direla eta era guztietako pertsonaiak agertzen direla». Istorio desberdinak dira, baina denak batzen dira gaueko zeru beraren azpian. «Liburu honetan iluntasuna eta gauez ibiltzen diren pertsonaiak daude. Gauez bakarrik konta daitezkeen istorioak dira», azaldu du Uxue Razkin Ereingo editoreak.
«Plazer handia izan da sorkuntzaren haritik tira egin eta zer ateratzen zen ikustea»
IRATI JIMENEZ Idazlea
Hiri bateko kale kantoi bateko iluntasun hotzetik hasi eta itsasoaren iluntasun sakoneraino. Jimenezek sortutako unibertsoa errealismoaren eta naturaz gaindikoaren muga lauso horretan kokatzen da, nahiz eta fantasia gailendu gehienetan. «Mitologiaren eta fantasiaren esparruan girotutako istorioak dira, bete-betean», esan du Jimenezek. «Literatura maite duten idazleak behar ditugu. Fantasia, magia eta lilura behar ditugu, orrialdea azkar pasaraziko digun gogoa. Hori guztia liburu honetan topa dezakegu», nabarmendu du Razkinek.
Fikzioa bada ere, hainbat ipuinetan benetan existitutako idazleak dira protagonista, adibidez, Gabriel Aresti edo Luis Cernuda. «Horiez gain, lerroarte batzuetan beste idazle batzuk daude», aurreratu du Jimenezek. Txomin Agirre eta Axular dira liburuan agertzen diren «arbaso horietako batzuk». Hain justu, orain egun batzuk BERRIAk liburuko ipuin baten hasiera argitaratu zuen, aurrerapen gisa, eta Aresti da bertako protagonista. Literaturaren izen esanguratsuak berreskuratzeko ariketa hori azpimarratu du Razkinek: «Maitasun izugarria dago literaturaren arbasoekiko. Literaturarekin oso konprometituta dagoen eta literatura maite duen idazle bikaina da Jimenez».
Ipuingintzaren magia
Duela hogei urte kaleratu zuen Jimenezek bere lehen eleberria, Bat, bi Manchester (Elkar, 2006), Agustin Zubikarai lehiaketa irabazi ostean. Ordutik, beste hainbat eleberri argitaratu ditu, baita saiakera bat ere. Aitzitik, hauxe du bere lehen ipuin liburua. «Norberak bere burua beteranotzat duenean, oso arraroa da lehendabiziko aldi bat izatea, ez duzu uste horrelakorik berriro izango duzunik», aitortu du idazleak.
Jimenezek azaldu du jakitun dela euskal literaturaren barruan ipuingintza askotan landu dela. Horregatik, «errespetu handiarekin eta oinutsik» murgildu da ipuingintzaren munduan. «Errespetu handiarekin itzultzen naiz narraziora», adierazi du.
«Liburu honetan iluntasuna eta gauez ibiltzen diren pertsonaiak daude. Gauez bakarrik konta daitezkeen istorioak dira»
UXUE RAZKIN Erein argitaletxeko editorea
Liburua idaztea «kostatu» zaiola onartu badu ere, bidea gustura egin duela dirudi. «Beti iruditu zait ipuingintza dela literaturaren zatirik magikoena», iritzi du. Azken finean, ipuinek etengabe hasteko askatasuna ematen diote idazleari, eta hori da, hain justu, Jimenezek idazketatik gogokoen duena. «Beharbada, beste ezer baino gehiago, hasierak gustatzen zaizkidalako idazten dut, eta ipuingintzak hori egiteko ardura eta aukera ematen dizkizu».
Literatur aukera bete liburu
Ipuingintzak ematen duen askatasunetik idatzi ditu Jimenezek Gaupasa kluba liburua osatzen duten ipuinak. «Plazer handia izan da sorkuntzaren haritik tira egin eta zer ateratzen zen ikustea». Idazten hasi eta denbora batera eman zien zentzu bateratua ipuinei, gauaren ideiarekin, hasieran ez baitzuten ildo komunik.
Zertan ari zen konturatu zenean «polita» iruditu zitzaion horixe bera: ipuinek ez aurreratzea hurrengoan zer topatuko duen irakurleak; norabide zehatzik gabeko bidaia bat, nolabait esanda. Hori transmititu nahi du liburuarekin: «Literatur aukerak zabaldu nahi izan ditut ipuin bakoitzarekin, haurtzaroan ipuinekin sentitzen ditugun lilura horiek, ez dakigunean ipuinek nora eramango gaituzten, zerura edota infernura».