Artea

Irrati uhinen, bideoklipen eta ikuskizunen aukerak baliatuta eginen dute Irudika festibala

Bihar hasiko da hamargarren aldia. Bilerez gain, podcastak eta irudiz lagundutako kontzertuak ere programatu dituzte. Aurten ez da herrialde gonbidaturik izanen, baina atzerriko artistarik bai.

Irudika jaialdiaren antolatzaileak eta instituzioetako ordezkariak, eguerdian, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irudika jaialdiaren antolatzaileak eta instituzioetako ordezkariak, eguerdian, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko urriaren 21a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar urte bete ditu Irudika Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalak, arian bete ere. Bihar hasi eta larunbatera bitarte eginen dute jaialdia, Gasteizko Artium museoan, eta, oraingo honetan, urteotan guztiotan ardatz nagusi izandakoei eusteko asmoa ez ezik, bide berri batzuk urratzekoa ere nabarmendu dute antolatzaileek. Irudigintza sektoreko profesional, argitaletxe eta kultur eragileen elkargune izan nahi du atzera ere Irudikak, eta haien guztien artean «sinergiak» sortu, baina, gainera, euskarri transbertsaletan garatutako zenbait proposamen ere bildu dituzte egitarauan orain, eragin ahalmena publiko zabalago bati ere hedatze aldera. Podcastak, bideoklipen erakustaldiak, kontzertuak eta beste kabiarazi dituzte programan. 

Jaialdiaren harira antolatutako jarduera guztiak eginen diren toki berean egin dute aurkezpena ere, Artiumen. Besteak beste, Irudikako zuzendari Elisabeth Perez eta Euskal Irudigileak elkarteko idazkari Estibaliz Zearsolok hartu dute parte agerraldian, eta batik bat haiexek nabarmendu dute, hain justu, egitarauan askotariko proposamenak bildu nahi izana.

Euskarri konbentzionaletara mugatu gabe aritzeko apustu horren adibide dira, besteak beste, Txaranga Urretabizkaia banda esperimentalaren emanaldiak, Silita musika taldearen kontzertua eta bi podcast saio. Kasurako, Silitak bihar iluntzean joko du, 20:15ean, eta «kontzertu ilustratu» gisara jaso dute egitarauan, zehazki; Varya Yakovleva marrazkilariaren irudiek eta Bizkaiko bandaren musikak bat eginen dute proposamen horretan. Bestalde, Turutas eta Trajes izenez aurkeztu dituzte larunbatean 09:00etatik aurrera eginen dituzte bi podcast saioak, eta, iragarri dutenez, entzunaldiok tailer forma ere hartuko dute, orobat. 

Aurkezpenean nabarmendu gisara, www.irudika.eus webgunean kontsulta daiteke programazio osoa, eta, era berean, hartan ikus daiteke profesionalentzako topaketen gaineko informazio osoa ere. Izan ere, sektoreko adar diferenteetan aritzen diren langileen arteko topaketak bultzatzea da Irudikaren xede nagusietako bat, eta, jaialdiak irauten duen egunetan, haien artean aurrez aurreko bilerak gauzatu daitezen sustatzen du. Oro har, hamabost minutuko bilerak izaten dira haiek, ilustratzaileak arte zuzendariekin edo argitaletxeetako agenteekin batzartzen dira, eta, agente horrek interesik balu, berriz ere bildu litezke, bi aldeek nahi izatera. 

Hain zuzen ere, jaialdia sortu zenetik Irudikaren gerizpean izan diren topaketa profesionalen gaineko balantzea ere egin dute gaurko agerraldian, eta zera jakinarazi: 2.000 topaketa izan dira guztira, eta 30 herrialdetako profesionalen laguntza izan dute horretarako. 

Molde hertsirik gabe, «pluralago»

Sareak ehuntzen segitzeko bokazioz, aurten mundu osoko 39 profesional, argitaletxe eta kultur eragile bilduko dira Gasteizen: Palestinatik, Frantziatik, Hego Koreatik, Herbehereetatik, Norvegiatik, AEBetatik, Italiatik, Argentinatik eta Mexikotik iritsitako profesionalak dira tartean, besteak beste. 

Dena dela, atzerriko begiradei dagokienez, aurtengo aldian txertatu duten aldaketa baten berri eman dute Irudikako antolatzaileek. Urtez urte, jaialdiak propio aukeratu ditu «herrialde gonbidatuak», eta, aldian-aldian, haietako bakoitzaren inguruan antolatu dituzte jaialdiko jardueretako batzuk. Ordea, molde hori aldatzea erabaki dute orain, eta, estreinakoz, ez dute halakorik zehaztu. Eta, diotenez, horrek are askatasun handiagoa eman die aurtengo eskaintza «plurala» osatzeko garaian. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA