Udaberriaren iritsierarekin batera eguraldi ona eta euri epelak iritsi dira. Garai ederra da Iruñean dugun Arga ibaiaren ertzetik ibilalditxo bat egin edo korrika egitera ateratzeko. Gaur, goizean goiz atera naiz hor inguruan lasterka egitera, eta, Iruñeko natura arnasgune horretaz gozatzeaz gain, inoiz ikusi gabeko ahate bat, bere umetxo txikiekin, ikusteko aukera izan dut. Besteren batean, urtxintxak ikusi izan ditut, urtxintxa basatiak, ez Central Parkekoak bezalakoak.
Ikusi gehiago
Azken urteetan asko ikusi izan du gure hiriko erreka nagusiak. Gaur bizirik jarraitzea gustatuko litzaigukeen proiektu asko. Nik, normalean, Alde Zaharretik jaitsi eta Arantzadiko baratzeen inguruan hasten dut ibilbidea. Han bertan, Erdi Aroko San Pedro zubia gurutzatu eta duela 34 urte Lore Etxea espazio autogestionatuarekin topo egingo genuke. 1992an, espekulazioaren kontrako eta okupazioaren aldeko borroka betean, utzita zegoen eraikin eder hau konkistatu zen. Orain espazio hori ez da existitzen, baina, oker ez banaiz, bere garaian Iruñerriko lehenetariko gaztetxea izan zen. Balerdi Balerdi taldeak, abesti forman utzitako ondarearekin, bere lana egin zuen ez dezagun espazio hau sekula ahaztu.
Ibilbidean aurrera eginda, Magdalenako baratzeetara iristear gaudela, Caparrosoko txaleta dago. Joan den hamarkadan, Iruñerriko gaztetxeen loraldiaren testuinguruan, ibaiertzeko espazio hau gaztetxe bihurtu zen. Oroitzapen politak gordetzen ditut toki horretan, gure belaunaldiak bizi izan zuen lehenetariko gaztetxea izan baitzen eta nire lagunekin izandako lehenengo musika taldearekin bertan kontzertu bat emateko aukera izan baikenuen.
Burlatara sartu bezain laster, hareazko futbol zelaia zena ikusten dugu aurrez aurre. Aurretik aipatutako loraldiaren garaian, bertan zeuden aldagelak gaztetxe izan ziren. Aire zabalean ematen ziren kontzertuak oso buruan ditut, 2019ko ElkartaSound jaialdia bereziki. Aurrera jarraituz gero, duela urtebetera arte, Burlatako azken gaztetxea zegoen La Nogalera inguruan, gaur egun topatu ezin duguna. Iruñerrian ez dut gaztetxe ederragorik ikusi. Fabrika txiki bat omen zen lehen, plaza baten parean, erreka ezkerrean eta aberez zein baratzez inguratuta. Ez zen arraroa kontzertu batetik atera eta zaldiekin topo egitea. Burlatako gaztetxe hau izan da nire bizitzan presenteen egon den espazio autogestionatua, bertako kontzertu ezberdinen oroitzapen ezabaezinak baititut. Eta husten azkena izan zelako ere bai.
Duela urtebetera arte, Burlatako azken gaztetxea zegoen La Nogalera inguruan; ez dut gaztetxe ederragorik ikusi. Ez zen arraroa kontzertu batetik atera eta zaldiekin topo egitea
Horrekin guztiarekin, orain daukagun egoerara iritsi gara. Gaur, Arga ibaiak Iruñerrian zehar duen ibilbidean ez da horrelako espaziorik existitzen. Musika modu askean antolatzeko espaziorik ez dago. Hor barna ibilaldi bat egiten dudan bakoitzean horrelako tokiekin pentsatzen dut, eta paseoan noan bitartean noizbait kontzertuak antolatzeko espazio bilakatu daitezkeen eraikuntzekin amesten nabil. Hori gertatzen zait Frantziako Atetik jaitsi, eta Institutu Pedagogikoarekin topatzen naizen aldiro, edo Arantzaditik jarraitu eta bertako etxe ederrak ikusten ditudanean. Gaixoak Iruñerriko piraguistak Santo Domingoko aldapa azpian dagoen Piragua Klubarekin zer egingo nukeen jakitera helduko balira. Arrotxapeako ur hesiaren apurketak sortutako gatazkekin nahikoa izan ez balute bezala.
Historikoki, proposamen hauek hirien ertzetara bidaltzen saiatu dira, deserosoak direlako edo hiriaren iruditegian sartu nahi ez den elementu bat direlako. Hirietako kulturaren garapenerako lehentasunak zeintzuk diren argi daude. Kulturari bai, baina erabat instituzionala denari. Azken urteetan kulturan sortu den abagune ekonomiko eta soziala erakargarria bihurtu da oso. Beraz, noski, kultura sustatu dezagun, aukerak eman ditzagun, baina kultura sustatzearen alde egon den azpiegiturari eta zirkuituei independentzia kenduz, baztertuz eta itoz. Zergatik merezi dugu espazio bat? Nahi duguna egin al dezakegu? Zilegi al da? Beste baterako utziko dugun eztabaida izango da hau.
Bere inguruan gauza asko gertatu diren arren, gure Arga maiteak oraindik asko du ikusteko. Ez dakit noiz izango den, baina nik momentu hori bizitzea espero dut, askotan imajinatu baitut neure burua kontzertu batetik atera eta Arga ibaia begiratzen.
