Ez guztien begien bistara, baina, aurten, udaberria ailegatzerako ere batzuk hasiak ziren aurtengo Iruñeko Topaketen fruituak biltzen. Ofizialki, ostiral honetan abiatuko da bi urtean behin 1972ko Arte Topaketak gogoratzeko hirian egiten duten programazioa, eta, hilaren 12ra bitarte, dozenaka solasaldi, musika emanaldi eta arte instalazio dituzte antolatuak hirian barna. Ordea, ez da ordura arte itxaron beharrik dardara artistikoa antzemateko, festibalaren irekiera ekitaldirako bi egun falta direla zabaldu baitute haren babesean ondu dituzten erakusketetako bat. Topaketen Eskola izeneko programatik tiraka ondutako mostra da zehazki, Kondestablearen jauregian dago ikusgai, eta iragan martxotik ekainera Nafarroako hamahiru ikastetxetan eginiko arte tailerretan du sorburua. Udaberri betean, alegia.
Topaketen Eskola antolatu duten hirugarren aldia izan da aurtengoa. Erakusketaren komisario Garbiñe Ortegak zehaztu gisara, guztira 403 haur eta gaztek parte hartu dute, eta, hortaz, haien guztien «begiradak» jaso dituzte. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak dira, Nafarroako ikastetxe publikoetakoak guztiak, eta landa eremuko zentroetakoak asko: hala nola Eloko Santa Barbara eskolakoak, Iruritako Herri Eskolakoak, eta Pitillasko, Beireko eta Uxueko eskoletakoak.
Gainera, Zubiriko Gloria Larrainzar ikastetxeak ere parte hartu du aurten, eta, hain zuzen, zentro horretako hainbat ikaslek lagunduta egin dute mostraren aurkezpena gaur Iruñean, Ainhoa Artxanko irakaslea ere haiekin zela, besteak beste.

Iruñeko Topaketek landa eremuko ikastetxeei zabaldutako aukera eskertu die Artxankok antolatzaileei, baina, orobat, zentrook kultur programetarako eta oro har kultur jardueretarako daukaten sarbideari buruzko diagnostiko mikatz bat ere plazaratu du, zorrotz. Kasurako, nabarmendu duenez, «adierazgarria» da haren ikasleetako batzuentzat oraingo hau izatea Kondestablearen jauregian izan diren lehenbiziko aldia, eta, hala, iradoki du dauzkaten baliabideak ez zaizkiela aski.
Ibilbideetan barna eskolara
Nolanahi dela, orain Topaketen Eskola programaren bitartez ikasleek izandako esperientzia «guztiz aberasgarria» izan dela nabarmendu du Zubiriko irakasleak. «Balio izan digu ikasleei erakusteko artistak bizirik daudela, are hezur-haragizkoak direla, ez direla soilik liburuetan dauden horiek», kontatu du. Mirari Etxabarri eta Marina Lameiro artistak aipatu ditu orduan. Haiek gidatu zituzten ikasleentzako tailerrak Zubirin, eta haiekin eginiko lanaren erakusle da erakusketa bera orain, besteak beste.
Indar ikusezinak izeneko tailerra gidatu zuen Etxabarrik. Aprobetxatuta haren taldean aritzekoak ziren ikasleek eguzki sistemari buruzko eskolak hartuak zituztela, unibertsoari erreparatu zion hark ere ikastarorako. Gorputz mugimenduekin, batetik, eta arte plastikoei loturikoak diren beste teknika batzuekin, bestetik, «unibertsoan elkarri loturik» diren elementuei begira jarri zituen haurrak. Gainera, Iruñeko Topaketen egitarau nagusian jorratuko den ibilbideetako bati ere egiten dio keinu tailer horrek: Zergatik eraiki gara horrela?.
Ikusi gehiago
Izan ere, hau da eskolekin elkarlanean ondutako proiektuaren beste helburuetako bat: festibalean lantzen diren ardatz batzuk egokiturik eramatea eskoletara. Etxabarrik egin bezala, adibidez, antzera jardun zen Lameiro ere, eta Zinema, amore ematen ez duen irudia ibilbidea eraman zuen gidatutako tailerrera; Maite Arroitajauregi Mursegok Izan ginen ahotsak ibilbidea izan zuen abiapuntu Barañaingo Alaiz institutuan Soinua soinean izeneko ikastaroa diseinatzeko, eta hari berari begiratuta aritu ziren, preseski, Peru Galbete eta Xabier Erkizia ere; Iruritan bata, eta Lizarran bestea.
«Esperimentazioa guztiz erdigunean izan da prozesuan, asmoa ez baitzen artista bat eskolara joatea eta arte garaikideari buruzko zerbait esplikatzea»
GARBIÑE ORTEGAErakusketaren komisarioa
Erakusketa urriaren 18ra arte izanen da zabalik Iruñean, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez. Garbiñe Ortegak, gainera, gonbita egin du ikasleek sorturiko piezei ez ezik aretoan barna paratutako argazki bildumari eta ikus-entzunezko laburpenari ere erreparatzeko. «Esperimentazioa guztiz erdigunean izan da prozesuan, asmoa ez baitzen artista bat eskolara joatea eta arte garaikideari buruzko zerbait esplikatzea; jolasa, pentsamendua eta esperimentazioa izan dira gure ezinbesteko zutabeak. Orain, bideoak eta argazkiak ikusita ere agerian gelditzen da hala gertatu zela».