Israelgo 50 dokumentalgilek Palestinako genozidioa kondenatu dute gutun ireki batean

Babesa azaldu diote Israelgo Estatuak finantzatutako kultur erakundeak boikotatzeko nazioartean zabaldutako deiari. «Europaren eta AEBen konplizitateari» kontra egitera eta Palestina isilarazten dutenei «erresistentzia egitera» ere deitu dute.

Israelgo armadaren tankeak Gazako zerrendaren ondoan, astelehenean. ABIR SULTAN / EFE
Israelgo armadaren tankeak Gazako zerrendaren ondoan, astelehenean. ABIR SULTAN / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 17a
14:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazio Batuen Erakundearen ikerketa batzorde batek berriki egin gisara, 50 dokumentalgile israeldar inguruk osatutako talde batek ere garbi adierazi du zer ari den Gazan gertatzen: genozidio bat. Gutun ireki batean plazaratu dute adierazpena, eta, Israelek Palestinaren kontra egiten dituen eraso eta askotariko ekintzak gaitzetsi ez ezik, babesa azaldu diete Israelen kontrako hainbat mugimenduri ere. Besteak beste, zinemagintzari so, konforme azaldu dira Israelgo Estatuaren finantzaketa jasotzen duten kultur erakundeei boikot egiteko deialdiarekin. «Bihotz-bihotzez babesten dugu».

Testu berean, Israel Palestinaren kontra egiten ari denarengatik «lotsa sakona» eta «inpotentzia» sentitzen dutela nabarmendu dute zinemagileek. Hilketa masibo eta genozidio adierak baliatu dituzte egoera deskribatzeko. Gogor kritikatu dute sarraskia deskribatzeko «eufemismoak» erabiltzen dituztenen jokabidea. «Zuriketa besterik ez da. Nahiago dute gosea esan, eta ez gosetea, eta gerra esaten dute, eta ez genozidioa». Israelek hil dituen milaka pertsonen inguruko datuak ere jaso dituzte gutunean: «64.000 lagun inguru; 20.000 haur tarteko».

Gutuna irailaren 15ean dago datatua, eta 57 dokumentalgileren sinadurak ageri dira jasota, zehazki. Haien artean dira, esaterako, Ada Ushpiz, Yalon Gurewitz, Ron Cahlili, Dani Rosenberg, Tali Weisman eta Mazal Moyal Cohen. Haiek guztiek «israeldarrak direnez gero» daukaten «ardura» onartu dute idazkiaren parte batean. «Ezin dugu geure burua salbuetsi, ezta nahi ere, Gazan eta Zisjordanian Tel Aviv-Jaffako kafetegi zaratatsuetatik ordubete eskasera egiten ari diren krimenen gainean daukagun erantzukizunetik», adierazi dute. Segidan, zinemagileek nabarmendu dute 2023ko urriaren 7an Hamasek eginiko erasoek ez dutela «inolako justifikaziorik», baina azpimarratu dute orduko hori ezin dela «aitzakia» izan ondotik heldu den «mendekurako».

«Europaren eta AEBen konplizitateari» kontra egitera eta Palestina isilarazten dutenei «erresistentzia egitera» ere deitu dute zinemagileek gutunean.

Dirurik ez «Israelgo Oscar sariei»

Asteon izan da Israelgo zinemagintzaren urteroko agendako ekitaldirik inportanteenetariko bat, Ophir sariketa, eta, hain zuzen ere, haren kontra ere luzatu ditu garroak Israelgo Gobernuak. «Israelgo Oscar sariak» ere esaten diete Ophir sariei, atzo eman zituzten, eta Shai Carmeli Pollak zinema zuzendariaren The Sea lanak irabazi zuen filmik hoberenaren aitortza —Oscar sarietarako hautagai da—. Haur palestinar bat du protagonista, eta horrek sutu egin du Israelgo Kultur Ministerioa. Hain zuzen ere horregatik, jakinarazi dute gobernuak sariketa finantzatzeari utziko diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.