Itxaro Bordaren 'Euri zitalari esker' itzuli dute, «frankofonian bidea urratzeko»

Cairn argitaletxearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanari esker argitaratu dute, eta Patxiku Urangak egin du itzulpena. Euskal kultura eta sorkuntza ezagutarazteko 'Ça colle au basque' programak bultzatu du, Zubiak bildumaren barnean.

Irene Larratza, Itxaro Borda eta Patxiku Uranga, gaur, Baionako Euskal Museoan, 'Euri zitalari esker' liburuaren frantsesezko itzulpena aurkezten. NATHALIE GUIRONNET
Irene Larratza, Itxaro Borda eta Patxiku Uranga, gaur, Baionako Euskal Museoan, 'Euri zitalari esker' liburuaren frantsesezko itzulpena aurkezten. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
Baiona
2026ko urriaren 7a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskarara biziki fite itzuliak dira literatura testuak», baina frankofonian euskal kulturaren «defizit handia dago». Gauza bera gertatzen da bretoierarekin eta korsikerarekin, adibidez, «nahiz hizkuntza horiek —euskarak ez bezala— latinean duten oinarria». Erran nahi baitu «merkatuak interesik ez» duela hizkuntza gutituen frantsesera itzultzeko. Gogoeta horiek Itxaro Borda idazleak, Patxiku Uranga itzultzaileak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak egin dituzte, Euri zitalari esker (Susa, 2021) liburuaren frantsesezko itzulpenaren aurkezteko ekitaldian.

Hain zuzen ere, itzulpenaren parioaren alde egin du Cairn argitaletxeak, Etxepare Institutuarekin elkarlanean. Bordaren Euri zitalari esker liburuaren frantsesezko bertsioa argitaratu dute: Là où tombe la pluie sale, Urangak itzulia. «Frankofonian bidea urratzeko» lanen ildoan kokatu du desmartxa idazleak.

Hala, Bordaren «traumatismoetan, plazeretan eta fantasmetan» barna murgildu da Uranga, Amaia Ezpeldoi «baserrialdeko detektibe proletario eta lesbianaren» abenturak frantsesera itzultzeko orduan: urte oso bateko lana, «ez zailtasunik gabekoa».

Institutuko Ça colle au basque programaren dela-eta argitaratu dute Bordaren 2021eko liburuaren itzulpena, «hizkuntzen eta irakurleen arteko lotura» egin gogo duen Zubiak bildumaren barnean. Bildumaren osaketari hatsarre ematen dio Euri zitalari esker lanak, baina ez dute horretan gelditzeko asmorik, Urangak Bordaren beste zenbait eleberri itzultzeko gogoa agertu baitu.

Tokikoa versus unibertsala

Anartean, iragarri dute Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak liburua frantsesera itzultzekoa dutela 2027ko, Zubiak bildumaren barnean, betiere. Atxagaren literaturaren kasuan, lehen liburua izanen da zuzenean euskaratik frantsesera itzulitakoa, zeren haren ekoizpenak hainbat hizkuntzatan itzuliak izanik ere, frantseserako urratsa beti euskara ez den beste hizkuntza batetik egin baita.

Liburutegietako «ostrazismo fenomenoa» salatu du Urangak, euskal testuen itzulpen lanetan gertatu ohi baita. «Itxaro Bordaren kasuan, adibidez, eskualdeko ekoizpenen sailean bilduko dute haren liburuaren itzulpena, Eguberriz amatxirekin egiteko gaztaina errezeten artetik». Hots, Euri zitalari esker bezalako ekoizpen bat ez dutela nobela beltzen sailean bilduko, euskal gaiak aski unibertsalak izanen ez balira bezala. Euskal testuak «beti zigortuak izan dira horretan», Larrazaren ustez ere: «Dena da tokikoa, alta; erregionala. Eta unibertsala ere bai, berez». Bordak «nobela beltz queerren sailean» bilduak nahi lituzke bere lanak, irri eta probokazio artean nabarmendu duenez.

Ezpeldoiren itzulera

«Pertsonaiei garrantzi berezia ematen zaie erretretara sartzen direnean», ohartarazi du Bordak. Hain zuzen ere, Basilika nobela 1984an argitaratuz gero, Itxaro Bordak hamalau eleberri idatzi ditu, horietatik sei Amaia Ezpeldoi detektibearen istorioei dedikatuak. Hamar bat ipuinetan ere agertu izan da gainera. Susa etxeak 2021ean plazaratu zuen Euri zitalari esker nobelan, agurrak eman zituen detektibeak. Frantseserako itzulpenarekin, nolabait, bigarren bizialdia eman dio Urangak.

«Umorea, kritikotasuna, ironia» gustatu zaizkio gehien Urangari, Bordaren liburuan. Hala euskal gizarteaz nola LGTBI komunitateaz. Idazlearen ustez, «errespetuzko ironia da, halere», bere komunitateak baitira biak, finean.

Lehendabizi itzulitako obra Ezpeldoiren abenturen azkena da, baina egokia iruditu zaio Bordari, ibilbidearen bilduma ere egiten baitu liburuak, ibilbide horren puntan. Eta aitortu du itzulpenaren prozesuak aukera eman diola berak idatzitako istorioa «beste ikuspegi batetik» ikusteko, itzultzaile lana «sormen lana ere» badelako hein batean, «berezko bertsioaren helburutik gehiegi urrundu gabe, halere». Urangak eskertu du alde horretatik utzi zaion askatasuna.

Gai horri dagokionez, Bordak, Urangak eta Larrazak, hirurek bat egin dute errateko itzulpenaren helburua «jomugako hizkuntza» dela, eta horrek zenbait aldaketari bide ematen diela hizkuntza aldetik zuzenago izan dadin, nahiz ez agian jatorrizko bertsioaren berdin-berdinak izan erabilitako hitz edo formulazioak. «Hizkuntza bakoitzak bere imajinarioa baitu. Eta irakurleak ez du sentitzerik itzultzailearen lanaren 'pisutasuna'», borobildu du Bordak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA