Iraileko pertsonaia klasiko bihurtua da dagoeneko Nafarroako Komiki Azoka; Tiza elkarteak hamaseigarrenez antolatuko du egitasmoa. Bihar hasiko da aurtengo aldia, eta askotariko komiki eta trazuak ikusteko, egiteko, eta luzitzeko aukera izanen da atzera ere. Izatez, Iruñearentzat bereziki inportantea den efemeride bat iristear dela hasiko da azoka: larunbatean Batasunaren Pribilegioaren festa ospatuko dute hirian, Karlos III.a Nafarroakoak 1423. urtean sinatutako hitzarmena akorduan, eta urteurren hori are eta apartekoagoa da aurten, 2.100 urte baitira hiria sortu zela. Aspaldiko efemeride horien kontrastean, komiki azokak begirada garaikideagoak dakarzkio Iruñeari, binetatan kabiaraziak betiere. «Gaurkoak eta bertakoak», egin du zehaztapena Javier Perez azokako zuzendariak. Umore beltza, komiki historikoak eta superheroien eszenak bildu dituzte egitarauan, besteak beste.
Progamazioak irailaren 28ra arte iraunen du. Erakusketak, solasaldiak, tailerrak, bisita gidatuak eta beste izanen dira bitarte horretan, eta, zuzendariak nabarmendu duenez, «adin guztietako jendearentzat» daude diseinatuak. Jarduera gehienak Iruñean eginen dituzte, baina, ohi denez, Lizarrara (Nafarroa) ere helduko da azokaren adar bat. Irailaren 20ko goizean Karlismoaren Museoan eginen duten jarduera da horren adibide: Exprai, Irati FG, Jorge Esteban eta Nacho Ignatus artistek jendaurrean marraztuko dute.
Aurten ere erakusketak dira programazioaren parte nagusietako bat. Hamar ondu dituzte guztira; Iruñean dira ikusgai guztiak, Kondestablearen jauregian, Pinaquy aretoan eta Morea merkataritza gunean.
Damurik gabe
Perezek azaldu duenez, aurtengo azokaren prestaketak ez du bete Tiza elkarteak bere buruari aspaldi ezarri zion arau bat. Izan ere, «izenik ez errepikatzea» dute printzipio nagusi gisara: ez ekartzea bigarrenez aurretik ere beste erakusketaren bat paratu duten egilerik. «Aurtengo egitaraua ikusita, argi dago ez dugula bete», aitortu du zuzendariak, zintzo. Javier Olivares komigile madrildarrarengatik hautsi dute emandako hitza. 2017an ere izan zen azokan, hain zuzen ere Perezek zuzendutako estreinako aldian, eta orain berriz da Iruñean. Eta, hala eta guztiz ere, deitu diotenek ez dute batere damurik. Are gehiago, artista horren obrak aurreko aldi hartan baino are toki handiagoa hartuko du oraingoan azokan. Jatorrizko bertsioa izeneko erakusketa estreinatuko du Kondestablearen jauregian, 150 piezatik gora daude han bilduta, eta, gainera, irailean ez ezik, azoka bukatu eta gero ere ikusten ahalko da: urriaren 26ra arte egonen da zabalik.
Hain zuzen, Olivaresen obra da aurtengo azokaren programazioan jasotako lanen artean gehien goraipatuetako bat. Asier Mensuro artistak egin ditu komisario lanak. Mensuro ere izan da azokaren hamaseigarren aldiaren aurkezpenean, eta, hala, prentsaren aurrean esplikatu ditu Olivaresen obraren zenbait gako, bai eta haren «obsesioak» ere. Komisarioaren esanetan, madrildarraren estiloa «guztiz bakana» da, eta atentzio berezia ematen dute, batetik, ilustrazioak sintetizatzeko daukan manerak eta, bestetik, kubismoaren eta espresionismoaren artean aritzeko daukan gaitasunak.
Olivaresek «pertsonaiekin» eta batik bat Batmanekin duen «obsesioa» bistaratu nahi izan du Mensurok erakusketan —superheroi hori protagonista duten dozenaka marrazki daude jasota—, batez ere halakoei buruzko obretan ikusten baita, dioenez, artistaren izaeraren oinarri handi bat. Mensuro: «Aldi berean da autore eta irakurle, autore eta zale». Batmanez gain, Frankenstein, Arsene Lupin, Conan, eta Sherlock Holmes ere ageri dira haren lanetan, esaterako.

Historikoak eta beltzak
Nafarroako Komiki Azokaren webgunean kontsultatu daiteke dagoeneko egitarau osoa. Edonola ere, Perezek hainbat jarduera eta erakusketa nabarmendu ditu aurkezpenean. Esate baterako, Diego Corbalan Magius-en Black Metal erakusketa ekarri du hizpidera, baita Irene Marquez binetagilearen bisita —«irakurlea deseroso sentiarazterainoko umore beltz bikaina du»—, eta Jose Esteban Urabaienek Juan Antonio Torres El Torres-ekin batera emanen duen Luma eta ezpata ikastaroa ere —komiki historiko bat nola egin irakatsiko dute—. Aurten bertako artista «askori» leku egin dietelako pozik azaldu da zuzendaria, daukaten «konpromisoa» bete dutelakoan. «Egitasmo kultural bat, zernahi motatakoa izanik ere, ezin da aritu bertako arteari bizkar emanda; derrigor begiratu behar dio».
«Egitasmo kultural bat, zernahi motatakoa izanik ere, ezin da aritu bertako arteari bizkar emanda; derrigor begiratu behar dio»
JAVIER PEREZ Nafarroako Komiki Azokako zuzendaria
Plazaratutako informazioaren arabera, jarduera bakarra izanen da euskaraz. Maite Mutuberria eta Mikel Santos Belatz ilustratzaileen arteko solasaldia egonen da irailaren 24an Laba elkartean. Eta biok jarri diote izena, eta Euskal Irudigileak elkarteak antolatu du.