Riley Mulherkar, Magali Sare eta Manel FortiA, Ruben Blades eta Roberto Delgado Big Band
Lekua: Europa biltzar jauregia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: uztailaren 17a.
Riley Mulherkarrena figura interesgarria da. The Westerlies izeneko brass laukotearen sortzaileetako bat izan zen; bertan musika desberdin asko nahasten dira, folka eta musika klasiko garaikidea kasurako. Bere lehenengo bakarkako lana aurkeztu du Europa biltzar jauregian, eta, beste behin ere, eszenatoki horretan gaueko sorkuntza berri eta interesgarrienei tokia eman zaie. Bere lanaren estiloa modu ezberdinetan definitua izan da —Über hip gisa, esaterako— baina, hobe, testura landuak eta intimitatea lehenesten dituen artista bat dela esango dugu. Bere abesti gogokoena elkarbanatu digu, Suessdorfen Moonlight in Vermont, une berezia sorraraziz. Baina bere erreferentziak ez dira hor amaitzen; kontrasteak sortuz, Jelly Roll Martin eta Ron Milesen piezak agertu dira, bere konposizio propioekin nahastuta. Atera berri duen diskotik (Riley Mulherkar) hartuta azken horiek, That Simple Light da aipagarriena.
Bira honetara ekarri duen laukoteko pianistaren pieza interesgarria izan da, baita Transition ere; testura nahasi eta leuna sortu du. Mulherkarren tronpetak ez ezik, Chris Pattishallek (pianoa), Barry Stephensonek (baxua) eta Jason Burgerrek ere (bateria) osatzen dute laukotea. Beharbada, saioaren amaieran egon da mamirik gehiena, Blues izeneko hiru zatiko suit-a interpretatu dute. Itxaron beharko dugu, baina, bere pieza hori eta bisean jo zutena (izenbururik gabekoa oraindik) kaleratuta ikusteko. Aipatzearren, baita ere, bere karisma lasaiaren erakusgarri, Mulherkarrek euskarari egin dion keinutxoa, baita bere maisu eta laguna izan den Wynton Marsalisen Vitoria Suite-i egin dion erreferentzia ere. Pozik dagoela adierazi du, hiria behingoz ezagutu dielako, eta kontatu du nola hegazkina Gasteizen lurreratzen ari zela Vitoria Suite pieza entzuten ari zen.
Mendizorrotza gainezka, eszenatokian Magali eta kontrabaxu jotzailea. Kontzertuak itxura minimalista izango zuela zirudien. Magali Sare bartzelonarrak (ahotsa, perkusio txikiak) eta Manel Fortia (kontrabaxua, perkusio txikiak, koroak) gironatarrak adiskidetasun eta proiektu sendoa daukate; 2023an elkarrekin kaleratu zuten lana adierazgarri bikaina da: Re Tornar. Katalanez, portugesez eta gaztelaniaz abesten dute, eta errepertorioa emozioz betetakoa da; gozagarria bira bakoitzean. Estilo «erdi habanero, erdi guajira flamenkoak», «Menorkako rantxera» delako batekin nahastu dituzte saioan zehar. Jazzetik at egon behar zen eguna zirudien, baina errekurtsoz josita etorri dira Kataluniatik. Jazz inprobisazioak jorratu dituzte, ahots zein instrumentuekin. Sareren musikaltasunaren zati handi bat kontrabaxutik etorri da, eskuila baketarekin astinduz, eskuekin joz, atximurka eginez edota instrumentuaren atzealdea igurtziz, arbela azazkalekin igurtziko bagenu bezala. Hori nahikoa ez, eta Fortiarena ez ezik, bigarren arku bat atera, eta sokei eusten dien zubitik bera igurzten hasi da Sare. Erraztasun osoz ibili dira, perkusio txikiak nonahitik ateraz, aniztasuna eskainiz abesti oro. Aipatutako rantxera delakoan, kontrabaxua hanketara igo eta gitarraren plantak egin ditu Fortiak, Sareren txantxen artean. Piezarik nabarmendu ezin den kontzertu gutxi horietako bat izan da, kalitatea eta bikaintasuna zurrun mantendu baitira une oro.
Tomatitoren betekada gainditu du Ruben Bladesek Mendizorrotzan; 3.200 pertsonako edukiera bete baita. Oro har, urte arrakastatsua izaten ari da jaialdirako, eta saio horrek biribildu du dena. Bere azken bisita orain dela bederatzi urte disfrutatu genuen, eta geroztik musika berri ugari idatzi du. Gaurkoan klasiko desberdinei abesti berriak txertatu dizkie, erritmoz beteriko gauean. Roberto Delgadoren Big Banda izan da Bladesen osagarri azken urteetan. Haien azken diskoko (Fotografías, 2024) Emigrantes kanta entzun dugu; harrotasunez eta aldi berean amorruz aurkeztu duena. Azken urteetan, bere bizitza pertsonalean musikari lana politikarekin nahastu du Bladesek, eta hori nabaritzen da. Bere euskal jatorriaz mintzatu da, amona euskaldun bat duela adieraziz, zeina ez duen sekula irribarre egiten ikusi. Fan ugariz beteriko pistan amaitu da gaua, ibilbide luze eta joriaren ospakizunen artean.