Kardiograma moduko bat irudikatuz osatu du Gatiburen agurrari buruzko Agur esan barik dokumentala Jabi Elortegi zinema zuzendariak. Taldearen unerik onenak eta baxuenak erakutsi nahi izan ditu filmean, eta emozio gorabehera horretan biderik ez galtzeko erabili du normalean bihotz taupadak irudikatzeko baliatu ohi den grafiko hori. «Talde bat bere azken urtean zelan bizi den erakutsi nahi izan dut nik», azaldu du. Aspaldiko laguna du Alex Sardui Gatibu taldeko abeslari izandakoa, eta hark proposatuta ekin zion taldeari buruzko dokumentala sortzeari. Zinemagileak aitortu duenez, hedabideen bidez izan zuen 25 urteko ibilbidea eteteko taldearen erabakiaren berri. «Pena hartu nuen, eta berehala deitu nuen, 'Alex, ze ostia zabiltza?' galdetzeko, baina dokumentala egin eta gero dena ulertu dut hobeto, eta pentsatzen dut erabaki ona dela, eta momentu ona dela agur esateko»
Bilboko BBK aretoan egin zuten filmaren aurrestreinaldia ostegunean, eta musikariek ere han bertan ikusi zuten lehenengoz. Eta, hain zuzen ere, lana sortzeko izan duen askatasunaren erakusgarri da detaile hori, zuzendariaren hitzetan. «Ea hori ikusi ondoren ere konfiantza bera duten», esan du, barrez. Aurrerantzean zinema jaialdietan aurkeztu nahi dute lana, eta gero, irailetik aurrera, EITBren Primeran plataforman jarriko dute.
«Pena hartu nuen taldea utziko zutela jakin nuenean, baina dokumentala egin eta gero dena ulertu dut hobeto, eta pentsatzen dut momentu ona dela agur esateko»
JABI ELORTEGI Zinemagilea
Minutu eta erdi pasako trailerra aurreratu dute oraingoz, eta Haimar Arejitaren galderarekin abiatzen da bideoa: «Zenbat taldek irauten dute 25 urte?». Gehiago luzatzerik ez zegoela aipatzen dut gero Gaizka Salazarrek, eta Sarduiren hitzak datoz ondoren, buruarekin ezetz egin bitartean. «Nik ikusten nuen jada taldea... bah». Eta entsegu lokaleko irudiak ere erakusten ditu lanak, halakoetan izaten diren tentsio uneak ezkutatu gabe.
Entseguak, kontzertuak eta bidaiak ez ezik, bina elkarrizketa luze ere filmatu ditu zuzendariak taldea osatu duten hiru musikarietako bakoitzarekin. Baina horiez gainera, haien inguruan ibilitako beste hainbat langile eta zale ere elkarrizketatu ditu. Tartean dira Fito Cabrales musikaria, Artzai Jauregi ekoizlea, Joseina Etxeberria, Ilaski Serrano eta Leire Martinez kazetariak, bai eta Itziar Ituño aktorea ere.
«Oso urte potentea izan da. Niretzat, pertsonalki, dokumentala izango da behin betiko agurra»
ALEX SARDUI Gatibuko kantaria
Nagusiki fikzioa landu du Elortegik orain artean. El Vasco eta Zorion perfektua filmak zuzendu zituen zinemarako, eta telebistarako ere aritu da, besteak beste, Go!azen, Ihesaldia, Aitaren etxea, Goenkale eta Desagertua lanetan. Horregatik, fikziozko lanen eta dokumentalen arteko aldeaz ere aritu da Gatiburi buruzko lanaren aurkezpenean. «Fikzioan dena idatzita dago, eta pertsonaiek zuk idatzi duzuna egiten dute, eta dokumental batera ere horrela sartzen zara, pentsatuz zuk buruan duzuna kontatuko duzula, baina iristen zara eta topatzen duzu pertsonaiek euren bizimodua daukatela, eta euren motxila dakartela, eta istorioa idatzita dagoela, eta hor idatzita dagoen hori dela nik kontatu behar dudana».
Behin betiko agurra
Azken urtea «oso potentea» izan dela esan du Sarduik, eta eskerrak eman dizkie Gatiburen zale guztiei eta haren ibilbidearen berri eman duten hedabide guztiei. «Niretzat, pertsonalki, hau izango da behin betiko agurra».
«25 urteko ibilbidean emozio guztietatik pasatzen zara», azaldu du Elortegik, «eta nire asmoa izan da dokumentalean hori erakustea. Gai batzuekin badakit haiek ere sufrituko dutela, eta beste batzuetan ondo pasatuko dute, eta publikoa ere berdin ibiliko da. Kardiograma bat marrazten saiatu naiz, gora joateko momentu onak zein diren ikusteko, eta goian dagoenean beste zerbaitekin apurtzeko. Horrela diseinatu dut, eta asmoa da emozio guztietatik joatea, eta azkenean publikoak esatea: 'Joe, Gatibu, noiz bueltatuko zarete?'».
Baina ezetz Sarduik. Argi.