Eusko Jaurlaritzak aurtengo Gure Artea sariak banatu ditu gaur arratsaldean, Gasteizko Artium museoan eginiko ekitaldi batean. Ohi bezala, aurten ere hiru sari banatu dituzte. Ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du Jon MIkel Eubak (Zornotza, Bizkaia, 1967), sorkuntza lanari dagokiona Zuhar Iruretagoienak (Zarautz, Gipuzkoa, 1981), eta arte plastikoetan eta ikusizkoetan eragileek egindako lana aitortzen duen saria, berriz, Garikoitz Fragak (Bilbo, 1971). Saridun bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu.
Ekitaldian parte hartu dute Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak eta Ana Lopez Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak. Bengoetxeak artisten talentua eta kulturaren garrantzia nabarmendu ditu: «Saritutako artistak gure herriaren talentuaren eta bizitasunaren erakusgarri dira. Kultura, azken batean, herria eraikitzeko modurik ederrenetako bat da». Epaimahaia artearen eta kulturaren esparruko hainbat adituk osatu dute, eta horiek ere ekitaldian izan dira.
«Saritutako artistak gure herriaren talentuaren eta bizitasunaren erakusgarri dira. Kultura, azken batean, herria eraikitzeko modurik ederrenetako bat da»
IBONE BENGOETXEAÂ Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua
Ibilbide artistikoaren saria emateko, artista baten lan eta ibilbide osoa hartzen dute aintzat. Hain zuzen ere, sari hori irabazten duena egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmentzen dute. Gaurko ekitaldian Eubari egin diote aitortza hori, euskal arte garaikidean egin duen ibilbidea «zabala eta berezia» dela argudiatuta. Epaimahaiak azpimarratu du Eubak lan pedagogikoa egiten duela belaunaldien artean jakintza transmititzeko, tailer eta hezkuntza proiektuen bidez. Artistaren lanen heterogeneotasuna nabarmendu dute, eta, horrekin batera, bere jarduera artistikoaren bitartez «egungo erregimen hiperestetikoen aurrean» begirada kritiko bat bilatzea ere bai.
Iruretagoienari eman diote sorkuntza lana aitortzen duen saria. Sari horrek artista edo artista talde batek azken urteetan arte garaikidean egindako lana saritzen du. Aurten, Arte Ederretako doktore eta EHUko irakasle horri eman diote. Batez ere eskulturagintzan jardun du Iruretagoienak. Epaimahaiak begirada «kritiko eta ikertzailez» formaren, materialtasunaren eta sinboloaren arteko tirabirak aztertu dituen proiektuaren «sendotasunari» eman dio saria, eskulturaren berrikuntzekin duen konpromisoa nabarmenduta.
Eta, azkenik, Fragari eman diote eragileek ikusizko arteen eta arte plastikoen esparruan egindako lanaren saria. Sari horrekin, kulturaren balio katearen faseak —ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa— sustatzen jardun duten pertsona edo elkarteak aitortzen dituzte. 2002an sortu zuten Belleza Infinita argitalproiektuan egindako lanarengatik eman diote saria Fragari. Epaimahaiak adierazi du egitasmo «aitzindari eta iraunkor» hori «eraldatzailea» dela. Bereziki, artista liburuaren, ikusizko saiakeraren eta poesia grafikoaren esparruan egindako lana aitortu diote. Bi hamarkada pasatxoko ibilbidean, EsetĂ© aldizkaria sortu eta zenbait erakusketa ere komisariatu ditu. Epaimahaikideek Fragaren ikuspegi sortzailea, independentzia eta jarraitutasuna aipatu dituzte.Â